euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizitza osoko isileko lan ondradua, 6. urtez 'Ondare Tresarroyostarra' sariek jendaurreratua

2009/05/18

Sari-emate ekitaldia Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxean
Sari-emate ekitaldia Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

6. edizioa daramate Tres Arroyoseko 'Hiru Erreka' Euskal Etxeak sortutako 'Ondare Tresarroyostarra' (Patrimonio Tresarroyense) sariek, beti ere bizitza oso batean, zalaparta handirik gabe, baina lagun hurkoarekiko eta komunitatearen ongizatearekiko ekarpen apal bezain baliotsua eginez eta etsenplu isila emanez bizi izan direnen ibilbidea errekonozitzen. "Herritar eta erakundeetan saritu nahi ditugun baloreak --azaltzen dio EuskalKultura.com-i Jose Luis Artuch, Euskal Etxeko lehendakariak-- berberak dira urtero: ardura, ahalegin pertsonala, langilea izatea eta komunitatearen alde elkartasunez jokatzea". Hauek dira aurtengo izenak: Alcides Ruperto Taboada, Beatriz Olga Guridi, Cándida Domínguez, Rafael Elizalde, Francisco Rodera eta Eskola Bereziko 501. zentrua.

Tres Arroyos, Argentina. Patrimonio Tresarroyense (Ondare Tresarroyostarra) sarien banaketa hiriaren urteurreneko ekitaldiekin batera gauzatu zen, joan den maiatzaren 9an, Hiru Erreka Euskal Etxearen egoitzan. Hauek dira aurtengo sarituak: Alcides Ruperto Taboada, Beatriz Olga Guridi, Cándida Domínguez, Rafael Elizalde, Francisco Rodera eta Hezkuntza Bereziko 501. Eskola. "Herritar eta erakundeetan saritu nahi ditugun baloreak --dio Jose Luis Artuch, Euskal Etxeko lehendakariak-- berberak dira urtero: ardura, ahalegin pertsonala, langilea izatea eta komunitatearen alde elkartasunez jokatzea. Gure ustez, horrek gizartearen eredu bihurtzen ditu. Saria jasotzeko aski da herritarra izatearekin, ez dago euskal jatorrizkoa izan beharrik edo euskal etxeko kidea, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, ekimen honek Euskal Etxea bera gehiago gizarteratzen laguntzen duela pentsatzen dugu”.

Bost herritar eta eskola bat

Sarituei dagokienez, Alcides Ruperto Taboada txiki-txikitatik hasi zen lanean, 14 urterekin, Copetonas esnetegian; gero, Eskola Teknikoan ikasi zuen eta lantegi batzuetan lan egin zuen. Gaur, erretiratua dagoen arren, jarraitzen du lanean Aiello enpresan. Beatriz Olga Guridi, berriz, euskal jatorrizko familia bateko hamargarren alaba izan zen eta oso jostun gailena izatera iritsi zen Tres Arroyoseko emakumeen artean.

Bere lagun sarituetako batzuk bezala, Cándida Domínguez 14 urteak bete gabe hasi zen lanean, eta berrogeita hamar urtez jardun zuen etxe berean. Rafael Elizalde familia euskaldun batean jaio zen, Tres Arroyosen, Barrow-en, ‘chacra’ batean. Gaztetan Manuel Candiaren laguntzaile eta idazkaria izan zen; gurasoen etxetik irten zenean, berriz, zaldizain aritu zen hasieran, eta Obras Sanitarias-en, geroago. Ñata Romanellorekin ezkondu zen lau seme-alaba izan zituen. Bat euskal etxeko laguntzailea.

Francisco Rodera ere oso gaztetan hasi zen lanean. 12 urterekin sartu zen ‘Rodrigo’ izeneko loradendan. Urte batzuk pasa eta gero, beste loradenda batean, ‘Las Calas’ izenekoan, ahalegin handiz bere lokal propioa erosi arte. Azkenik, erakunde bati ere eman zaio 2009 honetan saria: Hezkuntza Bereziko 501.  Eskolari, bere 50. urteurrenean, sortu zutenetik gaur arte bertakoen hezkuntza alorrean garrantzi handiko lana egiteagatik.

Aurreskua ohore

Ekitaldia arratsaldeko seiak aldera hasi zen, etxeko lau dantzarik dantzatutako aurresku batekin eta sari banaketaren ondoren, kafe eta gozokiak eskaini zitzaizkion publikoari. Saritu bakoitzak diploma bat jaso zuen ahaide edo lagun batek emozioz emana.

Euskal Etxeak komunitate osoari eskainitako sariak

Orain dela ehun urte, euskal etxeak euskaldunek euskaldunentzako eginak ziren. Ameriketara heldu berriek euren jaioterrietan utzitakoaren zati bat arnasten zuten han. Gaur, XXI. mendeko euskal etxeek beste funtzio bat daukate. Eta gehienek, Euskal Herri txiki bat izateaz gain eta ohitura, sentimentu eta kultura baten gordailu ireki eta kutsakorra izateaz gain, gero eta garrantzitsuago bilakatzen ari dira euren tokiko gizarteko parte eta eragile bezala. Tres Arroyoseko euskal etxea eta Ondare Tresarroyostarra sariak, honen adibide ona dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia