euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nola euskal dantzak tradizio bilakatu ziren Venezuelako Carora-n eta aita Jesus Zuazua lizarratarraren marka

2021/08/05

Artikulu honetan Carorako euskal dantzariak eta aita Zuazua aipatzen ditugu gehienbat, bera Carorako nafar eskolapioetako bat izan zen
Artikulu honetan Carorako euskal dantzariak eta aita Zuazua aipatzen ditugu gehienbat, bera Carorako nafar eskolapioetako bat izan zen

PUBLIZITATEA

Carora, Venezuela. Hariari tiraka, euskal dantzetatik hasi eta Nafarroatik Venezuelara iritsitako Eskolapioen historiarekin topatu gara. Izan ere, duela hilabete batzuk irakurri genuen prentsan apezpiku berria izan dutela aurten Venezuelako Carora herrian, Lara estatuan, eta bertara iritsita omenalditxo bat egin ziola hiriko Kristo Errege Eskolak, "euskal dantzak dantzatuz". Caroran, Caracasetik errepidez 467 kilometrora, Barquisimeto eta Maracaibo artean. Euskal dantzak Caroran? Venezuelako lagunei idatzi genien galdezka. EuskalKultura.eus-en gustukoa baitugu ikertzea.

Erantzuna, edo informazioan urrats berri bat, euskal-venezuelar komunitatearen Jazoera hilabetekariko arduradun Pedro Javier Arriaga Aguirrek helarazi zigun Caracasetik; hariaren bestaldetik kontatu zigun, baina Jazoerako artikulu batean ere aipatuz. Batetik eta bestetik jakin dugunez, 1950-51etik gaurdaino lokarri berezia dago Euskal Herriaren eta Caroraren artean, Eskolapioak ardatz. Izan ere, 1950ean eskabide bat bidali zioten Boconó-tik, Trujillo estatu venezuelatarretik, apaizak eskatuz Eskolapioen 'Vasconia' probintziari.

Emaitza bezala, aita Nagore unx sanmartindarra iritsi zen 1950ean Venezuelara eskabidearen egokitasuna aztertzera. Boconó-n egonaldi labur bat egin eta ezezkoa iritzi zion. Venezuelan segitu zuen aita Nagorek eta Barquisimetoko apezpikua ezagutu zuen. Eta honek eskatu zion, eta aski sostengu eman, Caroran etxe bat sortzeko. Vasconiako Probintzialaren onespena lortu ondoren, hirian dagoeneko zegoen Kristo Errege eskola beren gain hartuko dute, eta kapelautzak sortuko. 1951a da eta honela ezarriko dira lehenengo Eskolapioak Venezuelan, Caroran.


Carorako lehenengo komunitate eskolapioa (irudia "De Carora para el mundo" bloga)

Aita Nagorerekin bat egiteko 1951ean lau eskolapio abiatuko dira abuztu hasieran Bilbotik ontziz: Constantino Garisoain beteranoa eta hiru gazte: Ignacio Morrás eta Jesus Vides apaizak eta geroago apaiztuko zen Alfonso Olazabal anaia. Aita Nagore atera zitzaien bila La Guairara. Caroran sekulako harrera egin zieten, eta egun batzuk geroago abiatu zen Eskolapioen Venezuelako lehenengo Ikastetxea, 109 ikaslerekin (egun 800tik gora ditu). Hurrengo urteetan, eskolapio gehiago joango dira heltzen, tartean 1956ko urriaren 1ean, aita Jesus Zuazua, 31 urte zituela.


Aita Jesus Zuazua iritsi berritan Carorara 31 urte zituela (irudia https://centroamericaribeschp.com)

Lizarran jaioa zen Jesus Zuazua Garcia 1925eko abuztuaren 16an. 1948an apaiztu eta lehenengo meza sorterrian, Puyko Amaren Santutegian eman zuen. Iruñetik eta Bilbotik pasa ondoren 1956an Carorara bidaliko dute, eta bertan pasatuko du bizitza osoa, hiru tarte salbu, Caracasen (1959-1960), Lizarran (1968-69) eta Iruñean (1998-1999). Caroran erein zuen hazi berezi bat, euskal dantzena izan zen, bateko eta besteko euskal aireak lagun bere sorterriko dantzak irakatsi baitzizkien ikasleei lau hamarkadez, egun eskolako eta bertako tradizio finkatuko eta identitateko parte diren dantzak.


Eskolapioak eta Carorako Kristo Errege eskolak 60 urte betetzean egindako bideoa
2' 14" aita Zuazuaren aipamena eta 3' 54"n euskal dantzak "36 años de Orgullo y Tradición"

Aita Zuazuaren berri dakarkigu ongi ezagutu zuen aita Jose Fidel Unanue Pagolak, bera ere eskolapio nafarra, Eraul-Deierrikoa. Bere hitzetan "Aita Jesus Zuazua legenda da Caroran, proiekzioz Lara Estatuan, eta begirunez ikusia Venezuela osoan", "lehenengo eta behin irakasle gisa zeukan karitateagatik, bere klaseen finezia eta detailarengatik, eta Jesus Irakaslearen figura hezurmamitzeagatik; baina modu berezi batean, baita ere bertan txertatu zituen 'Euskal Dantzen'gatik. Haurrak bizi diren herrien balore, geografia eta historiarekiko konpromiso-kultura izateagatik".


Carorako euskal dantzariak: bertakotu eta bertara moldatutako euskal dantzak ere tradizio
(irudia "De Carora para el mundo" bloga)

"Pertsona ordenatu eta fidela, hunkigarri eta sentibera, oso maiteak zeuzkan bere sustraiak eta era berean oso zentratua sentitzen zen bere aberri berrian. Bozkario handienak familiatik zetozkion, harro baitzegoen euretaz, maitasunez eta batasunez bere etxekoekiko, bai Euskal Herriaz, erroengatik harekin identifikatua geografiaz eta edertasunaz; eta Caroraz, adopzioz bere herria zuenaz", dio Unanuek.


Omenaldi hunkigarri eta jendetsua egin zioten aita Jesus Zuazuari 2016an, ia 91 urte zituela
40 urte bete ziren orduan euskal dantzak irakasten hasi zela, 1976an, Franco hil ostean

(irudia "De Carora para el mundo" bloga)

Bizitza oparoa izan ostean, bertan 60 urte eginik instituzio bilakatuta Caroran, aita Jesus Zuazua 2016ko irailaren 1ean hil zen, 91 urte zituela, eta bizitza osoan lagun izan zuen ikurrina hilkutxaren gainean eman zioten azken agurra. Maitatua izan zen oso eta, besteak beste, berak hamarkadetan irakatsitako euskal dantzak tradizio bertakotua dira gaur eskolan zein herrian. Hilko zen urte berean omenaldi hunkigarri bat egin zioten, euskal dantzak, ikurrinak eta euskal parafernalia partaide.


1956an Carorara iritsi eta bertan hil zen 2016an, 60 urte geroago, 91 urte bete berritan
(irudia "De Carora para el mundo" bloga)

Gaur egun euskal dantzak irakasten segitzen dituzte Caroran, eta ikasturte amaieran Kristo Errege Ikastetxean egiten den jaialdiko osagai garrantzitsua dira. Ohoratzeko ere erabiltzen dituzte momentu berezietan, besteak beste dantzariek egindako ezpatapeko arkuekin. Hau guztia probatu ahal izan zuen Carorako Carlos Curiel Herrera apezpiku berriak, mediku eta zirujaua, caroratarra eta eskolapioa bera ere, euskal dantzariek egin ziotenean harrera izendatu berritan Caroran zehar egindako lehenengo bisitan.


Ez azken bideoa izateagatik da hau makalena, alderantziz. Hona Jesus Zuazuak eta
Carorako nafar eskolapioek utzitako legatua, egun bertako ondareko parte dena. "Orgullo
y Tradición"  esaten dute. Harribitxia. Bideoa pandemia aurreko azken promoziokoa
da. Nabarmentzekoa koreografia, EH osoko aireak (danborrada ere parte!), xingolak
apaiz fundatzaileen izenekin, ikurrinak eta euskal parafernalia osoa... 
(bideoa Jesús Arispe Martínez)

Goian Bego edo Gogoan edo Gugan Bego (GB) esan ohi da, eta badirudi hala gertatua dela Caroran aita Jesus Zuazuarekin, eta hemen Euskal Dantzak deitzen dituzten hauen hazia sendo loratu dela, bizi-bizirik segitzen baitute, nafar eskolapio zaharrak joanda ere, urtez urte erroak tinko

Gugan gogoan bego, Lizarran hasi eta Caroran, amaitu ez, segitu egiten duen istorioak!



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia