euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Hilketa euskal ostatuan", Elizabette Guéçamburu gazte euskal kaliforniarraren lehenengo polizia eleberria

2024/06/10

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. "Murder at the Boardinghouse" (hilketa euskal ostatuan, esango genuke itzulpen librean) dauka izenburu Elizabette Guéçamburu gazte euskal kaliforniarraren lehenengo eleberriak. Ingelesez idatzia, nobelak euskal gaiko lanentzat Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak urtero deitzen duen lehiaketa irabazi zuen 2022an, eta sariko parte zen lana argitara ematea. Anna Elissetche da nobelako nerabe ikertzailea eta guztiaren testuingurua Kalifornian eta AEB Mendebaldeko euskal komunitateetan instituzio garrantzitsua den ostatu bat da, euskal hotel bat alegia.

Elizabette Guéçamburuk aspaldidanik idazten du eta zutabe bat idatzi du, Hometown Girl, duela hamabost urte baino gehiagodanik Patterson bere herriko kazetan. Eritasun batek, bizkarrezurreko muskulu atrofiak, aulki gurpildun batean dauka lau urte zituenetik eta horrek, besteak beste, irakurzaletasuna, batetik, eta idazteko grina ere sustatu zizkion. Santa Clara Unibertsitate ospetsuko tituluduna, ezintasunak dituztenen aldeko aktibista da eta, Euskal Herrira sekula bidaiatu ez bada ere, amets izango luke, aulki gurpildunean daudenei bidaiatzea errazago jartzen dietenean.

Erosi liburua zuzenean Elizabetteri

Bere lehenengo eleberri argitaratu honek eman zion hasiera, izan ere, BEO (Basque Educational Organization) euskal kaliforniar erakundeak joan den apirilaren 29an online hasi zuen Irakurle Klubari. Bera partaidetza zuzenari eta bere liburuari esker, arrakastaz egin zen aurreneko saioa, "Murder at the Boardinghouse" solasgai harturik. Gogora ezagun bigarren saioa astelehen honetan dela, euskal diasporari eta oro har immigrazio gaiei lotuta AEBn klasiko bat den Robert Laxalt-en "Sweet Promised Land" komentatuz.

Elizabette Guéçambururen "Murder at the Boardinghouse" erosi nahi baduzu, zuzenean harreman zaitezke egilearekin, eta berak sinatutako ale bat jaso (Elizabetteren emaila, eguecamburu@gmail.com). Bestela, argitaldariaren bidez, alegia Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko argitaletxearen bidez eskura dezakezu. Edo, azkenik, Amazon bidez (aldeak daude zauden herrialdearen arabera). Edonola ere, on egin!

- Elizabette Guéçambururen webgunea: https://elizabetteunplugged.com
- Elizabette Guéçambururen Facebooka: www.facebook.com/elizabettewrites
- Elizabette Guéçamburu Linkedin-en: www.linkedin.com/in/elizabette-guecamburu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia