euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Londresko azken aurkikuntza gastronomikoa txuleta da: Adam Rawson chef-ak Txotx! pop up afariak egingo ditu etzi

2016/02/18

Adam Rawson sukaldaria Tolosako Casa Julian jatetxean (argazkia A.Rawson)
Adam Rawson sukaldaria Tolosako Casa Julian jatetxean (argazkia A.Rawson)

PUBLIZITATEA

Adam Rawson, 2015 Erresuma Batuko Chef Gazte Onenaren eskutik, larunbat honetan eta hurrengoan The Newman Arms pub-a sagardotegi bihurtuko da, Txotx izeneko pop up bazkari eta afari sortarekin. Euskal estiloko menu peto-petoak izango dira, eta izan ere, menua bera euskaraz egongo da. "Horrela jaleek ez dute ulertuko eta plater bakoitza sorpresa bat izango da", agertu digu (sic) Rawsonek. Eta martxorako, beste ekitaldi bat ari da prestatzen: Tolosako Casa Julian jatetxeko txuleta mitikoa ekarriko du OneSixty jatetxera.

Londres, Ingalaterra. Euskal gastronomia lekutxoa egiten ari da Londresen, apurka apurka, eta moda-modan jartzen ari den platera.. txuleta da! Euskaldunok aspalditik gozatzen dugun kutixia hiriko jatetxe onenetara ari da heltzen, eta euskal estiloko sukaldaritza gero eta ezagunagoa da. Horretan dabil, esaterako, Adam Rawson, iazko Urteko Sukaldari Gaztea. Rawsonek Pachamama jatetxe peruarretik pasa eta Euskal Herrira bidaia egin du berriki, euskal sukaldaritzan murgiltzeko.

Orain, bueltan da Londresen, eta euskal sukaldaritza ezagutzera emateko zenbait ekitaldi berezi egingo ditu. "Euskal sukaldaritza nire lagun sukaldarien bitartez ezagutu nuen, baina bereziki maite dut bere produktuen kalitatea eta gastronomia kultura horrek duen etika. Duela gutxi hamar egun eman nituen Euskal Herrian eta handik, Londresen pop up ekitaldi hauek egiteko inspirazioa lortu nuen", azaldu dio Rawsonek EuskalKultura.com-i.

Pub-ean ere Txotx!

Rawson-ek prestatu duen aurreneko ekitaldia larunbat honetan izango da, The Newman Arms pubean. Bertan Txotx izeneko pop up bazkari eta afariak emango ditu. Txotx izena bertakoentzat ulergaitza bada, are ulergaitzagoa izango da karta, izan ere... euskaraz idatzia egongo da!

"Menua euskaraz ematea polita izango zela pentsatu nuen, horrela jaleek ez dutelako tutik ere ulertuko eta plater guztiak sorpresa izango dira. Gainera, euskara nola idazten den asko gustatzen zait, tttxxxtx... Horregatik lagun bati menua euskaratzeko eskatu nion", esan digu Adam-ek. [Karta ikusteko, jo hona].

Txuleta, moda-modakoa

Menuaren oinarria euskal produktuak izango dira, asko --Idiazabal gazta, esaterako-- Rawson berak bere bidaiatik ekarrita. Txakolina eta sagardorik ez da faltako, eta menuko izarretako bat txuleta izango da, antza Londresen oso modan dagoena.

"Londresko Donostia eta Lurra jatetxeko jabeen laguna naiz eta beraiek asko lagundu didate produktuak eskuratzen", esan du Rawson-ek. "Une honetan punta puntako tendentzia da hemen euskal eta galiziar haragia, eta nire ustez euskal sukaldaritzak arrakasta gero eta handiagoa izango du Londresen".

Txotx afaria ondoko larunbatean, otsailaren 27an, errepikatuko da. Tiketak erosteko, jo hona.

Casa Julian Londresera

Rawsonek prestatu duen beste ekitaldia martxo aldera egingo da. Sukaldariak Tolosako Casa Julián jatetxean oinarritutako menua eskainiko du OneSixty jatetxean, martxoko bi azken asteburuetan. Casa Julian Euskal Herrian txuleta jateko leku mitiko eta ezagunenetakoa da.

Adam Rawson sukaldaria Twitter-en: @adamrawson89.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia