euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txibi salmenta arrakastatsua, 'Hitz Nagusiak' saioaren itzulera eta 2016erako plan finkatzea Gral Rodriguez-ko Eusko Aterpean

2016/03/31

Juan Itcea lehendakari ohiak Raul Taretto lehendakari berriari makila eskuratzen
Juan Itcea lehendakari ohiak Raul Taretto lehendakari berriari makila eskuratzen

PUBLIZITATEA

250 txibi kazola saldu zituen Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxeak azken asteburu honetako janari salmentan. Hau izan da Zuzendaritza Batzorde berriaren lehenengo ekintza. Urte osoan zehar beste hamaika proiektu ditu Raul Taretto buru duen talde sartu berriak, tartean, ‘Hitz Nagusiak’ programa berriro ere martxan jartzea.

Gral. Rodriguez, Argentina. Azken urteetako ohiturari jarraituz txibiak Bizkaiko erara prestatu zituzten Pazko ostiralean --aurten martxoaren 25a-- Eusko Aterpea Euskal Etxeko sukaldariek. Eta urtero bezala, prestatutako osoa saldu zieten janari salmenta honen zain egoten diren Gral. Rodriguezko herritarrei. Hautatu berria den euskal etxeko lehendakari Raul Tarettok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “lan handia izan da baina zorionez den-dena saldu dugu; aurten 250 kazola. Eta gehiago ere salduko genuen… Zoritxarrez batzuek beranduegi eskatzen digute eta ezin diegu eskaera bete. Baina lasai egon daitezke laster –ziur aski ekainean– beste salmenta bat egingo dugu eta”.

“Janari salmentei dagokienez –jarraitzen du Tarettok– sukaldaritza ekintza baino askoz gehiago da. Izan ere, ezinbesteko diru iturria bilakatu da euskal etxearentzat. Aurtengo helburuen artean, egoitzaren fatxada bukatu nahi dugu eta nonbaitetik aurre egin beharko diogu gastu horri. Ideia polita izan dugu gainera; fatxadak baserri itxura izango du. Baina eskatu diegu gure bazkideei ideiak emateko, estiloa denon artean aukeratzeko. Horretaz aparte, parrila ere bukatu nahi dugu”.

Batzorde berria eta 2016ko xedeak

Erakundeko estatutuak agintzen duen bezala, Ohiko Biltzar Orokorra egin zuten rodrigueztarrek Batzorde Berria hautatzeko. Bileran 2015eko Memoria eta Balantzea irakurri eta onartu zituzten. Horren ostean, agindu-makila eskuratu zion bere agintaldia bukatu zuen Juan Itceak Raul Taretto lehendakari berriari. Tarettorekin batera, lagun hauek izango dira Euskal Etxeko arduradun berriak: Sandra Oliveira (lehendakariorde) eta Gladys Ayala, Susana Echesarreta, Agustina Olaizola, Mariel Oliveira, Juan C. Echesarreta, Federico Etcheverry, Jorge Etcheverry, Angel Hygonenq, Andres Itcea, Yamil Malcervelli, Enrique Mauregui, Julio Mesa eta Carlos Sosa. “Apirilaren 2an izango dugu lehenengo bilkura eta bertan erabakiko dugu zein kargutan egongo den bakoitza”, azaldu digu Tarettok.

Batzorde berriaren xedeei buruz galdetuta, proiektu ugari aipatu ditu lehendakariak: Euskal Etxearen urteurrena (abuztuan) eta Euskara Eguna-urte amaierako jaia antolatuko dituzte; inguruko euskal etxeen ospakizunetara bertaratuko dira; liburutegia informatizatuko dute, euskara klaseak ekainean hasiko eta Zine Zikloak ere izango du denboraldi berri bat Gral. Rodriguezen, Carlos Gabilondoren eskutik. Horretaz aparte, ‘Etxeko Eguna’ jarriko du berriro martxan Batzorde berriak. “Egun horretan, kide eta lagunak datoz mantentze lanak egitera; hau da, gauzak margotu, konpondu edota hobetzeko”.

Baina dudarik gabe, aurten berreskuratuko den proposamen garrantzitsuenetako bat ‘Hitz Nagusiak’ izeneko programa da. Saio honetan edadeko jendea gonbidatzen dute Euskal Etxeko kideek bakoitzak bere buruaren berri eman eta bere bizitzaren lekukotasuna eman dezan. “Hizketan gaude herriko telebistako kate batekin eta dena ondo ateratzen bada, teknologia hobearekin egingo ditugu grabaketak; gainera izen handiko jendea ere ekarriko dugu, hau da, artista eta politikari ezagunak nazio mailan. Asmoa da ekainean hastea” jakinarazi digu Taretto presidenteak. “Azpimarratu nahi dut, gainera, FEVAri ‘Hitz Nagusiak’ programaren ehun elkarrizketa eman dizkiogula Memoria Bizia programarako” adierazi digu harro Tarettok.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia