euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Aurrera darrai EuskalKultura.com-ek, baina abendu azkenean gure lantaldea murriztu eta egoitza galduko dugu"

2016/12/22

Bego Miñaur (lehenengoa eskuinetik) EuskalKultura.com lantaldearekin 2013ko argazki batean. Bulegoa eukitzeak bertan bekadun eta kolaboratzaileak izatea ere ahalbideratu izan digu (argazkia BasqueTribune.com)
Bego Miñaur (lehenengoa eskuinetik) EuskalKultura.com lantaldearekin 2013ko argazki batean. Bulegoa eukitzeak bertan bekadun eta kolaboratzaileak izatea ere ahalbideratu izan digu (argazkia BasqueTribune.com)

PUBLIZITATEA

2016 urtea bukatzearekin batera, EuskalKultura.com-ek, proiektura duela 12 urte bildu zen Bego Miñaur kazetaria galduko du eta orain arte Donostian bulego izan duen egoitza ere itxiko du. Proiektuak, berez, segituko du, baina jende eta bitarteko gutxiagorekin, ekonomiak hala aginduta. Urte hasieran zeuden prebisioak ez dira bete eta urte azkenerako aurreikusitako diru-sarrerak ez dira sartu, beraz, egoera gaiztoak erabaki larriak behartu ditu. Aipatu gabe ezin utzi, eta Begori ezin joaten utzi merezi dituen eskerrak eman gabe.

Donostia-San Sebastian. Orain hamabi urte sartu zen EuskalKultura.com-era lanera Bego Miñaur kazetari elantxobetarra. Ez da bera jendaurrera ateratzea eta alperrikako erakuskeriatan ibiltzea gustuko duen pertsona, baina Diasporaren alde eman duenak merezi du publikoki eskerrak ematea eta despeditzeko aukera eskaintzea han-hemenka urte hauetan euskal etxe eta komunitateetan lagun, informazio-emaile edo informazio-hartzaile izan dituen hainbat eta hainbat laguni.

Bego galtzearekin batera, orain arte Donostian zuen bere bulegoa itxiko du EuskalKultura.com-ek, proiektuak interneten daramatzan hamabost urte hauetan guztietan izan dituen gora-behera askoko ibilbidean uhinaren behean utziz. Bego gabe eta bulegorik gabe, saiatuko gara ahalik eta duinen aurrera egiten, badakigun arren ahalegin estra esanguratsua egitea eskatuko digula, dagoeneko horrelakoan egiten ohituta egon arren. Ez da lehen aldia bulegorik gabe geratzen garena, baina Bego joateak guk nahi baino modu askoz pisuagoan baldintzatuko dizkigu eguneroa eta gerora begirako planak.

Bi hitzetan esatearren, eoera honen zergatiak xinpleak dira: urte amaierarako aurreikusita geneuzkan diru sarrerak (iazko berak izatea aurreikusita genuen, ez pentsa) ez dira gertatu. Aurten arte urte luzetan proiektuaren lagun izandako erakunde batek kale egin du. Urte hasieran emandako esperantzei segika, urtean zehar zehazten eta gauzatzen saiatu gara gaia, eta bilerak eskatzen, baina atzeratzen eta atzeratzen joan dira bilerak zein erantzunak, urtea ahitu den arte. Batzuetan urte amaiera garai egokia izaten da azken orduko bultzadaren bat hartzeko, baina aurten ez digu batere berri onik ekarri. 

Mirari edo ezusteko handirik gertatzen ez bada --motiburik eman, eta erabat prest gaude mirakuluetan sinesteko!--, Bego eta bulegoa galduta 2017 hasiera ez da samurra izango EuskalKultura.com-entzat. Oro har Diasporarekin soma daitekeen joera baten adierazgarri da: hitz onak eta errekonozimendu apur bat, baina islarik gabe horren lagun banaezina beharko luketen aurrekontuetan.

Ez da hau proiektu honek jasotzen duen lehenengo kolpea, baina bistan da, aurrera egin ordez honela atzera egiteak min ematen digu. Domaia, egiazki pena handia da lanerako prest zaudenean, urtetako lan-ibilbide emankorrarekin, batere erraza ez den proiektu batean eta behar dituzun bitartekoak baino askoz gutxiagoz aurrera egiten, dituzun medio horiek ere aizkorakada batez kentzea.

Egoerak, beraz, tristetu bai, baina ez gaitu kikiltzen. Ditugun indarrekin aurrera egingo dugu, asmoz behintzat buruan dugun azkena ixtea baita. Baina geroak esango du, zulo ekonomikoa zulo beltz bilakatzen bada erabat irentsiak izateko ariskua baitugu. Geure partea, baina, Diasporaren alde kontzentziatutako gizarte zibileko parte gisa betetzen saiatuko gara, hori baita erantzukizunak eskatzen diguna.

Begoña Miñaur eta bulegoko +34 943 504477 telefono zenbakia (besteak, 943 316170ak segituko du) lanean egongo dira urteak iraun bitartean.

Eskerrik asko, Bego, eta bisita edo deiren bat egingo diguzu lantzian behin, Facebook edo Twitter-ez ditugun zalantzak argitzeko. Plazera izan da.



Komentarioak

  • BIBA ZUEK

    Berri txarra bainan segur naiz ekaitzaren ondoren barea etorriko dela.
    Aupa Bego, Joseba eta besteak. Zuen lana oso polita zen eta izango da .

    ELORGA Noël, 2016/12/28 17:03

  • Eskerrik asko

    Eskerrik asko Euskal Kultura Diasporaren ekintza kulturalak zabaltzeagatik! egoera larri honetan gure laguntza eman nahi dizuegu.

    Euskaltzaleak (CABA), 2016/12/28 15:32

  • Elkartasuna Euskal Kulturari

    Euskal Kultura.comeri esker segitzen ditut gure mundu zabaleko Euskal Herriaren berriak eta harrigarria iruditzen zait euskaldunon lokarri den holako tresna bat bertan behera erortzen uztea. Hain sobran al ditugu ilusioz eta konprometituta lanean dabiltzan ekimenak? Zer nahi dugu gure diasporarentzat, aurrera ala atzera joatea=? Zertan dabiltza gure administrazioak?????

    Jabitxu, 2016/12/27 07:21

  • Besarkada bero bat

    Berri txarrak dira Diasporarentzat eta zuen lanaren onura jasotzen dugunontzat. Ea erakundeetatik zuena bezalako lanen balioa ulertu eta laguntzen duten. Animo eta besarkada bero bat

    Miren Goñi, 2016/12/26 01:12

  • Zorionak

    Pena handiz hartu dut berri hau. Euskal Kultura Diasporarekin batzen gaituen komunikazio tresna garrantzitsu bat da. Nire Zorionak orain arte egindako lan guztiarengatik, eta eskerrak Begori zein beste lan talde ta zuzendaritzari. Animo guztiak eta ea egoera honek ez duen luzaro irauten.

    Aritz (Lemoa), 2016/12/22 16:16

  • Lotsagarria

    Lotsagarria da Eusko Jaurlaritzak Euskalkultura.com -ekiko duen jarrera. Espero dut Asier Vallejok ez duela luzaroan jarraituko, niri behintzat lotsa emango lidake.

    Daiaspora (Aske), 2016/12/22 13:08

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia