euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara klaseak abian Zaragozan: "Hemen betidanik izan da euskara ikasteko interesa"

2014/11/13

Euskara ikastaroa iragartzen kartelak egin zituen Zaragozako Euskal Etxeak
Euskara ikastaroa iragartzen kartelak egin zituen Zaragozako Euskal Etxeak

PUBLIZITATEA

Astelehenean hasi zuen euskara ikastaroa Zaragozako Euskal Etxeak, eta gustura dira elkarteko kideak proposamenak izan duen harrera onarekin. Hamazazpi ikaslek parte hartu zuten ikastaroaren aurreneko saioan, eta giroa oso ona izan zela esan digu elkarteko Igor Zabala kideak. Zabala bera eta Mikel Bergara bazkidea izango dira aurten irakasleak. "Betidanik izan da hemen euskararekiko interesa, eta aspalditik nahi genuen antolatu ikastaroa. Aurten bai, esan genuen, eta lortu dugu!", esan digu.

Zaragoza, Espainia. Iragan astelehenean Zaragozako A Flama taberna euskaltegi bilakatu zen ordubetez, Zaragozako Euskal Etxeak abiatu duen euskara ikastaroari esker. "Tabernak gela bat uzten digu eta hantxe emango ditugu klaseak. Eta gainera horrela, klasea amaitu eta gero tabernan gelditu gaitezke mintzapraktika pixka bat egiteko", azaldu digu Igorrek.

Klasera bildu diren ikasleen profila anitza da: badira Zaragozan bizi diren euskaldunak, euskara pixka bat badakitenak; Euskal Herrira sarri etortzen diren zaragozarrak, eta baita hirian bizitzen gelditu ziren euskaldunen seme-alabak. "Edonola ere, guk klaseak hutsetik hasi ditugu, denak maila berdinean hasteko"., esan du Zabalak.

Aspalditik zuten euskara klaseak antolatzeko gogoa, eta lagun askok hala egiteko eskatzen omen zien. Aurten, azkenik, ametsa gauzatzeko aukera izan dute, HABEren eta Euskara Munduan programaren sostenguarekin.

Ikastaroa doakoa da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, garaiz zabiltzate oraindik! Horretarako, bete Zaragozako Euskal Etxearen Facebook profilean eskura daitekeen orri hau eta bidali euskalzaragoza@gmail.com. e-mailera.

Horrez gain, elkarteak astero egiten du mintzapraktika taldea, eta bertara biltzen dira hainbat kide. Nahi duenari talde honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen dio euskal etxeak, eta bazkide berriak eta proposamen berriak hartzeko irrikaz ere agertu dira. Zorionak eta segi aurrera!

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia