euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bruselako ama euskaldun talde bat guraso gehiagoren bila dabil asteroko euskaltegi ludiko bat muntatzeko

2021/11/02

3-7 urteko neska-mutilentzako asteroko euskal proiektu ludiko bat hasi nahi dute Bruselan. Irudian, Boiseko Ikastolako haurrak (arg BI)
3-7 urteko neska-mutilentzako asteroko euskal proiektu ludiko bat hasi nahi dute Bruselan. Irudian, Boiseko Ikastolako haurrak (arg BI)

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. Helburuak, haurrei euskaraz edota euskal kulturarekin harremanetan jolasteko aukera ematea da; Euskal Herritik kanpo bizi arren, euskal transmisioari aukera hobeak ekartzea; familiek etxean egin dezaketen lanari astean behingo errefortzu ludikoa emendatzea; haurrek laguntxo berriak egin ahal izatea euskal hizkuntza, kultura eta erreferentziak lokarri.

Momentuko, aurreproiektu bat landu dute, 3 eta 7 urte arteko haurrei zuzendua, eta kezka bera izan lezaketen guraso gehiago bildu nahi lituzkete, proiektua findu eta ikustearren "behar adina ume elkartuko liratekeen", adierazi dio EuskalKultura.eus-i duela hamar urte Bruselan bizi den eta ekimeneko sustatzaile den Kimetz Etxabe Irastortza zaldibitarrak.

Zeu Brusela aldean bizi den gurasoa bazara edo bertan kezka hauetan ibil daitekeen gurasorik ezagutzen baduzu, pasaiozu mesedez informazioa eta idatzi edo deitu azaroaren 30aren aurretik honako kontaktubideetara: emaila, Kimetz84@hotmail.com; telefonoa, +32 489 509025 / 0489 509025.

Bruselako Euskal Etxeak begi onez ikusten du proposamena eta Euskadiren Bruselako Ordezkaritzara ere zuzendu dira lehenengo fase honetan.

Ideia eta ekarpenak eskertzen dituzte eta antzeko ekimenen eskarmentuen berri eta aholku, antolaketa, pedagogia zein finantziazio mailan, estimatuak dira.



Komentarioak

  • Berri pozgarria

    Beti berri pozgarria gure jendea ekimentsu eta besoak gurutzatu gabe ikustea. Zorionak eta animo osoa!

    Josune Garmendia (Nantes, Frantzia), 2021/11/02 20:10

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia