euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko 'Iparraldeko Euskaldunen Taldea' asteazkenero elkartzen da Zoom bidez Patricio Legarraga koordinatzaile

2020/07/31

"Euskal pilota eta etorkinen erakundeak": taldeko topaketa-hitzaldi birtualen gai bat.
"Euskal pilota eta etorkinen erakundeak": taldeko topaketa-hitzaldi birtualen gai bat.

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Koarentenaren garaian, elkartzeko gogoak bide berriak bilatzen ditu eta gune emankor eta baliagarriak azaleratzen dira. Hori da Txileko 'Iparraldeko Euskaldunen Taldea'ren (Vascos Franceses en Chile) kasua. Iparraldeko etorkinez eta euren ondorengoez osatutako Facebook talde gisa sortu zen, Txilera etorri ziren euskaldunen aztarnak bilatzea eta euskal kulturarekin lotutako gaiak zabaltzea xede. Gaur egun bostehun bat kide ditu, Txilekoak gehienbat, baina badira Argentinakoak, Uruguaikoak eta baita Europakoak ere. Hasieran ez zegoen truke handirik taldearen barruan, eta COVID 19ko koarentenak hori aldatzeko aukera ekarri du.

Badira pare bat hilbete taldea asteazkenero Zoom bidez elkartzen dela, interesekoak izan daitezkeen euskal gaiei buruz mintzatzeko. Taldearen arduraduna Patricio Legarraga genealogia ikertzailea da, eta berak koordinatzen ditu asteazkeneko bilerak. Lehenengo ziklo honetan hainbat gai jorratu dituzte: Iparraldeko euskaldunen ekarpena Txileko aurrerabidean, Txileko Iparraldeko euskaldunak Lehen Mundu Gerran, euskal pilota eta etorkinen erakundeak, etxera itzuli ziren Iparraldeko euskaldunak, mus jokoa, euskal sukaldaritza, besteak beste. Hitzaldien edukia Facebooken weborrian dago eta azken bilerak Youtuben ere daude eskuragarri.

Harrera polita izan du topaketa-hitzaldi birtualen proposamenak, Legarraga antolatzaileak berak Euskalkultura.eus-i aitortu dionez. Gero eta jende gehiagok hartzen du parte eta Legarraga hurrengo zikloa prestatzen ari da dagoeneko, “Emakumeak eta Immigrazioa”-ri buruz. Patricio Legarraga ikertzaile nekaezina da, eta datorren urtean argitaratuko du bere “Los Vascos de Francia en Chile” liburuaren 3. edizioa. Bilduma sei liburukik osatzen dute: lehenengoa, historiari buruzkoa eta beste bostak familien genealogiaz. Liburukietako bat edo bestela ere informazioa eskuratu nahi baduzu, posta elektronikoaren bidez jar daitezke harremanetan (patricio.legarraga@gmail.com).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia