euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eider Eibar ilustratzailea Australian da ipuinak irudiekin kontatzen; Sydneyko Gure Txokon izan da

2011/05/30

Eider Eibar Sydneyko Cervantes Institutuan egin zuen emanaldian (argazkia CervantesSydney)
Eider Eibar Sydneyko Cervantes Institutuan egin zuen emanaldian (argazkia CervantesSydney)

PUBLIZITATEA

Nola azaldu 'Olentzeroren Malutak' ipuina australiar neska-mutilek osaturiko entzulegoari? Bada, irudi bidez, Eider Eibar ilustratzailea egunotan egiten ari den bezala. Cervantes Institutuak gonbidatu du Eider Australiara, eta maiatzaren 20az geroztik hamar bat lantegi eta emanaldi egin ditu jada: Sydney-en, Melbourne-n, Adelaide-n eta Australia Hegoaldeko Roxby Downs-en. Atzo igandean Sydneyko Gure Txoko-ko haurrentzako emanaldi berezia egin zuen.

Sydney, Australia. Eider Eibar ilustratzailea Australian dabil egunotan, Cervantes Institutuak gonbidatuta "Haur eta Gazte Literaturaren Egun Cervantestarra" ospatzeko. Irudien bitartez kontatzen ditu ipuinak Eiderrek eta australiar neska-mutilek aho bete hortz jarraitu dituzte iragan astean egin dituen emanaldiak. Helburua, gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzea da.

Eiderren emanaldiak maiatzaren 20ean hasi ziren Sydneyko Lewinsham Public School eskolan egin zuen saioarekin. Biharamunean Cervantes Institutuaren egoitzan Olentzeroren Malutak liburuan oinarriturik kontatu/ marraztu zuen ipuina Eibarrek. Ikusleen artera hiriko euskal komunitateko zenbait haur bildu ziren.

Eider Eibar Australia

[Lewinsham-go eskolan eginiko emanaldian haurrak adi-adi (argazkia CervantesInstitutua)]

Ondoren, Melbournera jauzi egin eta bost saio egin zituen bertan, hiriko beste hainbeste eskolatan. Emanaldiak desberdinak izan ziren: bi Muxurik nahi? liburuan oinarrituta; beste bina Mila Magnolia lore liburuari buruzkoak, eta azkena, euskal mitologiako pertsonaiei eskainia.

Maiatzaren 26an Australia hegoaldera joan eta Roxby Downs hirian egin zituen hiru saio. Mehatzaritzaren inguruan sorturiko komunitate gazte da Roxby eta Australiako jaiotze-tasa altuena du. Bertakoek irrikaz hartu zuten bisita. Hurrengo egunean, Eiderrek Adelaide hiriko bi eskolatan egin zituen saioak.

Eider Eibar Australia 2 

[Eider Eibar Sydneyko neskatila batentzat ipuinak marrazten (argazkia CervantesInstitutua)]

Atzo igandea, maiatzaren 29an, bisitaldi oso berezia izan zuen marrazkilariak, Sydneyra bueltatu eta Gure Txoko Euskal Etxeko haurrentzako ipuin-kontaketa berezia egin baitzuen, euskaraz. 

Eider Eibar Arte Ederretan lizentziatua da, eta Bartzelonako Pompeu Fabran Animazio ikasketak burutu ditu.

-Berari buruzko informazio gehiago: www.dirudi.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia