euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Dantza tailerra eman du Ekin Kultur Taldeak Tandilgo Gure Txokoan lau euskal etxe partaide

2018/06/14

Ekin Kultur Taldeak Tandilen emandako Tailerra
Ekin Kultur Taldeak Tandilen emandako Tailerra

PUBLIZITATEA

Aitor Alava buru duen Ekin Kultur Taldeak bere bosgarren tailerra eskaini du aurten Tandilgo Euskal Etxean. Hogeita hamar bat gaztek hartu zuten parte egun osoan luzatu zen ekitaldian, lagun arteko afari batekin bukatuta. Tailerrean eduki teoriko eta praktikoak eman ziren eta afalosteko ikuskizunean tailerrean ikasitakoak erakutsi zuten parte hartutako dantzariek.

Tandil, Argentina. Dantza tailerra ekainaren 9an egin zen Gure Etxea-ko instalazioetan. Bertan Tres Arroyoseko Hiru Erreka, Lapridako Lagunen Etxea, Viedma-Patagonesko Aberri Etxea eta Tandil bertako Gure Etxea euskal etxeetako gazteak bildu ziren Aitor Alavak eskainitako eskolan parte hartzera.

Tailerra bi zatitan banatu zen; goizeko saioa, 10etatik 13:30etara, beroketa integral batekin hasi zen eta horren ostean neska-mutilek dantza zuberotarrak entseatu zituzten, tartean ‘Maskarada gorria’ eta ‘Maskarada beltza’. Horrekin batera, ibilbide pedagogikoa proposatu zuen irakasleak emaitzak hobetzeko eta lehentasuna pauso teknikoek izan zute, Antrexatak kasu.

Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako ‘Agurra’ eta ‘Belauntxingo’ dantzak praktikatu zituzten eta talde koreografien artean ‘Xemeingo Ezpata Dantza’ bizkaitarra. Bigarren saio honetan ikasleen zalantzak argitu zituen Aitor Alavak eta 2018ko Gaztemundu programan aurkezteko aholku batzuk konpartitu zituen gaztetxoekin.

Tailerra bukatuta, afaltzera gonbidatu zituzten anfitrioiek bisitariak eta afalostean euskal etxe guztietako ordezkariek dantza egin zuten. Etxekoek ‘Lizartzako Makil dantza’, ‘Txulalai’, ‘Agintariena’, ‘Txotxongilo’, ‘Txapeloaz’, ‘Makil dantza’, ‘Fandango’ eta ‘Arin Arin’ taularatu zituzten. Dantza argentinarrak ez ziren festako programaren kanpoan geratu. Taldeka ‘gato’, ‘chacarera’, ‘chamame’ eta ‘zamba’ erritmoekin animatu ziren etxekoak zein bisitariak.

Aitor Alavak jakinarazi digunez, “aurtengoa ere oso esperientzia polita izan da, aurreko urteetakoak bezala. Horregatik esker beroenak luzatu nahi dizkiegu Tandilgo Euskal Etxeko lagunei gugan ipini duten eta ipini ohi duten konfiantzagatik. Eta aukera baliatu nahi dut gure lagunei gogorarazteko gure ondarea oraindik ere bahituta dagoela eta ezin dugula erabili”, berresan zuen Alavak, Eusko Kultur Etxearekin daukan gatazkari buruzko erreferentzia eginez.

Argazki gehiago, hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia