euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzo heldu ziren Buffalo Wyoming-era 2008ko NABO Udalekuan parte hartu behar duten 42 haurrak

2008/06/16

2008 NABO Udaleku hasiera atzo arratsaldez Wyoming-eko Buffalon. Lehenengoa eskuinean Teresa Fieldgrove (argazkia EuskalKultura.com)
2008 NABO Udaleku hasiera atzo arratsaldez Wyoming-eko Buffalon. Lehenengoa eskuinean Teresa Fieldgrove (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal jatorrizko haurrak errezibitzeko eguna izan zuten atzokoa Buffalon. 42 haur dira aurtengoan, gehienbat bat Estatu Batuetako sei estatutatik (Kalifornia, Idaho, Kalifornia, Oregon, Utah eta Wyoming), baina baita Kanadatik (2), Euskal Herritik (1) eta Espainiatik (1) ere etorriak. Ia bi astez Buffalon eta Wyoming-eko mendietan ibiliko dira, izadiarekin zein euskal kulturarekin harremanetan. Euren sustraiei buruz ikasiko dute, baina batez ere ongi pasatuko dute, lagun berriak eginez, lagun 'euskaldunak, agian bizitza osoan lagun iraungo duten lagunak', bertatik esan zaigunez.

Buffalo, Wyoming, AEB. Haurrei harrera egiteko eguna izan zuten atzo Buffalon. Bertako euskal komunitateko familiak zeuden zain, ia bi astez euren etxeetan familiakide izango dituzten haurrak noiz iritsiko. Bertako Big Horn Basque Club Euskal Etxeko hainbat bazkidek emana zuen izena Buffalotik hurbilen dauden aireportuetara --hurbilen bai, hurbil ez-- haien bila joateko. Arratsaldeko hiruretatik aurrera eta zazpi t'erdiak arte, autoak eta haurrak iristen joan ziren Buffaloko herri parkera. Afari-meriendari ekin bitartean, aurkezpenen eta solasen tenorea izan zen.

Izan ere, komunitate ahalegina da Udaleku antolatzearena, haurrak euskal etxe antolatzaileko familia bazkideen etxeetan geratzen baitira. Goizeko zortzietatik arratsaldeko seiak inguru arte Udalekuko ekintzetan dabiltza. Ondoren host families edo 'familia hartzaileek' etxeratzen dituzte, jadanik afalduta. Udalekuko edukiei dagokienez, irakasle edo instruktore talde batek darama taldearen gidaritza, zuzendari baten koordinaziopean. Harekin elkarlanean, bigarren zuzendari batek logistikaren ardura darama, klaseak, saioak eta ekitaldiak gauza daitezen behar diren baliabideak hornituz. Aurtengoan, Kate Camino da bata, eta Teresa (Escoz) Fieldgrove bestea, buffalotarrak biak Kate urtean zehar Nevadako Renon bizi bada ere.

Bart lehenengo gaua Buffalon eginik, gaur goizeko 8:30etan abiatuko da ofizialki 2008ko Udalekua. Ohi bezala, euskara, euskal dantzak, kultura eta txistua izango dira jolas eta asti libreko ekimenen artean jorratuko diren gai nagusiak. Helburu behinena, haurrek ongi pasatzea, euskal giroan, lagun berriak eginez, euren sustraiei buruz zeozer ikasten duten bitartean. Estatistikak maite dituztenentzat, esan 10-15 urte bitartean dituzten 42 haurren artean %75 bat neskak direla, eta mutilak hamar besterik ez. Edonola ere, guztiak prest, Buffalon bigarrenez antolatu den Udalekuari ekiteko.

Lotura interesgarriak

Berrogei bat haur euskalamerikar 2008ko Udalekun
2008ko ekainaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia