euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzero Kanadan: euskal ikazkina Zoom bidez elkartu da British Columbiako Zazpiak Bat Euskal Etxeko haurrekin

2020/12/29

British Columbiako haurrak, ilusioz beterik Olentzerorekin solasean, aurten Zoom bidez
British Columbiako haurrak, ilusioz beterik Olentzerorekin solasean, aurten Zoom bidez

PUBLIZITATEA

Vancouver, Kanada. Koronabirusak baldintzatutako urte honetan, Olentzerok ere moldatu egin behar izan ditu aspalditik finkatutako ohiturak urtero euskal etxeetako haurrekin dauzkan hitzorduei eutsi ahal izateko. Halaxe gertatu da Kanadako British Columbia probintzian, aurten urteroko ilusio berberez etorri baita gazte eta helduak bisitatzera, baina, osasun neurriei zorrotz begiratuz, Eta Zoom bidez egin du, baina hala ere haurrekin Eguberri kantak kantatuz eta opariak banatuz, bakoitza bere etxetik parte hartu duten haur eta familiekin.

Giroa berotzeko, Vancouver-ko La Source egunkari frantsesak artikulua argitaratu zuen abenduaren 8an «Zorionak eta urte berri on» : La communauté basque de Vancouver fête Noël ("Zorionak eta urte berri on": la comunidad vasca de Vancouver celebra la Navidad) izenburupean, Euskal Etxeko Julia Etchart lehendakaria, bere aitona Mike Etchart (Olentzero) eta Joseba Kamio kideak elkarrizketatuz eta azalduz nola bizi eta ospatzen duten British Columbiako euskaldunek euskal tradizioko Eguberria.

Elkarretaratzea Olentzerorekin Eguberri aurreko asteburuan egin zuten eta horretan --ohi bezala-- gogor lan egin zuten Zazpiak Bat-eko Zuzendaritza Batzordeko kide diren Julia Etchart-ek (lehendakaria), Elena Sommer (lehendakariordea), Mike Etchart (zuzendaria), Marina Heidt (webguneko administratzailea), Joseba Kamio (webguneko administratzaile kidea) eta Gorka Irigoien-ek (hizkuntza zuzendaria), Miguel Hernandez-ekin batera (teknika lanetan eta bideoa taxutzen).

Haur eta familien artean partaide izan ziren besteak beste Julia Etchart eta bere semeak Nicolás eta Mikel; Tina Etchart eta bere seme-alaba Emily, Matteo, Miguel eta Maite; Marina (Hernandez) Heidt eta bere umeak Alexis, Amaia eta Amelie; Toni and Dennis Hume, eta Ben Hume; Elena Sommer; Toby eta Mercedes Maritorena, eta Isabel Maritorena; Edurne Berastegi eta bere haurrak Anne eta Nikole, beste bost bat familiekin (barkatu inor ahaztu badugu).

Eskerrik asko handi bat guztiei. Hona Olentzeroren bisita osoaren bideoa, Eguberri kantak eta guzti:


Olentzeroren lagun ona de Mike Etchart baztandarra (bideoa, 22' 37'')

-British Columbiako Zazpiak Bat Euskal Etxearen webgunea: https://bcbasque.com
-Euskal Etxearen Facebooka: www.facebook.com/BCBASQUE



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia