euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskara ikasteko beharra sentitzen dut atsegin baitut euskal kultura', 'neure nortasunaren osagarri da'

2008/01/28

Argentina eta Uruguaitarik euskara ikastera etorritako 'ikasle-irakasle' taldeko batzuk etxerako lanei elkarrekin ekinez (argazkia EuskalKultura.com)
Argentina eta Uruguaitarik euskara ikastera etorritako 'ikasle-irakasle' taldeko batzuk etxerako lanei elkarrekin ekinez (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Honen aurreko artikuluak gogora ekartzen duenez, 'Argentinan Euskaraz' programako ikasle-irakasle talde bat Maizpide barnetegian dabil ikasten, Lazkaon, urtarrilaren 7tik. Hogeitahiru euskaldunberri hauek zenbait arrazoi ezberdinek bultzatuta gerturatu dira Lazkaora, bertako ohitura, bizimodua eta batipat hizkuntzan murgiltzeko, gehienak bi hilabeterako etorriak eta multzo txikiago bat, sei hilabeterako, EGA ateratzearren. Euretako batzuk Euskalkultura.com-i adierazi diotenez, aste batzuk joan badira ere ezin dute oraindik sinetsi hemen daudenik, "amets batean gaudela iruditzen zaigu", diote.
Hogeitabi argentinar eta uruguaitar batek osatzen dute taldea. Arrazoi ezberdinek bultzatuta hasi ziren euskara ikasten, baina kasu guztietan arbasoen hizkuntza berreskuratzeko nahia ageri da --Euskal Herriarekin jatorri loturak dituztenen kasuan, jakina. Batzuek gurasoak edo gurasoren bat bederen daukate Euskal Herrikoa eta beste batzuetan, berriz, duela bi, hiru, lau edo belaunaldi gehiagoraino urruntzen da ameriketaratutako euren euskal arbasoa. La Platako Maria Laura Galarragak, 22 urte, birraiton-amonengandik jaso zuen euskararen berri, Tolosakoak eurak. Maria Laurak dioenez, "euskara zen nere birraitonamonen hizkuntza. Nire aita egunero joaten zen Euskal Etxera eta ni ere joaten hasi nintzenean, batzuk euskara egiten zutela ikusi eta eskolak zeudenez, ikasteari ekin nion".

[Argentina eta Uruguaitik Euskal Herrira euskara hobetzera etorritako taldea bizpahiruren faltan Maizpide sarreran (argazki erreportajea EuskalKultura.com)]

Nieves Castillo Alzuriren kasua antzekoa da. General Villegas-eko 33 urteko gazte honek azaltzen duenez, aitona euskalduna zuen "eta gazte zelarik heldu zen Argentinara. Bere helduaro osoa bertan igaro arren gaztelera ez zuen sekula ongi menderatu". Nik, tamalez, --dio Nievesek-- ez nuen ezagutu, baina euskal sustraiak sendo sentitzen ditut. Arantzakoa (Nafarroa) nuen aitona eta bere kulturan sartzen joan ahala gero eta gehiago erakarri ninduten eta horrek bultzatu ninduen euskara ikastera". Bere ikaskideetako zenbaiten antzera, amets batean ikusten du hemen bere burua Nieves-ek, "Lazkaomendiko baserri batean bizi bainaiz, postalezko paisaia baten erdian eta familia zoragarri batekin", dio irria ezpainetan.

Asko poztu naiz kalean hainbeste euskara entuztean'

Andres Monteagudo-ri, 32 urte eta Tres Arroyosekoa, euskararekin lehenengo kontaktua etxean izan duten askori gertatutakoa agitu zitzaion: "Nire aitona euskalduna zen, baina ez zuen euskara batua hitz egiten eta horrek ulermen arazoak ekarri zizkigun. Nik euskara jakiteko beharra sentitzen dut atsegin baitut euskal kultura". Hiru Errekako Euskal Etxeko irakaslea den hau asko poztu da "euskara kalean hainbeste entzutean", ez baitzen hori Argentinan esan ziotena.

[Ikasleetako batzuk Maizpideko liburutegian ikasten. Argentinar eta uruguaitarrak izanik, ezin egon mate-rik hartu gabe, 'bonbila' (matea hartzeko ontzia) mahai gainean]

Maria Elena Etcheverry ere bere arbasoen komunikazio tresna zen hizkuntza berreskuratzeko hasi zen euskararekin. "Ezin izan nuen aiton-amonen kultura eta hizkuntza etxetik jaso, oso txikia bainintzen eurak hil zirenean. Orain, hainbat urtetan ikasten aritu ondoren konturatuta nago euskarak aberastu egiten nauela eta neure nortasunaren osagarri bilakatu dela", aitortzen du 69 urteko euskaltzaleak.

'Euskara hurbil eta aldi berean ezezagun sentitzen genuen'

Beste batzuetan, Maria Carmen eta Alicia Itcearen kasuan esaterako, kontaktua euskararekin askoz zuzenagoa izan da, bi ahizpek txikitatik entzun baitzuten beren ama euskaraz mintzatzen. Horregatik, General Rodriguez-eko Eusko Aterpean euskara eskolak hasi zirelarik birritan pentsatu gabe ekin zioten. "Gure ama Argentinan jaio zen, baina euskara izan zuen ama hizkuntza --dio Aliciak--, horregatik euskara ikastea niretzat barne sentimendu sakon batekin lotutako zerbait da". "Gure aiton-amonak, Nafarroakoak alde batetik, eta bestetik, Iparraldekoak ziren --azaltzen du Maria Carmenek--. Ni, oso hurbila eta aldi berean ezezaguna sentitzen nuen hori hobekixeago ezagutzeko. Baina sekula ez zitzaidan burutik pasa hainbeste aurreratuko nuenik".

Paula Lerchundik, Buenos Aireseko Laurak Batekoa, 43 urte, antzeko egoera bizi izan zuen:"Txikia nintzenean familian euskaraz hitz egiten zen, zaharra Oriokoa (Gipuzkoa) bainuen. Bera bizi zela euskal mundua zerbait ezezaguna zen niretzat, ez bait nion gehiegi erreparatzen. Aitaren heriotzaren ondotik piztu zen euskararekiko nire interesa. Bera falta izan zenean sentitu nuen mundu hori berreskuratzeko beharra".

'Euskal Herriaren geroarekiko konpromiso pertsonala'

Emozioen alorreko antzeko behar batek ekarri zuen orain urte batzuk Maria Blanca Irusta Buenos Aireseko Eusketxera euskarazko ikastarorik ba al zegoen galdetzera. "Bultzatu ninduen lehenengo arrazoia --dio 60 urte dituen Maria Blancak-- afektiboa izan zen, nire gurasoak Euskal Herrikoak baitziren. Ama, Lagun Onak abesbatzako lehenengo partaideetakoa izan zen, baina euskara Argentinara iristean galdu zuen. Aitak, aldiz, baserritar peto-petoa bera, eutsi egin zion. Egun Laurak Bat-eko irakasle denak aitortzen duenez, bere kasuan badago "euskal historiarekiko eta Euskal Herriaren geroarekiko konpromiso pertsonaleko arrazoi bat" ere.

[Egunero, bazkalostean, taldeko hainbat ordenadore gelara hurbiltzen dira, e-mailak hartu eta bidali eta atzean utzitako familia eta lagunekin mintzatzeko. Hiru orduko aldea dago orain Argentina-Uruguairekin, Euskal Herrian gauerdia, Río de la Plata aldean gaueko bederatziak]

Elba Mocoroa cordobatarra bere aitaren hizkuntzarekiko maitasunak erakarri zuen euskararaino. Tolosakoa zen hura. "Irakaslea naiz eta gaztelania, literatura eta latina irakasten ditut, eta alde horretatik ere ongi zegoen beste hizkuntza bat ikastea --dio Elbak--, baina beste edozein ikas nezakeen eta euskara hautatu nuen. Orain, nire helburua ikasitakoa zabaltzea da eta batez ere Lazkaon igarotako denborari probetxua ateratzea ahozko adierazpena lantzeko".

Dantza euskarara inguratzeko zubi

Marina Aranguren, 30 urte eta Buenos Aires hiriko Euskaltzaleak-eko kidea, eta bere familiak beti eutsi zioten Bizkaiko osaba-izeba eta lehengusuekiko harremanari. "Eskutitzen bidez atxiki genuen; nik banekien euskaraz mintzatzen zirela eta deigarria iruditzen zitzaidanez behin Euskaltzaleak-etik pasa eta honela hasi nintzen ikasten. Ez nekien zer nolako itxura hartuko zuen harek guztiak, baina gauza da gustatu zitzaidala eta denborarekin nik neuk eskolak ematea eskaini zidatenean erronkari eutsi nion".

Dantzek garrantzi handia izan dute beti euskal etxeetan eta Diasporan oro har eta kasu askotan euskarara hurbiltzeko ezinbesteko zubi bezala jokatu dute. "Bederatzi urterekin hasi nintzen dantzan, nire aitona amaren aldetik Etxalarrekoa (Nafarroa) zelako --azaltzen du Maria Emilia Cairok, 26 urte, La Platako Euko Etxea-ko kidea--. Dantzari esker izan nuen euskal kulturaren berri. Ondoren euskara ikasten hasi nintzen eta zirraragarria iruditu zitzaidan. Berez, hizkuntza guztiak atsegin ditut eta Letra arloko Irakaskuntza ikasi nuen Unibertsitatean, baina euskarak ikasi ditudan beste hizkuntzek ez duten osagai emozional handi bat du", dio taldeko gainerakoak bezala egun bere euskal etxean euskara irakasle den Maria Emiliak.

'Soziedad Alkoholika-ren kantu bat ulertzearren'

Maria Angeles Garcíak, 32 urte eta Concordiakoa, pareko egoera kontatzen du. "Iparraldeko arbasoak ditudan arren, Euskal Etxera lagun batek gonbidaturik iritsi nintzen euskal dantzak ikasteko asmoz. Handik bi urtetara euskara ikastaroekin hasi ziren eta nire hizkuntzekiko zaletasunak apuntatzera bultzatu ninduen". Emozioz beterik esaten digu hau bere aurreneko aldia duela Euskal Herrian, "lehenengo aldia dut Euskal Herrian eta egunotan bizitzen ari naizena, pentsatzen nuena baino are ederragoa izaten ari da".

Hizkuntzara hurbiltzeko istorioen artean molde guztietakoak daude, tartean arbaso euskaldunak izan arren euskarara kointzidentziaz gerturatu direnenak ere. Horietako bat izan daiteke Gabriel Arce-rena, 25 urte. Euskarazko lehenengo hitzak Soziedad Alkoholika musika talde euskaldunaren abesti batean entzun zituen berak. "Abestietako bat ezagutzen ez nuen hizkuntza batean zegoen eta haren berri galdetu nuen. Geroago aitak kontatu zidan bere arbasoak Euskal Herritik San Luis-era argentinaratu zirela. Beraz, kointzidentziaz egin nuen topo ordura arte ezagutzen ez nuen nire historiako parte honekin".

'Jakinmina piztu zidan; gaur nire bizitzako parte da'

Sabrina Otegiren --Pergaminokoa, 34 urte-- egoerak ere kointzidentziarekin du zerikusia. "Nire aitak beti izan zuen Tolosako lehengusuekin harreman estua, baina haiek aipatzean 'lehengusu espainarrak' esaten zuen beti. Letretako lizentziatura amaitzen ari nintzela, hizkuntzalaritza klaseetako batean euskara aipatu ziguten euskaldunen hizkuntza gisa eta jakinmina piztu zitzaidan. Honela hasi nintzen ikasten, baina gaur esan dezaket nire bizitzako atal ordezkaezina bihurtu dela.

[Diasporatik etorritako taldea eta Maizpiden euskara ikasle diren beste zenbait jende elkarrekin bazkaltzen]

"Nik ez dut arbasorik edo bestelako jatorririk Euskal Herrian, baina gaur egun estu-estu nago engaiatua euskal hizkuntza eta kulturarekin --dio Maria Belen Girasolek, 22 urte. Hiriburu argentinarreko Euskaltzaleak-ek prestatutako irakaslea den honek Euskal Etchea izeneko Ikastetxean ari da egun euskara eta euskal kultura ikastaroak ematen. "Aurrena, nire mutila hasi zen euskara ikasten eta ondoren klaseetan ikasitakoa esplikatzen zidan. Beraz, halako batean neroni ere klaseetara joatea erabaki nuen, interesgarria iruditu baitzitzaidan beste hizkuntza bat ikastea. Orain, hemen egonik, hunkitu egiten nau bertako giro euskaldunak eta mimoz betetzen nauen familia batean egoteak, honen guztiaren kide sentitzen bainaiz."

'Euskararekin Tierra de Fuego-raino

Diaspora II izeneko ikasle talde hau hein handi batean erroekiko eta arbasoekiko loturagatik hurbildu bazitzaion euskarari, guztiek geroa eta etorkizunarekin lotzen dute euskal hizkuntza, 'seguru' baitaude baliagarri izango zaiela bizian, ikasitakoa adierazteko aukera izango baitute bai hemen, itzultzen direnean euren euskal etxeetan eta baita ere, diote, euren inguruan eta belaunaldi berrietan.

"Irungo (Gipuzkoa) eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) arbasoen izenean hurbildu nintzen euskarara --agertzen du bere aldetik Leonat Egiazabalek, taldeko uruguaitar bakarra bera--; geroago euskal etxe batera gerturatu nintzen, ahal nuena ikasi eta nire burua janzteko ondare gisa hartuz, egunen batean nire seme-alaba, familia eta bestelakoei irakasteko asmoz". Rocio Basterra-ren kasuan, 27 urte, Viedma-n jaio zen, Patagonian, baina Bahia Blanca-ra joan zen bizitzera. Bertan aurkitu zuen laku aproposa hizkuntza ikasteko, pilotan jokatzeko eta euskal dantzak dantzatzeko. "Viedman izan ez nituen aukera topatu nuen Bahiako Union Vascan. Orain nire helburua ikasitakoa Patagonia osora hedatzea da [Viedma Patagoniako sarrera atea da], euskararekin Tierra del Fuego-raino iristea".

'Jasotako guztia bueltatzeko aukera bikaina'

Maria Cecilia Cenoz tandiltarra, 43 urte, aitona muzkiztarraren hizkuntza ulertu ahal izateko plazerak eraginda hasi zen euskararekin. Ekaineraino Lazkaon gelditu eta EGA atera nahiko lukeenetako bat da. "Hasiera batean ez nuen uste irakasle izatera iritsiko nintzenik. Baina ongi da, modu honetan jasotako guztia bueltatzeko aukera bikaina izango baitut." Harrituta dago Maria Cecilia barnetegian euskara beti eta etengabe erabiltzeko delako. "Klasetik kanpo euskaraz jarraitzen dute, baita bazkari eta atsedenaldietan ere".

Antzeko zerbait gertatzen zaio Natalia Hormazabal-i, 26 urte, sannicolastarra, egun Rosarion bizi dena. "Argentinan ere antolatu ohi dira barnetegiak, beraz etorri aurretik pentsatzen nuen nolakoa izango zen. Bizi garen familia eta etxeetan eta barnetegi barnean jo ta ke ari gara euskaraz, eta gogorra egiten zaigu, baina ikasteko era bakarra dela iruditzen zait".

Lazkao: egunero ordu guztiak euskaraz

Nataliak dioen bezala barnetegietara ohiturik dago taldea, Argentinan FEVAk urtean bitan antolatzen baititu, udan (urtarrilean) eta neguan (uztailean). Izan ere, urtarrilekoa bukatu berria da La Platan. Hizkuntzan murgiltzeko barnetegiaz batera, Lazkaora etorri diren ikasle gehienak 2004tik hona remotoan aritu dira ikasten urtean zehar. Magdalena herriko 30 urteko Angela Diaz Ezquiagaren ustez egunotan hemengo barnetegian bizitzen ari direna eta berak pentsaturikoa bat datoz. "Hemen klaseetan egindakoa eta hango barnetegietakoa antzekoa da. Aldea, beharbada, hemen akatsak egin arren, beti segitzen duzula euskaraz hitz egiten, momentu eta toki guztietan".

Eugenia Hourçouripe, 24 urte, La Platakoa, ohituta dago barnetegietara, baina hemen dagoela ezin sinetsian dabil oraindik. "Ezin dut sinetsi Lazkaon nagoenik. Ikastearren soilik hasi nintzen euskararekin eta ez nuen inoiz pentsatuko honaino iritsiko nintzenik". Chacabucoko Jose Bocardo-ri, 26 urte, beste hainbeste gertatzen zaio. Euskal Etxera beste hizkuntza bat ikastearren iritsi zen. "Ondoren gertatutakoa ez nuen espero, oraingo egoera, Maizpiden egoteko aukera, jendea ezagutzearena, sekula ez zitzaidan burutik pasako hau guztia niri gertatuko zitzaidanik".

'Gogorra suerta daiteke, baina emaitzak begibistan dira'

Maizpideko irakasleak, Jon Joseba Urdangarin Arrietak, lan handia egin du lau urteotan Hego Ameriketako bere ikasle talde honekin, plataforma birtual baten bitartez astero lan unitateak bidaliz, eta internet bidezko mintza-praktikak proposatuz. Orain, lehenengo aldiz bildu zaio taldea Euskal Herrira. "Oso pozik nago ikasleok gure artean ditugulako eta guztiz integratuta ikusten ditudalako hemengo taldeetan. Beraien errendimendua oso ona da".

"Maila altuetan jarri ditugun arren hemengoen emaitza berberak ari dira lortzen. Hara iristean euskara maila dexente altuagoa izango dute eta ziur naiz askoz hobeto moldatuko direla irakasle lanetan". Berak ere esperientzia aberasgarria izan du honakoa. "Programaren dinamikak lan handia eskatu didan arren, emaitzak ikusirik, oso esperientzia ona izan dela aitortu beharra daukat. Gogorra ematen duen arren, prozesu honetan murgiltzear edo jadanik murgilduta daudenak animatu nahi ditut, batzuetan gogorra suerta badaiteke ere emaitzak begibistan baitaude".


Lotura interesgarriak

HABE, Helduen Euskalduntze Institutua
www.habe.org

FEVA, 'Federación de Entidades Vasco Argentinas'
www.fevaonline.org.ar

Atzo amaitu zen La Platan 2008 neguko barnetegia
2008ko urtarrilaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Maite Iturre, argentinarra: 'Zientzia Politikoak euskaraz ikasi ditut'
2007ko abenduaren 4an EuskalKultura.com-en argitara emana

Ikasle-irakasle argentinarrek Lazkaon burutuko ikastaldia
2007ko azaroaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Gracias a la vida' - Euskara ikasten Lazkaon (gazt.)
2002ko abuztuaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia