euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-ek bere 25. urteurrena ospatuko du: urtebetetze jaia, omenaldia eta festibala kalean

2023/04/21

25 urte betetzear dagoen Euskal Sustraiak-en hitzordu famatuenetako bat Urdaiazpikoaren Azoka da. Zorionak zure urtebetetzean, Trenque Lauquen!
25 urte betetzear dagoen Euskal Sustraiak-en hitzordu famatuenetako bat Urdaiazpikoaren Azoka da. Zorionak zure urtebetetzean, Trenque Lauquen!

PUBLIZITATEA

Trenque Lauquen, Argentina. Egun gutxiren buruan, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak elkarteak 25 urte beteko ditu eta asteburu osoko festa jendetsu bat ari da antolatzen maiatzaren 13 eta 14an. Larunbatean afaria izango du ardatz, euskal dantzak, zozketak eta gaua girotuko duen DJa eskainiko dituzte. Igandean, herri osoari begirako ekitaldi berezi bat prestatu dute eta omenaldia egingo diete duela mende laurden bat Euskal Etxea fundatu zutenei.

Trenque Lauquengo euskal presentzia berez herriaren sorreraren garaikoa bada ere, euskal jatorria dutenek euren kultura landu eta geroratzeko biltokia izatearen ideia ez da hain zaharra. Proiektua gorpuzten hasi zirenean, auzoko Macachin eta Pehuajoko Euskal Etxeak lagun, hainbat bilera egin zituzten. Azkenik, 1998ko maiatzaren 15ean, euskal jatorriko 75 herritar bildu ziren hiriko argindar kooperatibaren lokalean eta Euskal Sustraiak Euskal Etxearen lehenengo zuzendaritza batzordea osatu zuten ofizialki.

Omenaldia fundatzaileei eta festibala kalean

Mende laurdena joan da geroztik, eta ospatzeko afari-elkarretaratze handi bat egingo dute maiatzaren 13an, larunbatean. Zozketak, brindisa, musika eta dantza egongo dira, eta igandean, maiatzaren 14an, Euskal Etxeko Orellana kalea moztuko dute, bazkide sortzaileei omenaldia egiteko. Batzuk bertan, eta jada ez daudenen kasuan ondorengoen bidez, eta zilarrezko ezteiak gogoratzeko plaka bat inauguratuko dute. Udal agintariak bertaratuko dira zorionak emateko eta 25. urteurreneko ekitaldiak Legebiltzarraren Interesekotzat jotzen dituen agiria emateko.

Programak jarraituko du Abril Velazcok zuzentzen duen Euskal Etxeko dantza taldeak abiatuko duen ikuskizunarekin. Trenque Lauquengo zenbait artista lokalek ere bat egin eta aurkeztuko dira, eta emanaldia amaitu ondoren, bertaratutakoak Euskal Etxearen egoitza bisitatzera gonbidatuko dituzte, hantxe antolatutako euskal jantzi tipikoen eta baserrietako irudien erakusketa ikustera. Arratsaldeari amaiera emateko plater tipiko batzuk, pintxoak eta euskal pastela eskainiko dira dastagai.

Gonbitea komunitateari

“Harro gaude erakunde honen aurrealdean egoteaz eta zilarrezko ezteiak ospatzeaz. Oso pozik sentiarazten nau gure euskal sustraiei eutsi eta gainetako herritarrekin partekatzeak, gure kultura mantentzen jarraitzeak eta belaunaldi berriri transmititu ahal izateak, eta gonbidapena luzatzen diot komunitate osoari, batez ere gazteei, hori egiten jarrai dezaten», aitortu dio hunkiturik EuskalKultura.eus-i. Euskal Sustraiak-eko lehendakari Susana Echaidek.

Urte askoan Euskal Sustraiak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia