euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Genero indarkeriari buruzko kontzientzia areagotu nahi duen 'Aulki Morea' ekimenari lotu zaio La Platako Euzko Etxea

2022/09/13

Ezker-eskuin: I. Pontini (FudeSo), J. Clua (Euzko Etxea), M. Pastore (FudeSo), S. Aramburu (EE), D. Lafranconi (FudeSo), V. González eta L. Sánchez (Activa), P. Pullido, E. Garizoain eta M. Berrueta (EE), M. Aires (Activa) eta F. Astigarraga (EE)
Ezker-eskuin: I. Pontini (FudeSo), J. Clua (Euzko Etxea), M. Pastore (FudeSo), S. Aramburu (EE), D. Lafranconi (FudeSo), V. González eta L. Sánchez (Activa), P. Pullido, E. Garizoain eta M. Berrueta (EE), M. Aires (Activa) eta F. Astigarraga (EE)

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Bazterkeriaz eta genero indarkeriaz kontzientzia areagotzea helburu duen 'La Silla Violeta' (Aulki Morea) ekimenari lotu zaio La Platako Euzko Etxea bere Toki Alai aretoan abiatutako topaketa batekin, euskal elkarte bereko Genero eta Aniztasun Saila antolatzaile. Aurkezpena abuztuaren 26an egin zuen euskal etxe laplatatarrak eta bazkide ugari hurreratu ziren, gaiari buruz dagoen interesaren adierazgarri, eta ekitaldia bururatutakoan askaria partekatu zen bertaratutakoekin.

Aretoaren sarreran kokatutako mahai batean, indarkeria sexistari buruzko materialak ezarri zituzten eskuragai, euskaraz eta gaztelaniaz, eta paretetan, emakumeen eskubideei erreferentzia egiten zieten irudien erakusketa paratu. Antzerki eszena bat ere gauzatu zuten, atzeko horman hitzen euskarazko bertsioa proiektatuz. Partaide ziren [ikus beherago, eta argazkian] erakundeetako ordezkarien hitzen ondoren, eta topaketaren amaiera gisa, 'aulki morea'ren idazketa kolektiboa egin zuten bildutakoek, testuak braillez, euskaraz eta gaztelaniaz idatziz.

Euskal etxe gehiagotan erraz errepika daitekeen ekimena

Plana, aulkia euskal etxeko gune ezberdinetan zehar kokatu eta mugitzen joatea da, leku ikusgarrietan jartzearekin arreta deitzeko eta bileran jorratutako gaiak zabaltzen joatea erraztearren. Ekimena, izan ere, aise errepika eta antola daiteke interesa ager dezaketen beste euskal etxe batzuetan, beti ere gizarte osoari dagokion arazo larri honi buruzko kontzientzia hartzea eta engaiamendu aktiboa bultzatzearren.


La Platako Euzko Etxeko lehendakari Javier Clua bere mezua idazten Aulki Morean

Ekimeneko partaide dira Euzko Etxeko Genero eta Aniztasun Arloa, genero-indarkeriaren sentsibilizazio eta prebentzioan lan egiten duen FudeSo Fundazioa eta ikusmen-urritasuna duten pertsonen eskubideak sustatzeko sortutako Asociación Civil Activa, eta proiektua euren arteko koordinazioaren emaitza izan da. Gogora dezagun La Platako Euzko Etxeak duela hamar urte itsuentzako futbol taldea sortu zuela, eta duela urtebete emakume itsuen taldea, ezintasun hori duten emakumeak Argentinan tradizioz gizonezkoa izan den kirolean sartzeko baldintzak sortuz.

La Platako Euzko Etxea
Tel: +54 (0)221 457 1638
Whatsapp: +54 (0)221 615 2824
Webgunea: http://www.centrovascolaplata.eus
Facebook: www.facebook.com/centrovasco.euzkoetxealaplata
Twitter: https://twitter.com/CentroBasko
Instagram: www.instagram.com/centrobasko
Emaila: secretaria@cvascolaplata.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia