euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarari oinarrizko sarbidea eginez zenbait saio eskainiko ditu Brasilen Izaskun Kortazar NABOko koordinatzaile ohiak

2015/05/07

Izaskun Kortazar Brasilgo Florianopolisen
Izaskun Kortazar Brasilgo Florianopolisen

PUBLIZITATEA

Larunbat honetan hasiko ditu ikastarook Brasilgo Sao Paulon urte askotan NABOko Euskala koordinatzaile izandako eta egun Boise State Unibertsitateko irakasle den Izaskun Kortazarrek. Sao Paulokoaz gain, maiatzean zehar Rio Grande do Sul estatuko Puerto Alegre, Uruguayana eta Pelotas hirietan irakatsiko ditu eskolak Kortazarrek. "Nire helburua euskararekiko interesa piztea eta bertakoak euskara ikasten hasteko hazia landatzea da" aitortu dio bilbotarrak EuskalKultura.com-i.

Sao Paulo, Brasil. Maiatzean zehar Boise State unibertsitatean (BSU) irakasle den Izaskun Kortazarrek euskara irakatsiko du Brasilen. Maiatzaren 9an Sao Pauloko Unibertsitatean (USP) egunbeteko ikastaro trinkoa eskainiko du (10:00-17:00) euskaraz ezer ez dakiten euskaldunen ondorengoentzat eta, orokorrean, interesa duen edonorentzat. Hiriko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeko Maite Alava izan da Sao Pauloko klase honen antolatzailea eta materialen portuges itzulpenarekin lagundu duena, esan digu azken dozena bat urtetan Boisen (AEB) bizi den eta euskara eta gaztelania eskolak ematen eskarmentuduna izanik uda honetan Brasilen bere portugesa hobetzen ari den Kortazarrek. 

Sao Pauloko datorren asteburuko saioaren ondotik, hegoaldeko Rio Grande do Sul estatuan hiru aste emango ditu Izaskunek oinarrizko euskara irakasten Puerto Alegren (maiatzaren12-16an), Uruguayanan (20-23an) eta Pelotas hirian (25-30an). Tartean, Euskal Herrian euskara berbizteko 60-90 hamarkadetan egin ziren ahaleginei buruz ere egingo ditu aurkezpenak eta ingeles eskola batean Ameriketako bizitzaz arituko da, kasu hauetan Rio Grande do Sul-eko Euskal Etxeko lehendakari Ana Luiza Panyagua koordinatzaile.

Izaskun Kortazarren Brasilen eskainiko dituen ikastaro eta saioen helburua "euskararekiko interesa piztea da eta bertakoak euskara irakasten hasteko hazia landatzea", irakasleak berak esan digunez. "Euskara apur bat ikasita, gehiago ikasteko bidea hastea polita litzateke bai klase presentzialen bidez zein Interneten bidez", gehituz. Brasilgo euskaldunak ezagutzeko eta haien emigrazio historia ezagutzeko irrikan dago Izaskun eta luze iraungo duen harremana sortzea espero du.

Norbaitek saio hauetakoren batean parte hartu nahi izango balu, garaiz dabil oraindik. Informazio gehiago jasotzeko, ordutegi eta leku zehatzen berri izateko, Rio Grande do Sul euskal etxearen Facebooken topa dezake informazioa
 

-Sao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxea (webgunea)
-Sao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxea (Facebook)
-Euskal Etxea do Rio Grande do Sul (webgunea)
-Euskal Etxea do Rio Grande do Sul (Facebook)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia