euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gogor sartu da apirilean Filmin plataforman 'Hondar ahoak', euskaraz errodatutako lau ataleko genero beltzeko telesaila

2021/04/16

Lau ataleko euskal telesaila, Filmin plataforman eta eitb.eus atarian
Lau ataleko euskal telesaila, Filmin plataforman eta eitb.eus atarian

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Hamar egun besterik ez daramatza Espainiako Filmin plataforman eta nabaria da dagoeneko gogor jo duela, arrakastaz eta oihartzuntsu. Koldo Almandoz donostiarrak idatzi eta zuzendua, 'Hondar ahoak' EITBk ekoiztutako lau ataleko telesaila da, iaz euskaraz grabatua Ondarroan. Telebistan joan den udazkenean estreinatu zen eta harrera bikaina lortu zuen genero beltza maite duten ikusleen artean.

Istorioaren abiapuntua Josu izeneko armadore baten desagerpena da. Nerea Garcia inspektorea (Nagore Aranburu) herrira iritsiko da ikerketari ekiteko eta han Alex (Eneko Sagardoy) bertako agentearen laguntza izango du. Kondaira batek dioenez, lehorreko itsasoaren sekretuak kontatzen dituenari hondarrez beteko zaio ahoa, lehorrera eramandako hitzek beti uzten baitute arrastoa. Gauzak horrela, thrillerra intrigan hazten joango da, arrantzale herri txiki honetako gorroto, interes eta sekretuen sareak agerian geratzen joan ahala.

Bi protagonistak bikain daude euren paperetan. Nagore Aranburu jende askok gogoratuko du besteak beste "Loreak" pelikulan (2014); eta Eneko Sagardoy, "Handia"n (2017) nabarmendu zen eta lan hari esker Goya saria bereganatu zuen. Eurekin batera ari dira aktore lanetan Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Ainhoa Artetxe eta Iraia Elias. Eta baita Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas ere.

"Hondar ahoak" eitb.eus-en ikus daiteke, "Nahieran" atalean, "Altsasu" eta "Alardea" bezalako telesailak bezala. Gaur egun telesailak kalitate estetiko handiz egiten dituzte, pelikulak bezala, eta erakargarritasun berezia lortzen dute tokian tokiko istorioak kontatzen dituztenean. Bertako istorioak, hurbiltasunez, euskaraz, benekotasunez. Esaera zaharrak dioen bezala: "Margotu zure herrixka eta mundua margotuko duzu".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia