euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Belaunaldi guztiak bertan eta 440 lagun partaide, Necocheako Euzko Etxearen 80 urteak ospatzeko jai hunkigarrian

2025/05/12

Necocheako Euzko Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideek topa egin zuten laurehundik gora lagunekin elkarteko 80 urteak ospatzeko jaian
Necocheako Euzko Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideek topa egin zuten laurehundik gora lagunekin elkarteko 80 urteak ospatzeko jaian

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Necocheako Euzko Etxeak bere 80 urte emankorrak ospatu ditu, 440 lagun bilduta, tartean garai guztietako dantzari eta dantzari ohiak, musikariak, euskara ikasleak, danborrariak eta kirol jardueretan partaide diren bazkideak. Tandil, Macachin, La Plata, Lomas de Zamora, Mar del Plata eta Buenos Airesko euskal etxeetako lagunek eta, FEVAren izenean, Asier Iriberri lehendakariak ere, bat egin zuten maiatzaren 3an egindako festarekin. Topa egiteko orduan, ehunka gonbidatuen artean, 90 urte pasatuxe dituen Martita Larrazak ere jaso zuen kopa; bera, Euzko Etxea sortu aurretik 1941ean hasi zen Necocheako lehenengo dantza talde aitzindariko kide izan zen, eta partaide izaten segitzen du, gaur egun Necochean erakunde errotua den Euzko Etxean.

 
Euzko Etxeko dantza talde guztiak: Txikiak eta Ertainak, Gazte Alai, Zahar Alai, eta Dino Alai

Kostaldeko herri honetan bizi ziren euskaldunen taldea lehenagotik elkartzen bazen ere, 1945eko apirilaren 15ean sortu zuten formalki euskal etxea. Hasiera hasieratik euskal dantza Euzko Etxeko jarduera nabarmenenetako bat izan zen, eta 80. Urteurreneko Jaiak beste aukera bat eman zien dantzariei luzitu eta gozatzeko. Festan zehar Euzko Etxeko bost dantza taldeetako bakoitza taularatu zen. Txikiena, Bibi Dabadie, Alejandra Peralta eta Silvia Aguirreren eskutik, 2 eta 6 urte bitarteko haurrak partaide; Ertaina, 6 eta 11 bitartekoekin, Mili Muguerza, Costy Fernández Salvador, María Inés Sarasibar, Luli Pacheco eta Maite Bilbaoren zuzendari. Gazte Alai, 12-18 urteko gazteak bilduz, Luli Pacheco zuzendari, eta Delfi Rodríguez Berri eta Maite Pacheco laguntzaile; Zahar Alai, 20 eta 40 bitartekoek osatua; eta Dino Alai, 40 urtetik gorakoena, Belen Irungaray zuzendari. Dantzari guztiek bat egin zuten Arku Dantza hunkigarri batean, mahaikideen artean dantzari, eta bakoitza bere koreografiarekin.

Agurraren orduan, bertaratutako guztiei eskainia, soka bat egin zen, elkarrekin sei alkate, lehendakari ohi bat eta Euzko Etxeko egungo zuzendaritza batzordeko kideak. Guadalupe Benitezek dantzatuta, han izan ziren Mariangeles Ibarguren, egun bizileku duen Euskal Herritik propio etorrita, Adriana de Ustaran, Edgardo Cacho Carricart, Felipe Gogui Muguerza, Juan Leoncio Vasco Iriberri, egungo alkate Horacio Fiaco Yacomini, eta Jose Antonio Alustiza lehendakari ohia.

 
Kiti Zubillaga FEVAko lehendakari Asier Iriberrik emandako oroikurra eskuetan; eta bete-betean zegoen aretoko irudiak, dantza protagonista 

80 urte hauetan eraldaketa ugari izan ditu EEak, eta Kiti Zubillaga lehendakariak hizpide hartu zituen bertaratutakoei egindako solasean. Tartean, egoitza arlokoak, egungo dantza errepertorio anitzago eta konplexuagoa edota, nabaria, emakumeak buruzagitza maila guztietara bildu izana. "Baina", adierazi zuen, "muinak bere horretan jarraitzen du". Euzko Etxeak 700 bazkide ditu gaur egun, horietako asko kirol arlokoak. Pilotaz gain, saskibaloia, boleia eta cestoball-a ere jokatzen dira. "Erronka da guztiok osotasun bateko parte sentiaraztea, eta gure etxepean jarduerak garatzen dituzten guztiei euskaltasunez bustitzea, bereziki hasiera batean kultura arlotik urrunago daudela pentsa dezakegunei", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euzko Etxeko lehendakaria izatearekin batera Dino Alai taldeko kide gogotsu denaj.

Zorionak Euzko Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia