euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Heltzen segitu dute zorionek, Frantzia, Argentina, Brasil, Venezuela, Japonia, Ingalaterra, AEB, Perú-tik... (eta II)

2008/12/31

Marrazki originala, 10 urte dituen Beatriz izeneko haur uruguaitar batek egina, Olentzero etxe batera opariak uztera doala margoturik. Posta arruntez heldu zaigu, Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak bidalia
Marrazki originala, 10 urte dituen Beatriz izeneko haur uruguaitar batek egina, Olentzero etxe batera opariak uztera doala margoturik. Posta arruntez heldu zaigu, Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak bidalia

PUBLIZITATEA

Egun hauetan zorion mezuak bidali dizkiguten lagunen berri ematen jarraituko dugu. Joan den 24-25ean argitara eman genuen lehenengo lagun zerrendari, bigarren zatia gehituko diogu gaurkoan, ordutik hona iritsi diren mezuak zuritzen. Mila esker guraz oroitu zaren guztioi. Mezuren bat bidean gelditu edo artikulu hau idatzi orduko iritsi ez bada, jakin dezala dena den eskertzen diogula. Segi bizkor, lagun irakurle, urte berrian ere. Gure agiantza onenekin.

Donostia-San Sebastian. Baxenabarreko hiriburutik, Donibane Garazitik, Irulegiko Irratiko lagunek "onharzkizu gure zorionak" idazten digute "gure agiantza hoberenak" eta "besarkada haundi bat langile guzien partez" emendatuz. Txileko Santiagotik, Ignacio Bastarrica bertako Euzko Etxea-ko 'Berriketaria' hilabetekariko arduradunak bere "afektu handienarekin eta agiantza zintzoenekin Eguberri On eta 2009 urte emankorra" esanez idazten digu. Bahia Blancatik, Argentinan, Carlos Sosa FEVAko lehendakari ohi eta egungo diruzainak Zorionak eta Urte Berri On desiatzen digu.

Gasteiztik Eneko Espino musikari eta txistulariak --2008an Gaztemunduko eta NABOko Udalekuko irakasle izan denak-- idazten digu "besarkada eta muxu haundi bat bion partez, zorionak eta urte berri on" esanez. Buenos Airesetik, Iparraldeko Euskal Etxe edo Centro Vasco Frances-eko bazkide eta ekile den Carlos Arturo Martinez-ek --bera da euskal etxe horretan Olentzeroz jnazten dena-- "Zorionak, eguberri eta urte berri on" diosku. Montevideotik, ostera, bertako Haize Hegoa Euskal Etxetik, Danilo Maytia Uruguaiko euskal kultura ikertzen diharduen idazleak, John Lennon-en hitza eta musika lagun, zorion beroak opa dizkigu "familiaren egun honetan", pps bat medio.

BOISE, BRASIL, MIAMI, VILLA MERCEDES, BUENOS AIRES...

Idahoko Boisetik, Estatu Batuetan, "Gabon gau ederra igaro dezazuela eta urte berria zorionez has dezazuela opa dizuet" esaten digu Izaskun Kortazar-ek, Mar del Platara bidaiatu baino egun batzuk lehenago, Estatu Batuetako euskara eskolen arduradun gisa NABO barruan. Brasildik portugesez idatzi digu Bidart familiak --'Luiz Fernando Xavier Bidart eta familiak'-- mzuaren hiru azkeneko esaldiak hauek direla: E que o Senhor do Universo nos abençoe. Um abraço fraterno a todos. Zorionak eta Urte Berri On. Miamitik, Estatu Batuetan, azaroan, bertan, guraso euskalamerikarren alaba jaio zen Nekane tipiaren postala jaso dugu, "Zorionak eta Urte Berri On" esaeraz, "Fernando, Mertxe eta Nekane eta Argi"k sinatua, 'Argi', nonbait, Nekaneren panpina delarik.

Argentinatik Marcelo Francisco Garayk "Agur lagunak, Zorionak eta Urte Berri On" diosku. Herrialde beretik, baina Villa Mercedesetik, San Luis probintzian, bertako euskal etxeko eragile diren Julio Esnaola eta Liliana Rouan Narbeburu-k agiantza onenak igortzen dituzte, elebitara esanez "Te deseamos lo mejor para vos y tus afectos, Gabon zoriontsua eta urte berri on" hitzez. Buenos Aires etik, eta Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordea osatzen duten guztien izenean, Norma Rios-ek azpibatzordekideak Olentzerorekin agertzen diren argazkia bidaltzen digu.

CONCEPCION DEL URUGUAY, TOKYO, CARACAS, NEW YORK, LA PLATA...

Ustez Euskal Herriko herriren batetik, Olentzeroren postala bidali digu Teo Gonzalok ohiko Zorionak eta Urte Berri On desioarekin. Concepcion del Uruguay herri argentinarretik (Uruguay ibaitik hartzen du herriak izena), Entre Rios probintzian, agiantza onak bertako Ibai Txori Euskal Etxeko Lucia Arcelus-ena da christma, kasu honetan birtuala eta animatua, bi animaliatxo eta Eguberri zuhaitza protagonista. Tokyotik, egun bertan bizi baita, duela urte batzuk Seattle-ko Euskal Etxeko lehendakariorde izan zen Nicholas Vroman musikariak idatzi digu, haiku txiki batez, Christmas in Tokyo, Glowing Buddha behind glass, Makes the snowman melt, eguberri giroko buda baten irudiaz.

Venezuelako Caracas hiriburutik Gaizka de Iribar-ek idazten du "Aurrera esateko bakarrik, zorionak eta urte berri on, egiten ari den ahaleginak merezi du, besarkada bero bat". New Yorketik, Miren Kobayashik bideratu ditu bertako Eusko Etxearen agiantza edo desio onak, ingelesez eta euskaraz emanak. La Plata Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburutik, Euzko Etxea-ko 'Matxin Burdin' liburutegia mintzo zaigu Zorionak esanez. Buenos Aires hiriburutik, berriz, bertan bizi den Aitor Alava dantzari arabarrak --Marina Aranguren lagunarekin urtarril erdialdean haurra espero duenak-- postal polita bidaltzen digu, Alavatar lau anai-arrebak dantzari eta musikari agertzen diren postala [aita osasun egoera oso larrian duela ere badakigu, besarkada, beraz, Aitor].

SALTO, ARVADA, LIMA, DONOSTIA, RAUCH...

Uruguaiko Salto herritik, 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxetik, Maria Angela Juanenak egunotako ohiko zorion mezua bidaltzen digu, ohar bat gehituz, agertuz bertan adinean sartua daukaten euskara irakasle batek ere agurrak bidali nahi dizkigula "gogoan baitu beti bertan elkarrekin kantatu genuen euskal kantu zahar hura". Estatu Batuetatik, Colorado estatuko Arvada herritik, mezua izu aurpegiz dirudien 'Ethan elfoa'rena da Merry Christmas mezua; argi dezagun, Ethan Matassa euskal familiak izan berria duen umearen izena dela eta bera agertzen dela postalean santa claus txano batekin, aipatutako izu aurpegiaz. Tokyotik, Japonian, Shima-k idazten du, ohiko mezuekin, New York etik Julian Abio lagunak egiten duen bezalaxe.

Lima Perúko hiriburuko Euskal Etxetik, Raul Noblecillak idazten du, "Gabon zoriontsua eta Urte Berri" testuaz euskaraz zein gaztelaniaz. Donostiatik, Jose Luis Garcia Loza muslari eta Munduko Mus Txapelketen antolatzaile denaren desioa da "Festa zoriontsuak pasa eta 2009a ez dadila izan esaten duten bezain beltz... nahiz eta garrantzitsuena osasuna eta lagun onak izatea den". Rauch-etik, Buenos Aires probintziar argentinar barnealdean, Silvia Contek "oso urte berri ona izan dezazula, zure familia eta lagunekin, osasunez eta lanez" diosku.

LONDRES, FRANTZIA, SAN FRANTZISKO...

Argentinatik baita ere, City Bell-La Platatik, Noemí Hospitaleche-k dio "egunero hartzen dut zuen buletina, eta bertan berriekin batera iruzkinak, legendak eta artikulu ugari topatu ditut euskal kulturara gehiago hurbilarazi nautenak. Zorion andana bat opa dizuet urte berrian, zuei eta euskal ideiala partekatzen duten guztiei". Londresetik, Imanol Galfarsorok eta London Basque Society-Euskal Elkartea-ko lagunek bideo animatu baten bidez bidali digute agurra.

Frantziako nonbaitetik, Jean Claude Elissalde eta Ttote Elgue-k, azken hau Frantziako Mus Federazioko lehendakari gisa, "urte berri on bat eskaintzen dautzute, 2009ak ekar dezala zueri deneri osasuna, lan pizka bat, omore ainits eta elgartazuna" idatzi dute. Nondik idazten duten adierazi ez badute ere, Zorionak bidali dituzte baita ere Maikuri Aramburu eta Mariano Larrañagak. Kaliforniako San Frantziskotik, Estatu Batuetan, bertako Jean Leon eta Mayte Oçafrain baxenafartarrek igorri daukute zorion mezua --Jean Leon bankarra eta Mayte ortzaiztarra dira, tronpatzen ez bagara-- "Bake eta amodio denentzat eta plazerak ere bai... Agian zuen ikusteko esperantzan!" erranik. Buenos Airesen sortzen ari den Euskalduna Irakurle Klubetik ere idatzi digute, urte berria kultura gehiagoz gozatuz has dezagun desioa jaurtiz.

ARTEA, BILBO, MONTEVIDEO...

Donostiatik, hiriaren 2016rako Kulturaren Europar Hiriburutasunaren aldeko leloaz, Odon Elorza alkateak ere idatzi digu, Zorionak eta Urte Berria desiaturik. Artea herritik, Bizkaian, gauza bera egiten dute Sabino Arana Fundaziotik. Bilbotik, Euskaltzaindia da 2008-2009an beteko dituen 90 urteak gogoratuz idazten diguna. Eta Montevideotik, christma berezia jaso dugu, posta arruntez, bertako eskola bateko Beatriz 10 urteko haurrak marraztu eta koloreztutako postala, Haize Hegoa Euskal Etxearekin eskutik. Azkenik, Concordiatik, Argentinan, Mariano Silva-Torrearen 'Feliz 2009' mezua hartu dugu, Que tengan un 2009 de puta madre desioarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia