euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Ricoko Euskal Etxeak Lasaga, Arrieta eta Mallona gotzaina galdu ditu; aurten ere joanak dira Errasti, Chasco...

2021/05/13

Rubén Arrieta Vila eta Jesus Lasaga Belategi Euskal Gizataldeen III. Mundu-Batzarrean Gasteizen (arg Beñat Doxandabatz-Euskonews)
Rubén Arrieta Vila eta Jesus Lasaga Belategi Euskal Gizataldeen III. Mundu-Batzarrean Gasteizen (arg Beñat Doxandabatz-Euskonews)

PUBLIZITATEA

J. E. / Donostia-San Sebastian. Maiatzaren 3an hil da Puerto Ricon Iñaki Mallona Areciboko (Puerto Rico) apezpiku emeritua. Fruiztarra zen, orain hogei bat urte Estatu Batuetan Bizkaitik bertako euskal komunitateak bisitatzera joana ezagutu genuen bere apezpikukide Karmelo Etxenagusia bezala. "Obispo Iñaki" (gotzain Iñaki, honela deitzen zuten ingurukoek) sorreratik zen Puerto Ricoko Euskal Etxeko kide, sekula ez agertu arren. Jesus Lasaga aramaioarrak bazkidetu zuen. Lasaga, EEko bazkide fundatzaile izateaz gain, 1995etik 2005era izan zen elkarteko lehendakari. Albiste hau ilustratzen duen argazkiak, EEko lehendakariorde Ruben Arrietarekin --Iruritako baztandarren biloba berau-- erakusten du Lasaga 2003an Gasteizen, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen III. Mundu Batzarrean. Gure 'Oroimenean' sailak islatzen duenez, Lasaga eta Arrieta 2021eko martxoaren 4an eta martxoaren 28an hil dira hurrenez hurren.

Telefonoz komentatu dizkigu berri tristeak 2005ean Euskal Etxeko lehendakaritzaren lekukoa Jesus Lasagaren eskuetatik jaso zuen Eduardo Cifuentes Gros-Atotxako donostiarrak. Esan daiteke, egun pandemiak areagotuta, bere ordurik onenak bizi ez dituen Vascos en Puerto Rico Euskal Etxeak ez duela batere hobetu sorreratik nabaria zuen bere arazo nagusiena: gazterik eza, txanda hartuko dion belaunaldirik eza, Miel Elustondoren luma fede-emaile.

Karibeko frantziskotarrak

Jesus Lasaga bezala aramaioarra zen eta Puerto Ricon ibili zen baita ere, Kubatik pasa ondoren, Mariano Errasti frantziskotarra, kazetari, poeta eta historialari emankorra; zientoka artikulu eta beste askoren artean honako liburuen egile: 'El otro Caribe', 'América Franciscana' bi liburukitan, 'Los primeros franciscanos en América...", "Los Franciscanos en Puerto Rico", "Las cofradías americanas de la Virgen de Arantzazu...", "Memorias y cartas de un fraile indiano", "Arantzazu berrian bidean gora"...

2018an euskalerriratu aurretik Karibean --Kuban, Puerto Ricon eta Dominikar Errepublikan-- orotara 65 bat urte bizi izan zen Mariano Errasti ere aurten hil da, otsailaren 5ean. Eta Miel Elustondok Berriatik ongi adierazten zigunez, "egun batzuk lehenago, urtarrilaren 20an, (Karibeko beste euskaldun bat), Pedro Angel Garcia Chasco (zendu zen), hura bezain frantziskotarra hau, fraideen Bermeoko etxean biak, zein baino zein gozo eta bakeagoan".

Bakotza bere erara, guztiak Euskal Herria lagun ibili dira, Euskal Herria izan dira Karibean. Gogoan beude.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia