euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxeko urteko ekintzen programa abian, Unibertsitateko ikasleei begirako euskara klaseak barne

2016/03/04

Tandilgo Euskal Etxearen euskara eskolen iragarkia
Tandilgo Euskal Etxearen euskara eskolen iragarkia

PUBLIZITATEA

Martxoan sartuta, nagiak astintzen ari da Argentinako euskal diaspora eta euskal etxeak hasi dira urtean zehar garatuko dituzten aktibitateak zabaltzen. Tandilgo Gure Etxearen kasuan, aste honetan ekin diote mugimenduari, abesbatzaren entseguekin. Datorren astean euskara klaseak abiaraziko dira eta apirilean dantzarenak. Nobedadeen artean, euskara Unibertsitatera bueltatuko dela, Euskal Etxeko irakasleen eskutik.

Tandil, Argentina. Kultur eskaintza anitza du aurten ere Gure Etxea Euskal Etxeak, euskal ondarea komunitatearekin partekatzeko. Ekintzen programaren barruan euskara klaseek leku berezia dute. Izan ere, bost talde irekiko dira aurten, honako ordutegi hauekin:

Euskara I, A Taldea, astearteetan, 16:30etatik 18:30etara.
Euskara I, B Taldea, asteazkenetan, 19etatik 21etara.
Euskara II, astearteetan, 18:30etatik 20:30etara.
Euskara III eta IV, ordutegiak oraindik ez daude finkatuta, ikasleen aukeren arabera jarriko baitira.

Euskara klaseak datorren astean hasiko dira, Ines Olazabal eta Beatriz Poume irakasleen eskutik.

Euskararekin lotuta, Euskal Etxetik jakinarazten dute 2011an bezala Universidad Nacional del Centro de la Provincia de Buenos Aires delakoko Hizkuntzen Departamentuan ere eskainiko dutela oinarrizko ikastaro bat Euskal Etxeko irakasle diren Maria Valeria Aramburuk eta Ines Olazabalek. Eskolak astean bitan izango dira, astelehenetan eta asteazkenetan 18etatik 19:30etara, Ernesto Sábato Eskolako instalazioetan. Gogora dezagun 2011an sinatu zutela Euskal Etxeak eta Unibertsitateak lehenengo hitzarmena euskara Unibertsitatera iriste aldera.

Gure Abestiak

Gure Abestiak du izena Gure Etxeko jardunbide handiko abesbatzak. Martin Tumbarino zuzendari, euskal gizataldeak antolatutako ekitaldietan ez ezik, Tandilgo eta kanpoko hainbat kantalditan aurkezten da taldea. Gure Abestiak abesbatzak astelehenetan eta ostegunetan entseatzen du, 20etatik 21:30etara eta aurtengo helburuetako bat Necocheako Euskal Astean kantatzea izango da.

Euskal Dantzak

Dantzak eta dantzariak ere zutabe sendo dira Gure Etxean; hori dela eta oso garrantzitsua da haztegia sortzea. Txikien eskolak larunbatetan izango dira, apirilaren 9an hasita, eta dantzak ez ezik euskara ere ikasiko dute neska-mutilek. Gazte eta helduen taldearen ordutegia baieztatzeke dago. Klaseez gain, dantzari topaketak ere antolatuko dituzte gazteek urtean zehar, Barbara Azpiriz zuzendari.

Informazio honekin batera, Euskal Etxetik jakinarazten dute egoitzako pilotalekua irekita dagoela bai kide bai interesa duten guztientzat. Bertako aktibitateei buruzko informazioa eskuratzeko, euskal etxera jo behar da.

Gure Etxea Euskal Etxea Sarmiento kaleko 1079. zenbakian dago. Kontsultak, 0249 442 2800 telefonora edota gureetxea@speedy.com helbide elektronikora egin daitezke. Facebook-en ere dago Euskal Etxea, Centro Vasco Gure Etxea Tandil izenpean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia