euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azken geltokirako bidea, 'SPrako tranbia' nobelan oinarrituta filma bihar estreinatuko dute Euskal Herrian

2008/04/29

Barbara Goenaga eta Daniel Bruhl aktoreak, 'Un poco de chocolate' filmearen eszena batean
Barbara Goenaga eta Daniel Bruhl aktoreak, 'Un poco de chocolate' filmearen eszena batean

PUBLIZITATEA

Aitzol Aramaio euskal zuzendariak egin duen 'Un poco de chocolate' filmea Unai Elorriaga idazlearen 'S.P.-rako tranbia' elaberrian oinarriturik dago. Daniel Bruhl, Hector Alterio edo Barbara Goenaga aktoreek, besteak beste, parte hartu dute bihar Euskal Herriko zineetan estreinatuko den filmean. Irune Berrok filmeari buruzko artikulua idatzi du Berria egunkarian, guk jarraian jasotzen duguna. 'Liburuaren espiritua jasotzen du filmak, neurri batean', adierazten du Elorriagak.
Irune Berro/Bilbao. Erietxetik atera berri da Lucas (Hector Alterio aktorea). 80 bat urte ditu. Eta amets andana; Sisha Pangma igo nahi du: Himalayako 8.027 metroko mendia. Badaki sekula ez duela 8.000tik gorako mendirik bertatik bertara ikusterik izango. Sekula beteko ez duen ilusioa da, beraz, SP Lucasentzat; baina ilusioa eta utopia dira azken batean bizitza mugitzen dutenak. Tranbia beste utopia bat da gizon zaharrarentzat. Bere emazte zena tranbian gogoratzen du; inor baino dotoreago tranbiara igotzen.

Maria arreba (Julieta Serrano) joan da Lucasen bila ospitalera. Etxera abiatu dira. Eta han etxe okupatzaile batekin (Daniel Bruhl) egin dute topo. Beren etxea okupatu duen mutil gazte batekin.

Unai Elorriagaren SPrako tranbia nobelatik tiraka Aitzol Aramaiok sortu duen filmean, alabaina, aktore gehiagok hartu dute parte, hala nola Barbara Goenagak, Ainere Tolosak, Mañu Elizondok, Mikel Laskurainek, Santi Ugaldek, Ramon Bareak... Denen artean, bizitzaren bi arori buruzko istorioa ondu dute. Bidaia baten abentura ere kontatu dute; bizitzaren azken geltokirako bideari buruzko abentura, hain zuzen.

Aramaiok Un poco de chocolate izenburua jarri dio filmari. «Pelikularen oso une garrantzitsu batean pertsonaia batek esaten duen esaldia da», azaldu du zuzendariak. Kataluniako Tusitalia ekoizpen enpresak ekoitzi du filma, eta Aurum enpresak banatuko du. Un poco de chocolate Euskal Herriko eta Espainiako areto gehienetara iritsiko da, horrenbestez. Hilaren 30ean estreinatuko dute, gaztelaniaz. Euskarara ere bikoiztuko dute. Oroitz Jauregik itzuli du gidoia, Elorriagaren laguntzarekin. Euskaraz noiz aurkeztuko duten ez dakite oraindik, baina «laster» izatea espero dute.

Malagako Zinema Jaialdian (Espainia), iragan asteburuan erakutsi zuten Un poco de chocolate. «Izugarri harrera ona» izan zuen filmak, zuzendariaren hitzetan. Jende askok zoriondu zuen Aramaio. Eta hainbat jaialditan parte hartzeko gonbita egin zioten. «Ez dugu ezer lotu, baina proposamen asko egin dizkigute».

Barru-barruan «zirrara» sentitu zuen Aramaiok SPrako tranbia irakurtzean, eta sentitutakoa kontatzea erabaki zuen. «Zinemara eraman zitekeen istorioa zegoela ikusi nuen. Bada gauza bat Unaik [Elorriaga] liburuan oso ondo landu zuena: euskaldunoi izugarri kostatzen zaigu maite zaitut esatea, baina norbaitengatik edozer gauza egiteko prest egotea maite zaitut esateko beste modu bat da». Izaera horretatik abiatuta idatzi du gidoia Aramaiok, Mitxel Gaztanbiderekin batera.

UMOREA ETA SAMURTASUNA

Un poco de chocolate pelikulak kontatzen duen istorioa Elorriagarena dela argi du Aramaiok. Haatik, filma ez dela liburuaren isla zuzena uste du zinemagileak, «literaturak eta zinemak kode desberdinak dituztela kontuan hartuta». Aramaiok eta Gaztanbidek SPrako tranbia-n ageri ez diren pasadizo txiki eta zertzelada batzuk gehitu dizkiote filmari; «gure gauzak».

Liburua markatzen duten osagaietako bik, ordea, indar handia dute filmean: umoreak eta samurtasunak. «Oso nabarmenak dira pelikulan», Aramaioren esanetan. Eta ez horiek bakarrik. «Ikuspegi baikorrak ere markatzen du pelikula, izateko modu horrek indarra du filmean. Horrek ez du esan nahi pertsonaia horrek arazorik ez duenik edo sufritzen ez duenik». Baina Lucasek gauzak begi onez, umorez eta lasaitasunez ikusteko hautua egin du, eta bere inguruko jendeak ere halaxe egiten ikasiko du. Egunerokoa nahiko soseguz bizitzen; arnasa hartzen: zoriontsu izaten.

Aramaiok Algortako Portu Zaharrean grabatu du Un poco de chocolate film gehiena. Elorriagak herriko jaietara gonbidatu zuen Aramaio, eta zinemagileari ikaragarri gustatu zitzaion Algorta. Idazleak berak, gainera, Algorta izan zuen buruan SPrako tranbia idazteko orduan.

Aramaioren arabera, «xarma berezia du Portu Zaharrak». «Leku harrigarria da; kotxerik ezin da sartu eta dendarik ez dago. Izateko era bat markatzen du horrek, bizitzeko erritmo bat». Portu Zaharrak pertsonaien izaera markatu duela uste du Aramaiok. «Horregatik aukeratu nuen». Horretaz gain, Bilbon, Portugaleten eta Zaldibian grabatu dituzte zenbait eszena.

Haatik, Un poco de chocolate filmean leku eta garai zehatzik ez da aipatzen. «Hasiera-hasieran hartu genuen erabakia izan zen; beste ezeren gainetik pertsonaiak gailentzea nahi genuen». Pelikulan agertzen diren koloreekin «lan handia» egin dute, halaber. Portuko txalupa txikiak gorri-zuri-turkesak dira, eta horiek dira pelikularen koloreak. Lucasen eta Mariaren etxea, portua, kotxeak... Gorri-zuri-turkesak dira denak.

Iazko udan filmatu zuten Un poco de chocolate. Eta filmaketa «primeran» joan zela azaldu du Aramaiok. «Istorio positiboa kontatu nahi nuen, eta, horrenbestez, pelikula egiteko prozesua halakoa izatea nahi nuen. Moral positiboa eduki behar genuen». Dena joan da ondo. Elorriagarekin eduki zuen lehendabiziko hartu-emanetik filmaren estreinaldira. «Oso pozik nago talde osoaren lanarekin».

BINGEN MENDIZABAL ETA JOSU ZABALA

Aktoreek pertsonaiak bere egin dituztela uste du Aramaiok. Askatasuna eman die haietako bakoitzaren nortasuna lantzeko. «Prozesu artistikoa ederra izan da». Pelikula egitea esperientzia «aberasgarria» izan dela dio Aramaiok; «asko ikasi dut». «Gainera, nahi nuen istorioa kontatu dut, nahi nuen bezala».

Bingen Mendizabalek sortu du filmeko musika. Euskal pieza tradizionalak ditu oinarrian: arin-arina, ezpata dantza eta Iparraldeko artzain dantza. «Aspalditik nuen gogoa euskal musikarekin zerbait egiteko; eta zehatzago, trikitiarekin», esan du Aramaiok. Josu Zabalak jo du trikitia eta Mendizabalek orkestrazio bat sortu du. «Beraz, lehengo erara jota daude hainbat pieza, baina beste zenbait eszena laguntzen dituzten musika obrak egungoak dira». Musika «oso minimalista» dela agertu du zuzendariak; «emozionala». Filmak kontatzen duen istorioa bezain sentibera.

UNAI ELORRIAGA, Idazlea

«Liburuaren espiritua jasotzen du filmak, neurri batean»

I. Berro/Bilbo. Unai Elorriagak duela egun batzuk ikusi du Aitzol Aramaiok haren nobelan oinarrituta sortu duen filma, Un poco de chocolate.

-Zer iruditu zaizu SPrako tranbia nobelan oinarrituta Aitzol Aramaiok egin duen filma?

Berezia da, bitxia. Ez da ohiko pelikula. Hector Alteriok Lucas pertsonaiaren bidez pelikulan aurrera eramaten zaitu, azkenean berarekin batera hiltzeko. Hori, oso gogorra. Bizitza luzatzea da. Pelikulak oso gauza onak ditu. Beste batzuk beste modu batera egingo nituzke, ez nituzke horrela egingo, baina bakoitzak nahi duena egiten du, edo ahal duena.

-Beraz, bi obra desberdintzen dituzu; liburua batetik eta pelikula bestetik.

Badira gauza asko liburuan eta pelikulan daudenak, hau da, liburuan azaltzen diren gauza asko ondo islatuta daude pelikulan. Esate baterako, liburuan badago hilerrian gertatzen den pasartea. Getxoko hilerria buruan nuela idatzi nuen, eta eszena hori hortxe filmatu dute. Berdin-berdina egin dute, libururako nik pentsatutako moduan. Elkarrizketak ere berberak dira, liburukoak. Filmean azaltzen diren beste gauza asko, ordea, gidoikoak dira, ez daude liburuan, haiek asmatutakoak dira. Orduan ezin daiteke esan pelikula liburua denik. Hala ere, uste dut liburuaren espiritua jasotzen duela pelikulak. Neurri batean, behintzat, bai.

-Ohiz kanpoko filma dela esan duzu.

Liburua ere ezohikoa da; ez du hasierarik, ez korapilorik, ez amaierarik. Ez da liburu kanonikoa, klasikoa. Pelikula egiteko orduan, hari moduko bat sortzea erabaki zuten, baina azkenean bertan behera utzi zuten. Pasarteak dira. Gizon zahar baten bizitzaren pasarteez osatutako pelikula da. Eta hildakoak agertzen dira. Horrek, koloreek eta musikak oso giro irreala sortzen dute. Erreala da dena, baina giro irreala du pelikulak. Giro hori nahiko bitxia da.

-Pelikulako gauza batzuk beste modu batera egingo zenituzkeela esan duzu. Zeintzuk?

Horretan ezin naiteke sartu. Pelikula beste baten artelana da. Kasu honetan, Aitzolena [Aramaio] eta Aitzolek deitu dituen lagun guztiena. Obra zuzendari eta talde artistiko eta teknikoarena da. Beste pertsona batzuen proiektua da. Artelan bat sortzen duzunean, gogoetak egiten dituzu, zure marka uzten duzu obran. Aitzolek gogoeta batzuk egingo zituen pelikula egiterakoan, nik liburua idazterakoan beste batzuk izan nituen bezala. Horietako batzuetan bat etorriko gara seguru asko; eta beste batzuetan, ez. Pelikulan agertzen diren gauza batzuk izango dira bere obsesioak, nik ez ditudanak. Horregatik ez daude liburuan. Baina espiritua antzekoa da; Aitzol eta biok oso antzekoak gara gauza askotan.

-Film gehiena Algortan grabatu dute. Zuk ere Algorta izan zenuen buruan nobela idaztean, ezta?

Bai, baina hor tranpa dago. Nik Algortako goiko aldea izan nuen gogoan eta pelikula Portu Zaharrean grabatu dute. Portu Zaharra nire haurtzaroaren zati bat da, baina ez da Algortako goiko partea. Onartzen dut Portu Zaharrak baduela estetika bat goiko parteak ez duena. Baina nik asko estimatzen dut goikoa, geltokia dagoen lekua. Bisualki indar handiagoa du behekoak.

-SPrako tranbia-rekin Espainiako Narratiba saria irabazi zenuen ustekabean. Orain filma egin du Aitzol Aramaiok nobelan oinarrituta. Zein izango da liburuaren hurrengo geltokia?

Bitxia da liburuekin gertatzen dena. Isilean egiten duzu lan bat, eta halako batean mundu guztian barreiatzen da. Lehendabizi Euskal Herrian barreiatu zen; gero Espainiara heldu zen; halako batean Alemaniara; gero Italiara... Herri askotan ari dira liburua argitaratzen. Hego Amerika osoan atera dute. AEBetan Vredaman argitaratzea nahiago izan dute, eta liburuak ondo funtzionatuz gero, SPrako tranbia eta Van't Hoffen ilea aterako dituzte. New Yorkeko Archipelago Books argitaletxea ari da lanean horrekin.

-Zer du SPrako tranbia-k horrenbesteko arrakasta izateko?

Ba ez dakit, egia esateko. Duela hamar urte idatzi nuen, eta orain akats asko ikusten dizkiot. Pertsona baten lehen liburua dela nabaritzen da. Orain idazten ari naizen nobela erabat desberdina da; aldatu ditut estiloa eta tonoa.

(2008-04-20ean Berria-k argitara emana)


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia