Bilbo, Bizkaia. 2004. urtean sortua, euskal eragileentzako eta euskal jendartearentzako erreferentzia izan nahi du Bilboko San Ignazio auzoan dagoen Euskararen Etxeak. Asmoa ondo baino hobeto ari da betetzen, iazko abenduan Europako Kontseiluaren 2025eko Museoen Sariaren irabazle hautatu baitzuten, eta Euskararen Nazioarteko Egunean bertan –abenduaren 3an– eskuratu baitzion Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarreko Kultura Batzordeak (APCE).
Bilbon kokatuta badago ere, munduko edozein lekutatik bisita daiteke Euskararen Etxea, bere erakusketa birtualari esker. Erakusketak irakurketa-ibilbide bi eskaintzen ditu: lehenengoak euskararen bizindarrean sakondu eta ondoren honaino egindako bidea errepasatzen du; eta bigarrenak, kontrako norantza, esan nahi baita, hizkuntzaren bide historikoa aztertzen du eta ondoren euskarak egun duen egoera eta indarra. Bata zein bestea hautatuz erakusketaren mezu oso jasotzen da.
Euskararen presentzia Diasporan
Museoak azaltzen duenez, “Erakusketaren elementu esanguratsuenetako bat euskararen bizindarra erakusten duen instalazioa da; 600 adierazle baino gehiago jasotzen ditu, tartean Diasporako euskara ikasle kopuruarenak. Adierazle hauek hainbat iturritatik datoz —Eusko Jaurlaritza, unibertsitateak, soziolinguistika klusterra, Etxepare Euskal Institutua, azterlan eta argitalpenak…— eta etengabe eguneratzen dira”, dioskute.
“Adierazle hauen guztien bidez euskara bizitzako arlo guztietan bizirik dagoela ikusiko dugu era zehatz eta zientifikoan. Bisitariak, esaterako, asko harritzen dira Euskal Herritik kanpo zenbat euskal etxe dauden eta zenbat jende ari den euskara ikasten jakitean, baita euskara ikasteko zenbat aukera dauden ohartuta, zeure ordenadoretik, baina baita presentzialki ere, Euskal Herrian ezezik, munduko hainbat euskal etxe eta unibertsitatetan”.
Bisita birtualak Diasporatik
Diaspora eta euskarari buruzko datuak bildu eta euskararen testuinguru orokorrean kokatzeaz gain, gogor ari dira Museoan, Diasporatik eta mundutik oro har datozkien bisitei arreta onena eskaintzearren, bisita birtualetan hobetze lanak egiten alegia. “Gure erakusketa berrituaren helburuetako bat jende gehiagorengana eta urrutiago heltzea da eta horrek, duda gabe, Diasporarekin lotzen gaitu”, baietsi dio EuskalKultura.eus-i Iurdana Acasuso Museoko zuzendariak.
“Horregatik ari gara lanean berreskuratzen pandemia garaian eskaini genituen online bisita gidatuen eskaintza. Dagoeneko digitalizatuta dago erakusketa osoa eta webgunean bisitatu daiteke. Hurrengo urratsa, online bisitak Euskararen Etxeko hezitzaileek berek gidatuta egiteko aukera eskaintzea izango da eta horren ahalegin bizi ari gara. Aukera hori udazkenean prest izatea espero dugu”, aurreratu digu.
Bisitak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egin daitezke. Bisita orain hasteko, klikatu hemen.
- Euskararen Etxea Instagramen, euskararenetxea