euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean hasiko da NABOren 2015eko Udaleku, San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek antolatuta

2015/06/18

Iaz Elko izan zen NABOren Udalekuaren egoitza (argazkia Udaleku 2014)
Iaz Elko izan zen NABOren Udalekuaren egoitza (argazkia Udaleku 2014)

PUBLIZITATEA

Abian da aurki Udaleku 2015, Ipar Amerikako euskal etxeen egitasmorik arrakastatsuenetako bat. Igandean 116 neska eta mutil gazte bilduko dira San Frantziskora eta han bi asteko egonaldia egingo dute, Basque Cultural Centerrek antolatuta. Euskal kulturan sakontzeko aukera paregabea izango da beraientzat, ikastaroen bitartez eta euskal komunitateko beste gazteak ezagutuz. Ondo pasa!

San Frantzisko, AEB. Bertan da Udaleku, Ipar Amerikako euskal etxeen udako kanpamendua! Igandean bertan abiatuko da aurtengoa, San Frantziskon, NABOren Astero berri buletinak aditzera eman duenez. Guztira, 116 umek parte hartuko dute Udaleku 2015en.

Antolatzaile da aurten San Francisco Basque Cultural Center elkartea, eta Valerie Arrecheak hartuko du Udalekuaren zuzendari  ardura. Udaleku NABOren egitasmo arrakastatsuenetako da. 1974az geroztik antolatzen da eta esperientzia ahaztezina izan ohi da gaztetxoetan, bertan, euskal kultura ikasteaz gain, beste estatu eta hirietako lagun euskaldunak egiten dituztelako.

Kanpamendua 10 eta 15 urte bitarteko umeei zuzendua da eta bi asteko iraupena izango du, ekainaren 21etik uztailaren 3a arte. Aurtengo gaia Iparralde da eta egitarauan Lapurdi, Benafarroa eta Xiberoako kultura eta dantzak garrantzi berezia izango dute. Horrez gain, gazteek euskera, txistua, euskal kultura eta pilota ere ikasiko dituzte. Irakasleak AEBetako euskal komunitateko kideak eta Euskal Herritik etorritako adituak izango dira.

Baina, dena ezta lana izango Udalekun, eta umeentzako jai asteburu berezia ere antolatu dute. Larunbatean gazteek irteera berezia egingo dute euren etxean hartu dituzte familiekin, eta igandean txangoa egingo dute Angel Island-era, San Francisco Basque Club-ek antolatuta.

Udaleku uztailaren 3an amaituko da, urtero legez, gaztetxoek euren bila datozen gurasoentzako egingo duten erakustaldiarekin.

Udalekuri buruzko informazio gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia