euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tres Arroyosko Hiru Errekak "teilatutu" du eraikitzen ari den bere egoitza, eta "porlan zakuekin" laguntzea eskatu du

2025/07/04

Irudietan, Hiru Errekako fundatzaile eta lehen lehendakari izan zen Mª Teresa Urdampilleta (behean eskuinean, dantzari gaztetxo batekin), EEko bazkideak eta euskal egoitza eraikitzen ari diren langileak “teilatutze errekia” partekatzen
Irudietan, Hiru Errekako fundatzaile eta lehen lehendakari izan zen Mª Teresa Urdampilleta (behean eskuinean, dantzari gaztetxo batekin), EEko bazkideak eta euskal egoitza eraikitzen ari diren langileak “teilatutze errekia” partekatzen

PUBLIZITATEA

Tres Arroyos, Argentina. Argentinan, eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan, oso errotua dagoen ohitura da eraikitzen ari zaren etxearen teilatu estaldura amaitzean erreki bat partekatuz ospatzea, jai giroan bilduz langileak eta obra manatu dutenak. "Teilatutze errekia" eraikuntzaren munduko errito bat da, obraren aurrerapena ospatzeko eta hura gauzatu dutenei eskerrak emateko modu bat. Urrats garrantzitsu bat izan ohi da gero etxearen aterpean luzaz biziko direnentzat. Eta halaxe gertatu zitzaien joan berria den hilean Tres Arroyoseko Hiru Erreka euskal etxeko lagunei ere; izan ere, euskal etxearen areto nagusia izango denaren teilatua amaitu izana ospatu baitzuten.

Zeure egoitza izango den etxea eraikitzea erronka handia baita, denboran luzatu daitekeena, urtero ekonomiaren egoeran menpeko urratsetan. Tres Arroyosen, euskal kultura zabaltze lanetan 25 urte eman ondoren, etxe propioaren ametsa hasia da tankera hartzen. Fase honetan, proiektuak aurreikusten du 110 lagunentzako areto bat, komunak, sukalde zabala, liburutegia —bilera-gela ere izango dena—, biltegi izango den gelatxo bat, eta gune erdiestali bat, sutegia eta erretegia kokatzeko. Ideiak argi, baina baliabideak urri, baina horrek ez ditu planak bazterreratzen, epeka eta apurka, baina Hiru Errekaren egoitza beti ari da aurrera, etapaka.

 
Irudi digitala: Tres Arroyosko Hiru Erreka Euskal Etxearen egoitzak honako itxura izango du bukatuta

Ale bakarrak ez du aletegia egiten...

Euskal etxeko bazkide, auzokide eta lagunak, eta baita lagunen lagunak ere, bakoitza bere 'hondar aletxoa" ari da jartzen edo, hobe esanda, bere "zementu-zakua', eraikuntzak aurrera egin dezan. "Apirilean hiriko Mulazzi Museoan antolatutako hitzaldi batera joan ginen. Herriko Juan Bautista Istilart filantropoaren figura izan zuten hizpide, eta harek sortu zituen elkarteetan eta egindako obra kopuru ikaragarrian nola lortu zuen bizilagunen lankidetza eta inplikazioa. Hitzaldi hura inspirazio iturri gertatu zitzaigun oraingo dohaintza kanpaina abiatzeko", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Hiru Errekako erreferente Myrian Hojbjerg Izurietak.

Lagundu nahi duenak ez dauka gutxieneko kopururik, baina erreferentzia gisa, zementu-zaku baten prezioa hartu dugu, 12.000 bat peso [gaur, 8,28 bat euro]. Euskal Etxearen egoitzaren eraikuntzan lagundu nahi duenak, dirua Banco Provincia-ko kontuan sar dezake, HIRU.ERREKA.SOCIO aliasa erabiliz. Kontua Hiru Errekako lehendakari Horacio B. Jaureguibehere eta Oscar A. Souto bazkidearen izenean dago; biak Hiru Errekaren egoitza eraikitzeko proiektu Azpibatzordeko kideak dira.

Zorionak urrats berriagatik, eta aurrera, Hiru Erreka!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia