euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guztia zain igande honetan Buenos Aires Hiriaren urteroko omenaldia egiteko Euskal Herriari Maiatzeko Etorbidean

2023/06/02

Andana bat lagun bilduko dira igande honetan Buenos Airesen Euskal Herria omentzeko
Andana bat lagun bilduko dira igande honetan Buenos Airesen Euskal Herria omentzeko

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Datorren igandean erlojuak eguerdiko hamabiak jotzen dituenean, Argentinako hainbat euskal etxetako dantzariek osatutako ilada luze bat Argentinako banderaren eta ikurriñaren atzetik, Buenos Aires Hiriaren bihotzean dagoen Maiatzeko Etorbidean sartuko da, herrialde osoko euskal diasporak hiriburu argentinarrean antolatzen duen omenaldi ospakizun erraldoiari hasiera emanez, 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' edo 'Buenos Aires Celebra País Vasco' 2023.

BAC jaialdiak gustu guztientzako programa bat proposatzen du. Musika bada, Miguel Pesce zuzendari duen Lagun Onak abesbatzaren eskutik 'Maite', 'Boga boga', 'Gernikako Arbola' eta beste hainbat klasiko aireratuko dira agertoki nagusian. "Soinuan bikaintasuna bilatzea baino gehiago", aitortzen dio EuskalKultura.eus-i Lagun Onak Abesbatza Elkarteko lehendakari Nerea Arzak, "euskaldunei hunkigarri eta kuttunak zaizkien abestiak kantatuko ditugu, guztion memorian daudenak, berez aire zabalean eta jende askoren zaratarekin ez baita kantatzeko eremu egokiena, baina giroa sortzen saiatuko gara", diosku.

Abesbatzak, trikitixa, txistua. Danborrada, musika klasiko eta modernoa hainbat eragileren eskutik... Armada Argentinarreko Banda ere tartean dagoela!

Melodiak bigarren agertoki batean ere entzungo dira. Bertan, Mar del Platako Juan Manuel Hiriart eta Martina Saa txistulariek, Macachingo Jose “Sejo” Franco, San Nicolaseko Ruben Vazquez, Arrecifesko Juani Saez Abarrategui eta Buenos Aires bertako Jose Gutierrez txistulariek osatutako bandak dantzan jarriko du jendea, eta kontzertu labur bat ere eskainiko dute. Agertoki nagusian, Maiputik etorria, Bihotzetik taldea taularatuko da, Fabian Maya akordeoian, Julian Robles zeharkako flauta eta perkusioan, Mercedes Ithurriague gitarra eta panderoan, eta Rafael Bilbao baxu eta gitarran, Kepa Junkeraren kantuak, fandangoak eta kalejirak eskaintzen.

Ikuskizun indartsuak aipagai, Danborrada da arreta gehien erakarri ohi duen ekitaldietako bat. Laurak Bat Euskal Etxeko kide Jose Maria Gutierrez eta Jorge Rabufetti zuzendari, euskal etxe anfitrioiko danbor eta upelek osatzen dute, beste euskal etxe batzuetako hainbat gonbidatu ere partaide. Bertaratzen direnen emozio eta zirrara bereziagoa egiteko, Sarriegiren aireak Argentinako Armadako Musika Bandak interpretatuko ditu zuzenean bizi-bizi.

Kepa Junkera partaide izango da bere musiken bidez [Agur beroa, Kepa, eskerrik asko!]; orotara 18 dantza talde, eta antzerkia eta mitologia txikienentzat...

Hemezortzi izango dira agertoki nagusitik pasatuko diren dantza taldeak, eta bigarren agertokian, Laurak Bateko umeek “Peio eta galtzagorri” obra eskainiko dute, txikienei zuzendutako emanaldia, antzerkia eta dantza uztarturik, Alejandra Oteiza koordinatzaile.

Eta ezin uka jaialdiaren beste erakargarri handi bat sukaldaritza dela. Euren trebezia zuzenean aurkeztuko dute hiri bertako Francisco Olivetok eta Rosarioko Itziar Aguirre chefek, baina oro har kutixiak dastatzeko aukera zabala izango da, lagintza horretan arituko baitira Laurak Bat Euskal Etxea, Burzako, Trainera, Elisa Ponce, Dario Sanfelice, Nemirosky-Ordoki, Muñiz, Euskaltzaleak eta San Nicolaseko Euzkal Etxea, plater tradizionalak eta tripazorriak asetzeko jateko-esatekoak prestatu eta eskaintzen.

Erkidego oso baten errealitate bizi eta aktiboa

Horretaz gain, ohi bezala, informazio guneak ezarriko dituzte Euskal Herriaz eta euskal kulturaz gehiago jakin nahi dutenen galdera eta kontzultei erantzuteko, besteak beste euskara, kirola, genealogia, tradizioak eta abarri buruz, baina baita ere, zehatzago, zeramika eta portzelanak, liburuak, jantziak, bitxiak, artisau-lanak, espartinak, brodatuak eta arlo lantzen dituzten proiektu euskal-argentinarrak erakus... eta erosgai. Etzazula galdu aukera!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia