euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostia, euskal pintxoak Hanburgora, Alemaniako bihotzera, ekarri dituen delicatessen txikia

2009/02/23

Vivi Valin, Hanburgoko Donostia jatetxeko jabea (ezkerrean), eta Aner Usandizaga, jatetxeko sukaldaria
Vivi Valin, Hanburgoko Donostia jatetxeko jabea (ezkerrean), eta Aner Usandizaga, jatetxeko sukaldaria

PUBLIZITATEA

Duela urte bete baino gehixeago ireki zituen ateak Hanburgoko Donostia jatetxeak, Vivi Valin donostiarraren eskutik. Valinek euskal gastronomia eta, zergatik ez, euskal izpirituaren zatitxo bat ekarri nahi izan ditu hiri alemaniarrera abentura honekin. 'Jatetxea euskal etxe txiki bat bezala izatea nahi dugu, Hanburgoko euskaldunei eta euskal gastronomia maite duten alemaniarrei biltzeko leku bat emanez', azaltzen du Vivik. Eta alemaniar euskaltzaleak, ez pentsa, ez dira gutxi. 'Adibidez, bada hemen urtero urtero Donostiara danborrada jotzera joaten den alemaniar talde bat', ziurtatzen du Valinek.

Hanburgo, Alemania. Vivi Valin Hanburgoko Donostia jatetxeko sustatzailea da eta bertatik alemaniarrei pintxo karta eta euskal produktuak saltzen dizkie: Idiazabal gazta, txakolina, patxarana eta Errioxako ardoak, beteak beste. Valin duela bederatzi urte heldu zen hiri honetara, Irlandan ezagutu zuen neska alemaniar baten atzetik. 'Hiri oso polita da baina jateko orduan beti etxea botatzen nuen faltan eta hemen ez zegoen euskal estiloko jatetxerik. Gure jatetxerako euskal sukaldari baten bila ibili ginen, eta Aner Usandizagarekin kontaktatu genuenean, hona etortzea erabaki zuen. Duela 16 hilabete ireki genuen'.

Jatetxeko pintxoak Donostiakoak baino handiagoak dira, eta mahaietara zerbitzatzen dituzte, barran atera ordez. 'Alemanierrei lanetik irten eta eserita afaltzea gustatzen zaie, ezin da lortu jendeak zutik jatea', azaltzen du Valinek. Arrakasta gehien duten platerei buruz galdetuta, bere erantzuna 'edozein tortilla, izokina patata eta pipar berdeekin, indioilarra plantxan roquefort saltsarekin, entsaladak eta gazta' da. Edariei dagokienez, txakolinak zale asko omen ditu, baina ezbairik gabe ezustea patxaranaren arrakasta da. 'Alemaniarrek afaldu ostean likore bat hartzea oso gustuko dute', azaltzen du Valinek.

Restaurante Donostia 02

[Hanburgoko Donostia jatetxearen jangela (argazkia VValin)]

Euskal sarea Alemanian

Azken lau hilabeteetan krisia nabaritu egin bada ere, jatetxeak 'parrokia' txiki bat biltzea lortu du. Hasteko, inguruetako euskaldunak. 'Gutxi daude, baina apurka apurka gero eta gehiagorekin kontaktatzen ari gara. Batzuk duela 25 urte etorri ziren emakumeak dira, alemaniarrekin ezkondu zirenak eta seme-alabak dituztenak. Seme-alabei euskaraz egiten diete beti', aipatzen du Valinek. Vivi bera euskaldunberria da eta euskara eta euskal kultura ezagutzera emateko grina bizia du. 'Beste batzuk Euskal Herria ezagutu eta gustukoa duten alemaniarrak dira. Adibidez, bada hemen urtero Donostiara danborrada jotzera doan alemaniar talde bat. Donostiar batekin ezkonduta dago beraietako bat eta azken hamar urteetan Danborrada Alternatiboarekin atera dira'.

Valinen ametsa bere jatetxea 'euskal etxe txiki bat bezalakoa izatea' litzateke, eta gastronomiaz gozatzeaz gain bezeroek euskal kulturari buruzko informazioa izan dezaten saiatzen da. 'Euskara eta Euskal Herriari buruzko liburuak ditugu alemanieraz, Frankfurteko Euskal Ikasketen Alemaniako Etxeko Martin Petrusek emanak. Eta ahal dugun neurrian elkarrekin ekimenak aurrera atera nahi ditugu', azaltzen du. Bere nahia Alemaniako elkarte euskaltzaleekin kultur ekimenak egiteko sare bat osatzea da.

Informazio gehiago, jatetxearen webgunean, www.donostia-deli.de.

Bide batez, Valinek jatetxea martxan jarri ahal izateko laguntza eman dioten elkarteei eskerrak ematen dizkie: Miguel Angel Oribe, eskultorea (www.euskalnet.net/oribe), Lurlan, Euskal Baserritaren elkartea (www.lurlan.org), Kanpaideli (www.kanpaideli.com), Bar Martinez (31 Agosto, Donostia), Intza Taberna (www.barintza.com), Zumeta Jatetxea (Txoko Alde Auzoa, Aginaga) eta Montse Castillo argazkilaria (www.m206.com).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia