euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rauch-eko Gure Txokoa Euskal Etxeak euskal erakusketa egin du Egaña Geltokiko San Francisco Gazteluan

2015/06/11

Gure Txokoa-k antolatutako Euskal Erakustaldia Egañako San Francisco Gazteluan (argazkia EE)
Gure Txokoa-k antolatutako Euskal Erakustaldia Egañako San Francisco Gazteluan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Udaleko Turismo Zuzendaritzak eta San Francisco Gazteluaren Babes Batzordeak gonbidaturik, euskal erakustaldi bat gauzatu dute Rauch-eko Gure Txokoa-ko lagunek. Bi asteburutan zehar luzatutako jarduerak argazkiak, jantzi tradizionalak eta Euskal Herriari buruzko informazioa partekatu du euskal etxeak bere komunitatearekin. 

Rauch, Argentina. Ez-ohiko ekitaldia antolatua du Egaña Geltokiko San Francisco Gazteluan Buenos Aires probintzia barnealdeko Gure Txoko Euskal Etxeak. Erakundeko kideek, euskal baserri, musika tresna, lanbide eta Euskal Herriko hainbat hiritako egungo irudiak hautatu eta jarri zituzten ikusgai bi igandetan zehar, apirileko azkenekoan eta maiatzaren bigarrengoan hain zuzen, guztia Euskal Herriaren erakusgarri. Argazki bildumarekin batera, euskal jantzi tradizionalak ere erakutsi zituzten San Francisco Gazteluan.

Publikoari harrerarik egokiena eman ahal izateko, bisita gidatuak antolatu zituen euskal etxeak, erakusgai jarrita zeuden objektuei buruzko azalpenak eskaintzeko. Lan hori etxeko kide den Silvia Conteren esku egon zen eta azalpenak arreta handiz jarraitu zituzten bisitariek.

“Oso harreman estua daukagu Turismo eta Kultur Zuzendaritzarekin eta beti gonbidatzen gaituzte hiriko ekitaldietan parte hartzera. Eta gu joaten gara, noski, euskal gizataldea ordezkatzera", azaldu dio Silvia Conti berak EuskalKultura.com-i. "Aukera baliatuz, esker beroak luzatu nahi dizkiegu eurei eta baita ere San Francisco Gazteluaren Babes Batzordeari erakusketa bertan antolatu ahal izateagatik”.

Esku artean daukaten ekimenaz galdetuta, bazkideen urteroko afaria ari direla antolatzen, esan digu Silvia Contek, seguruenik uztailean, Sanferminetako elkarretaratzearekin batera egingo dutela.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia