euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dave Bieter, Boiseko alkate euskalduna, Obamarekin Air Force One hegazkinean

2015/01/22

Dave Bieter eta Obama, hegazkinetik jaisten (argazkia @BoiseWeekly)
Dave Bieter eta Obama, hegazkinetik jaisten (argazkia @BoiseWeekly)

PUBLIZITATEA

Air Force One hegazkinean bidaiatzen duen aurreneko euskalduna izango da, ziurrenik, Dave Bieter Boiseko alkatea. Politikari euskal amerikarrak Washingtonetik Boisera itzuli behar zuen atzo, eta azken orduan lagun batek haren hegazkin pribatuan bidaiatzeko gonbitea egin zion. Lagunak Barack Obama izena du eta garraiobidea ehundaka pelikulatan ikusi dugun Air Force One mitikoa, AEBetako presidentearen hegazkina. Zeri buruz hitz egin ote zuten bidaian? Bada, euskal artzaina izan zen Bieterren aitonari buruz antza (bideoa).

Boise, AEB. Boiseko alkate Dave Bieter elegante heldu zen atzo Idahora, berehalakoan ahaztuko ez duen "taxi"-an: Air Force One hegazkin mitikoan, Barack Obama presidentearekin batera. Bieter Washingtonen izan zen, AEBetako alkateen topaketa batean, eta etxera bueltatzekoa zen atzo. Obamak ere Boisera joan behar zuen, Boise State University-n hitz egitera, eta berarekin bidaiatzera gonbidatu zuen. Ohore handia da hori estatubatuar batentzat, eta inork gutxik izan duten esperientzia. Bieterrek, noski, baietz.

Pozik heldu zen Bieter Boiseko aireportura, eta hango argazkiak --eskilarak jaisten Obamarekin, hegakiznaren aurrean... -- sarean dabiltza bolo-bolo AEBko euskaldunen artean. Bidean Bieterren familiari buruz hitz egiteko tartea izan omen zuten, eta Boiseko alkate euskaldunak bere aitona artzainaren bizitzaren berri eman zion Obamari. Entzun Bieter bidaiaren berri ematen EITB-k egin dion elkarrizketa honetan:

 

Hona Obamaren hitzaldia eta Bieter alkateaz eta haren aitona emigrante euskaldunaz eginiko aipamena (40" segundutik aurrera).

Dave Bieter Boiseko alkatea da aspalditik --hiru aldiz jarraian aukeratu dute-- eta 2008an Obamaren alde agertu zen aurreneko politikarietako bat izan zen (oraindik gogoan dugu mitin batean bota zuen Gora Obama! haren bideoa!). Euskaldunen biloba, ederki egiten du euskaraz, bere anai-arrebek bezala, eta euskal komunitateko kide oso aktiboa da. Boiseko euskal etxearen festa eta ekitaldietan parte hartu ohi du, eta baita euskararen aldeko jardueratan, esaterako, Boiseko Korrikan. Antza, Idahoko euskaldunen berri eman zion aspaldi AEBetako presidenteari. Obamaren kanpainak euskara erabili izan du ondoko Nevadan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia