euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires: Denak Bat Camerata-k Aita Madinaren "Kontzertu Sakroa” estreinatuko du, Pedro Palacin eibartarra zuzendari

2018/12/05

 "Kontzertu Sakroa” abenduaren 8an da, iluntzeko 8etan
"Kontzertu Sakroa” abenduaren 8an da, iluntzeko 8etan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Argentinar hiriburuko Denak Bat Kultur Elkarteak, ‘Camerata Denak-Bat’ proiektuaren baitan, Francisco de Madina maisuaren gitarra eta orkestrarako "Kontzertu Sakroa” estreinatuko du Buenos Airesen, obra honek --estreinatu berria absolutoki Euskal Herrian-- Euskal Herritik kanpo izango duen lehendabiziko joaldian. Elkarteko arduraduna eta Denak Bat-eko zuzendaria den Xabier Iñaki de Arza Blancok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, Euskal Herritik etorri berria den “Pedro Palacín Iriondo musikari eibartarrak ikerlan sakona egin du Aita Madinaren lan liluragarri hau berreskuratzeko eta berak zuzenduko du Camerataren kontzertua, zuzendari gonbidatu gisa”.

Cameratarekin batera, Juan Pablo Bettinotti gitarrajole argentinarrak ere joko du, bakarlari. Musika taldeak, gainera, Argentinako Juan Carlos Zorzi eta Bela Bártok musikagile hungariarraren piezak ere joko ditu.

Pedro Palacin Iriondok egindako berreskuratze lana ezagutarazteko asmoarekin, kontzertuaren aurretik hitzaldi bat eskainiko du Euskal Herritik Argentinara honetarako etorri berria den musikari gipuzkoar honek. Hitzaldian beste lan batzuen artean ‘Aita Gurea’ lan famatuaren egilea den Madinaren bizitza eta obra jorratuko ditu Palacinek eta horri lotuta maisuaren musika piezak berreskuratzeko prozesua nola izan zen ere azalduko du.

Hitzordua abenduaren 8an izango da iluntzeko 7:30etan (hitzaldia) eta 8etan (kontzertua) Laurak Bat-eko Pedro de Basaldua Aretoan, sarrera libre eta doakoa. Denak Bat Kultur Elkarteak azpimarratu nahi du “oso garrantzi handikoa den” ikuskizun honen antolakuntza posible izan dela Elkarteak Laurak Bat Euskal Etxearekin batera egindako lanagatik. “Aipagarria da gainera Buenos Aires hiriburuko Kultur Ministerioak Kultur Interesekoa izendatu duela ‘Camerata Denak Bat’ izeneko gure proiektua”, jakinarazi digu Arza Blancok.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia