euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladilloko Carlos Zarragoicoechea 55 ordu eta 4 minutuz ibili da bizikleta gainean, bertako errekorra hautsiz

2017/09/21

Carlos "Caia" Zarragoicoechea, marka berriaren jabea
Carlos "Caia" Zarragoicoechea, marka berriaren jabea

PUBLIZITATEA

Berri ugari iritsi zaizkigu azken egun hauetan Saladillo hiriko Itxaropen Euskal Etxetik. Auzoko eskola bateko ikasleen bisita, Euskal Zine Zikloaren saio berriak, Loiolako San Inazioren irudiaren tronuratzea... Baina bitxiena, dudarik gabe, herriko errekor bati dago lotuta. Carlos "Caia" Zarragoicoechea 55 ordu baino gehiago ibili da bizikleta gainean Saladilloko plaza nagusiaren inguruan eta 1977. urtean ezarritako marka bat hautsi ahal izan du.

Saladillo, Argentina. Euskal kolektibitateak eta oro har hiriko komunitate osoak ospatu du joan den igandean Saladillon Carlos "Caia" Zarragoicoechea saladillotarrak lortutako marka. Erronka irailaren 15ean hasi zen, goizeko 10ak pasata, Zarragoicoechea pedalei eragiten hasi zenean. Helburua beste saladillotar batek, Carlos Gianonnik, 1977an ezarritako marka gainditzea zen. Horretarako, Zarragoicoecheak hiru egunez jarraian, zehatzago esanda 55 ordu baino gehiagotan, ibili behar izan zuen bere txirrinduan gelditu eta lurra ukitu gabe.

Proba Saladilloko plaza nagusiaren inguruan egin zen eta hamaika buelta eman zizkion txirrindulariak egunez zein gauez. Ez zuen, ordea, bakarrik egin; hiri osoak lagundu zion erronka honetan, bereziki Itxaropen Euskal Etxeko bere lagunek. Irailaren 17an, arratsaldeko 17:14etan –hau da, hasi zenetik 55 ordu eta 4 minutu geroago– bukatu zuen erronka. Itxaropen Euskal Etxeko kideak, hiriko alkateJose Luis Salomon eta Carlos Gianonni bera zeuden txapeldunaren zain berarekin batera ospatzeko.

Ateak irekita

Izan ere, herritarrei begirako hainbat ekintza antolatzen eta burutzen ditu Itxaropen Euskal Etxeak urtean zehar. Adin guztietako herritarrak aintzakotzat harturik. Hori dela eta urtero jasotzen du eskolaren bateko ikasleen bisita. Aste honetan 904. zenbakidun haurtzaindegiko umeak bertaratu ziren Euskal Etxera lekua ezagutu eta euskal kulturaz zertxobait gehiago ikastearren. Irakasleak lagun, Euskal Herriko ikur adierazgarrienei buruz mintzatu zitaizkien Itxaropena-ko kideek.

Komunitateari zuzendutako beste ekintzen artean, Euskal Zine Zikloa aipatu behar da. Carlos Gabilondoren ardurapean, zikloaren laugarren emanaldia abuztuaren 25ean izan zen eta proiektatutako pelikula, Asier eta Biok. Hurrengo hitzordua urriaren 20an izango da, beti ere sarrera libre eta doan.

Uztailean, ostera, bi urteurren ospatu zituzten Itxaropen Euskal Etxeko lagunek: hiriaren 154.a eta Euskal Etxearen 19.a. Karia horretara San Inazio eguneko festan Gipuzkoako patroiaren irudi bat tronuratu zuen Euskal Etxean. Itxaropen-eko erreferente den Silvina Bordenavek Euskalkultura.com-i azaldu duenez, “etxeko lagun batzuek ekarri zuten irudia iaz Loiolatik. Zeremonian, herriko apaizak, Jose Luis Salomon alkateak eta euskal etxeko kideek hartu zuten parte”. Bazkaria ere partekatu zuten eta osatu berria den dantza taldeak dantzatu zuen, lehen aldiz, jai batean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia