euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Gartxot" animazio filma sarean da: ikus ezazu internet bidez Itzaltzuko bardoaren istorioa

2012/10/02

Gartxot filmearen irudi bat
Gartxot filmearen irudi bat

PUBLIZITATEA

Nazioartean bide polita egiten ari da Itzaltzuko bardoaren istorioa kontatzen duen "Gartxot" filmea, iragan azaroan estrainatuz zenez geroztik. Berriki Australiako Auburn Zinemaldian Ikusleen Saria irabazi du eta azaroan Berlingo Euskal Etxeak antolatu duen Euskal Zinemaldian izango da ikusgai. Horrez gain, sarean ere ikus daiteke, www.filmotech.com webgunearen bidez. Ikustaldiak 2.95 euro balio ditu. Filmea jatorrizko euskaran eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz azpitulatuta dago. Beste 19 hizkuntza gutxituetara ere itzuli dute, elkartasun sare baten bidez.

Donostia-San Sebastián. "Gartxot" iragan azaroan estreinatu zen eta harrezkero ibilbide polita egin du zinemetan, kultur etxeetan eta nazioarteko hainbat zinemalditan Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak zuzendu duten filmeak.

"Orain dela gutxi Australiako Auburn zinemaldian Ikusleen Saria eskuratu du", azaldu dio EuskalKultura.com-i Juanjo Elordik. "Oso pozik gaude, haur eta gazteei zuzenduriko zine jaialdia delako eta ikusleen saria jasotzeak esan nahi du eurek aukeratu dutela. Brasilen ere izan da, adibidez, eta nabaritu dugu ikusleek ulertu dutela, hemengoak bezain emozionatuta ikusi dutela".

Sarean ikusgai

Filmea dagoeneko sarean ere da ikusgai, www.filmotech.com webgunearen bidez. Ikustaldiaren prezioa 2.95 eurotakoa da. Filmea euskaraz dago eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz azpititulatuta ere ikus daiteke. Plataforma honetan bada beste zenbait euskal filme ikusteko aukera ere (bilaketa laukian izenburua jarri eta aukeratutako filmea agertuko da).

Itzaltzuko bardoaren istorioa euskararen aldeko aldarria ere bada -- Gartxot bardoak eta bere semeak elizaren jazarpena jasaten dute, euskaraz herriaren oroimena diren kantuak kantatzen dituztelako-- eta hori dela eta luzemetraia itzultzeko orduan ohiko itzulpenetik haratago joan nahi izan dute zuzendariek. "Sarean jarri ditugun bertsio horiez gain, beste 19 hizkuntza gutxituetan ere egin ditugu azpitituluak: kurdoa, bretoiera, okzitaniera, georgiarra, aymara... Elkartasun sare baten bidez egin ditugu itzulpen guzti hauek, bolondresen bidez". DVDan daude bertsio hauek.

Buenos Airesera agian

Azaroan filmea Berlingo Euskal Etxeak antolatu duen zinemaldian izango da eta Buenos Airesen ere emanaldi berezi bat antolatzeko asmoa dago, Elordik EuskalKultura.com-i azaldu dionez: "Gerra ostean Buenos Airesen Gartxoten kondaira opera moduan estreinatu zuten, eta Laurak Bat elkartearekin  harremanetan gaude filmea bertara eraman eta ekitaldi berezi bat egiteko".

Informazio gehiago, pelikularen webgunean, hemen.


 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia