euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Denak Bat Kamerataren kontzertua eta Juan Jose Ibarretxeren hitzaldia datorren larunbatean Buenos Airesen

2012/10/17

Denak Bat Kamerataren kontzerturako gonbidapena
Denak Bat Kamerataren kontzerturako gonbidapena

PUBLIZITATEA

Giro berezia biziko da datozen egunotan Argentinako euskal diasporan Euskal Astea dela eta. Jaiaren egitarauari jarraituz, ekitaldiak hasita daude Rosarion; aldi berean eta Euskal Asteko asteburu nagusiaren aurretik, beste proposamen batzuk gauzatuko dira Buenos Airesen Euskadin Legebiltzarrerako hauteskundeak gertatuko diren asteburuan berean. Honela, bezperan, urriaren 20an, ‘Denak Bat’ Kamerata aurkeztuko da argentinar hiriburuko Nuestra Señora de la Consolación parrokian. Egun berean, eta hiriburuan baita ere, Argentinara egingo duen biraren baitan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hitzaldi bat eskainiko du Laurak Bat euskal etxean. Orotara bost hitzaldi emango ditu Ibarretxek Argentinan.

Buenos Aires, Argentina. 2012ko Euskal Asteari begira, Argentinako euskal diaspora girotzen hasia da eta programa ofizialaz gain beste ekintza batzuk antolatzen ari da hainbat hiritan publiko eta bisitari-oldea aprobetxatuz. Proposamenen artean, datorren larunbatean Denak Bat Kameratak emango duen kontzertua aipa daiteke. Xabier Iñaki de Arza Blanco-ren zuzendaritzapean eta Grace Medina bibolin nagusi, Mendelssohn, Zorzi eta Guridiren lanak joko ditu Kameratak. Emanaldia arratsaldeko 4:45etan izango da, Buenos Aireseko Nuestra Señora de la Consolación parrokian, Scalabrini Ortiz etorbideko 1073. zenbakian; sarrera, doakoa.

Ibarretxe eta 'Balio eta nortasun krisia'

Beste arlo batean, Rosarioko Euskal Astera bildu baino lehen --bertan ere hitzaldia behar du eman-- Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 'Balio eta nortasun krisia' izenburuko mintzaldia eskainiko du Buenos Aireseko Laurak Bat-en, Amorrortu auditoriumean, urriaren 20an, iluntzeko 7etan.

Ibarretxeren doktore-tesiko hitz hauekin luzatu du Laurak Bat euskal etxeak hitzaldian parte hartzeko gonbitea: "Gaur egun, 'gizarte globalean', bertokoak beste mundu bat posible den itxaropena adierazten du. Paradigmaz aldatu gara, zaharra zen: globalak bertokoa hutseratzen du; gaur egungoa, ordea, ‘local moves the world (bertokoak mundua mugitzen du)’ da. Euskadiko eredua posible izan da ‘herri’ kontzeptua existitu baita. Eta kontzeptu horrek autogobernu ekonomiko, politiko eta sozialari eman zien zentzua. ‘Herri’ kontzepturik gabe lidergo politiko konpartitua –publiko-pribatua-gizarte mailan- ez da posible”.

Bira honetan, Buenos Aireskoarekin batera, honako beste lau hitzaldiak emango ditu Ibarretxek Argentinan:

-Urriaren 21ean, Bahia Blancako Union Vasca euskal etxearen egoitzan eta euskal gizataldeari zuzendua, arratsaldeko 7:30etan
-Urriaren 22an, Bahia Blancako Universidad del Sur-eko ikasgela nagusian eta publiko orokorrari zuzendua, arratsaldeko 7:30etan
-Urriaren 24an, San Nicolasen, ‘Etxe Nasaia’-ren X. urtemugaren baitan, arratsaldeko 8:00etan
-Urriaren 26an, Rosarion, Euskal Aste Nazionalaren baitan, arratsaldeko 5:00etan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia