euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilbao Mendi Film Festivalak mendia eta abentura zinema sustatuko du Mexikoko 24 hiritan martxoaren 1 eta 3an

2016/02/29

Bilbao Mendi Film Festivaleko (BMFF) kartela
Bilbao Mendi Film Festivaleko (BMFF) kartela

PUBLIZITATEA

Bilbao Mendi Film Festivalak euskal ekoizpen eta zuzendaritza duten lau pelikula eskainiko ditu Mexikoko 24 hiritan martxoaren 1ean eta 3an, tartean Mexiko Hiria, Puebla, Oaxaca, Queretaro eta Tijuana. Lau izenburu hauek ikusteaz gain, Mendi Film Festivalean egiten diren ekintza guztien berri jasoko du bertaratzen den publiko mexikarrak.

Bilbo, Bizkaia. Zinemaldetik beretik jakinarazi dutenez, Bilbao Mendi Film Festivala (BMFF) nazioarteko erreferente bat da jada mendiko zinemagintzan eta datorren martxoaren 1ean eta 3an koska bat gehiago igoko du bide horretan: Mexikora doa ekoizpen eta zuzendaritza euskalduna duten lau pelikula eskaintzera hango 24 hiritan, festibaleko ale onenetakoak biltzen dituen mostra bat zabalduz eta Euskadi promozionatuz bidenabar. Hauek dira hautatutako lau zintak:

  •  '2 T On Paiju Peak', Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza dira protagonistak WOP Fundazioak (Walk On Project) ekoiztutako lan honetan. 
  • 'Next Stop Greenland', Lara Izagirre zuzendariarena ('Un otoño sin Berlín') eta Alex Txikon duena protagonista. 
  • 'Indian Summer Festival', Pou Anaiak, Eneko eta Iker, dira protagonistak. 
  • 'Novato', Jon Herranz getxoztarrak zuzendua, Namuss Films ekoiztetxearen lana.

Martxoaren 1ean eta 3an proiektatuko dira Mexikoko 24 hiritako Cinepolis zinemetan, tartean Mexiko Hiria, Puebla, Oaxaca, Queretaro eta Tijuana.

Festibaleko zuzendari Jabier Baraiazarrren esanetan, "nazioartean Bilbao Mendi Film Festivalak duen garrantzia sendotzeko aukera handi bat da Mexikokoa, mendia eta abentura zinemagintzan egiten ari garena Ameriketan sustatzeko balioko duena". Mexikoko esperientzia beste herrialde batzuetara begirako bide hasiera izatea nahi du Festibalak, leku berrietara iristeko xedez.

Lau pelikula hauek ikusteaz gain, Mendi Film Festivalean egiten diren ekintza guztien berri jasoko du publiko mexikarrak. Mendia eta abentura zinemagintzako zaleentzat ezinbesteko jomuga bihurtu da BMFF, eta egun jakin horietan Bilbon aurkituko duten giroaren berri izango dute.

Bilbao Mendi Film Festivalak antolatu ditu proiekzio hauek, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dute. BMFFaren bederatzigarren edizioa 2016ko abenduaren 9tik 18ra egingo da, eta jardunaldi hauekin Bilbo mendia eta abentura zinemagintzaren zaleen artean jomuga gogokoenetakoa bezala egonkortzearekin batera publiko mexikarra bertara erakarri nahi da, adierazi du  BMFFk.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia