euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paraná-ko 'Presencia Vasca' irratsaioak gogora ekarri zuen Pello Mari Irujo, hau jaio zela 100 urte bete direnean

2010/02/26

Pello Mari edo Pedro Mari Irujo (argazkia Egun Urtekaria 1983-Euskomedia)
Pello Mari edo Pedro Mari Irujo (argazkia Egun Urtekaria 1983-Euskomedia)

PUBLIZITATEA

Argentinako Entre Ríos probintziako Paraná hiriburutik astero aireratzen den 'Presencia Vasca' irratsaioak gogora ekarri du joan den asteburuko saioan Pello Mari Irujo, asteartean, otsailaren 23an, ehun urte bete baitira Lizarran jaio zela. Urtebetetze hori dela-eta, irratsaioko historia gaiei buruzko iruzkingile Mikel Ezkerrok lagun izan zuen Pello Mariren oroitzapen berezia eta haren bizitzaren ibilbide kontaketa hunkigarria egin zuen. Irujoren aita, Daniel Irujo, Sabino Aranaren abokatu izan zen; bere anaia Manuel, foru diputatu, parlamentari eta Justizia ministro Madrilen; Andres, zinez aktiboa euskaltzale gisa, Buenos Airesko Ekin Euskal Argitaletxeko sortzaile. Hona Ezkerrok esandakoaren laburpena, Paranátik 'Presencia Vasca'k igorria.

Paraná, Argentina. Pedro Mari Irujo 1935ean graduatu zen abokatu Madrilen. Lanbidea bere sorterrian betetzera zihoala, altxamendu militar frankistak bere bizitzaren norabidea betiko aldatu zuen. Parteidatza aktiboa izan zuen Donostian Eusko Alderdi Jeltzalearen Errepublikaren aldeko jarrera hartzean.

Gerra Zibila hasita jardun gizatiarretan parte hartu zuen, baina 1936ko irailaren 13an --ezarritako misio bat betetzen ari zela-- itsasoan frankistek harrapatu zuten. "Identifika zezaten ekiditeko eraztun bat bota zuen orduan itsasora, bere inizialak baitzituen; atsekave handiz kontatzen zuen pasadizoa zen hau", ekarri zuen gogora Ezkerrok.

Azkenean eta berehala heriotz zigorra ezarri zioten. Hiru urtez egon zen zigorra betetzeko mehatxua gainean. Bere bizitzaren aldeko eskabideak Europako iritzi publikoa mugiarazi zuen, baina baita argentinarra ere: parlamentariak eta Ortiz presidenteak berak telegramak bidali zizkioten Francori Irujoren bizitzaren alde.

"Hondarrean, bertan behera utzi zuten heriotz zigorra, 1939ko azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean, Musikaren patroiaren egunean. Urtero ospatzen zuen kopatxo bat hartuz, bere jaiotzaren bigarren data zela esaten baitzuen", oroitu zuen Ezkerrok.

Erresistentzia gizona

Beste hiru urtez espetxean egon ondoren, 1942an giltzapetik atera zen. Cuencan bizi izan zen, behin posta tarketa bat iritsi zitzaion arte berak oso ondo ezagutu zuen idazkera batez esanez 'Pedro Mari, baltsa dantzatzera gonbidatzen zaitut'. Oso ondo ulertu zuen mezua, EAJko buruzagi zen Juan Ajuriagerrak igorria, haren usaimen politikoak Irujotarren gazteena deitzera bultzatu baitzuen, nahiz eta bazekien alderdikide ez zuela.

Honela iritsi zen Euskal Erresistentziako nagusia izatera Madrilen, berak hainbeste miresten zuen Pio Barojaren eleberriren bateko ekintza epiko egokiak izan zitezkeenak eginez. Bere esanetara aritu zen, besteak beste, geroago hizkuntzalari handia izango zen Koldo Mitxelena.

"Sekula santan atxilotu ez zuten erresistentziako buruzagi bakarra izan zen. Neroni elkarrizketa bateko lekuko izan nintzen Buenos Airesko Ekin Argitaletxean non bere anaia Manuelek homo resistentis deitu zion, erresistentziako gizona, halakorik bada", azaldu zuen irratsaioko tartean Ezkerrok.

Erbestera atera behar izan zuen, 1950ean Argentinara helduz. Argitaldari eta kazetari lanetan ibili zen, baita ere Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) Eusko Lurra (Tierra Vasca) hilabetekaria berriro kaleratzen.

"Une gazi eta gozotako lagun izan ninduen, lankide, Euskal Herriko egoerako xehetasunak kontatzen zituzten zientoka gutun zabaltzen. Bera zen Argentinan Euskadin pasatzen zen guztiaren berri zeukan lau pertsonetako bat. Orain esan daitezke euren izenak: Pedro de Basaldua, Andoni de Astigarraga, Andres María de Irujo eta Pello Mari de Irujo”, aipatu zuen Mikel Ezkerrok.

Iruzkingileak azpimarratu zuen Eusko Lurran ideologia guztietako luma onenek idatzi zutela, "batere zentsurarik gabe Pedro Mariren aldetik, berarentzat ez baitzuten balio beste batzuk itsuan segitu zuten isiltzeko kontsignek. Bere lagunak hautatzen zituen, eta bazekien haiek gogor defenditzen", kontatu zuen.

Urtetan --1960tik 1975era bitartean--, Ezkerro urteko egun guztietan bildu zen Pello Marirekin, gehienetan bizi zen koadrako taberna batean, patuak hala erabakia 'Los leones' izenekoa.

"Ez dakit aste honetan inor gogoratuko ote den Pedro Marirz, bere jaiotza agunaren mendeurrena dela-eta. Baina gaur 'Presencia Vasca'n euskal abertzale handi baten gomuta ekarri dugu, nafarra eta birritan euskalduna, erresistentziazalea, bihotzeko eta arimako lagun bat. Pello Mari, edonon zaudela ere, zeure zapia lepoan, zigarreta behatz artean kontsumitzen, batere zurigunerik ez zeukaten orriekin, mundu osora iristen zen Eusko Lurra harekin, Pello Mari Irujo, lagun hori, edozein momentura arte", esan zien Ezkerrok entzuleei, hunkidura eutsiezinez.

Pedro Maria Irujo 1983ko otsailaren 24an hil zen Iruñean, Mikel Ezkerrok --azkenekoz-- bisita egin eta egun batzuetara.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia