euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Archibaldo Uriarte: "Euskal Enparantza batek euskaldunek Valparaisori egindako ekarria ohoratuko du"

2015/10/02

Aita bakiotarra, Luis Archibaldo Uriarte Araya Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakaria da (argazkia EuskalKultura.com)
Aita bakiotarra, Luis Archibaldo Uriarte Araya Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakaria da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

'Porteñoa' da, hala deitzen baitzaie gaztelaniaz Valparaison jaiotakoei, baina bere bizitza txiletarra euskal sentimentuek aberastua jaio eta hazi zen. Aurtengoa, gainera, urte berezia du Archibaldo Uriarte Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakariak, Mendeurrena ospatzen ari baita bere elkartearen aurrekaria, euskal emigranteek hirian 1915ean sortutako Elkar Laguntzeko Euskal Txiletar Etxea Elkartea.

Joseba Etxarri. Esaerak, bilbotarrak nahi duten tokian jaiotzen direla dio eta, nola ez, gauza bera gertatzen da bilbotarra izatearen ia sinonimoa den athleticzale izatearekin. Erdi serio erdi txantxetan, zalantzarik ez da fenomeno hau, izaera eta sentipen sakonak izatearena ez duela Diasporan sorlekuak erabakitzen, etxean bizitutakoak baizik, hazi izan zaren famili-giroak, ohitura, kultura eta irakatsitako baloreek eta, nola ez, zeure gurari, borondate eta deliberoak. Luis Archibaldo Uriarte Araya duela 67 urte jaio zen Txilen, baina Bizkaia, Euskadi eta Athletic-i lotua. Ongi arduratu zen horretaz bere aita, Juan Jesus Uriarte Ugalde, Bakioko Makuena baserrian jaioa eta 1925ean, hamabost urteak betetzear zeuzkala, soldaduskara joatea errefusatu eta Euskal Herria utzita Txilera abiatu zena, bertako Bostgarren Erregioko buru den Valparaison osaba-izebak zeuzkala-eta haiek deituta, eta hortik aurrera bertan bizitza eraiki, bertako batekin ezkondu eta bertan familia sortuko zuena, euskal-txiletar, bost seme-alabak bi tradizioak uztartuz hazita, berak ez baitzuen sekula Euskal Herrira itzultzeko aukerarik izan.

Ez zen berea kasu isolatua, Valparaiso eta itsatsita duen Viña del Mar hiria, euskaldun askoren biltoki bilakatzen hasiak baitziren ordurako, asko merkataritza arloan finkatuta eta elkartzen ere hasita. Izan ere, 1915ean "Elkar Laguntzeko Euskal Txiletar Etxea Elkartea" sortu zuten (Sociedad Centro Vasco Chileno de Socorros Mutuos), aitzindaria Txile bezala euskaldun asko errezibitu zituen herrialde honetan: bereziki 18. mendetik aurrera Hegoaldekoak, eta 19.enetik aitzina baita Iparraldekoak ere. Euskaldunak herrialdearen luzera osoan kokatuko ziren, eurekin pilotazaletasuna ere lagun, pilotan arituz eta kantxak eraikiz horretarako aukera zeukatenean, baita Valparaison ere. Gure solaskidearen amaren abizena ere, Araya, aspalditik oso hedatua Txilen, euskaldunen presentzia goiztiarraren adierazgarri da Unamunok euskaldunen emaitza-tzat aurkeztu zuen herrialde honetan.

Gaurkotasuneko galdera batekin hastearren, orain egun batzuk 4.9 neurriko lurrikarra izan duzue Valparaison. Kalterik eragin al du Eusko Etxean edo euskal komunitatean?

-Zorionez ez. Ez zen gauza bera gertatu 2011ean, egoitza gisa erabiltzen genuen lokala galdu genuenean, egitura zeharo kaltetuta. Zorte handikoak izan ginen Eusko Jaurlaritzak sostengua eman baitzigun eta horri esker sartu ahal izan ginen gaur egun egoitza daukagun eraikinean, Viña del Mar-en, hein handi batean gure ekimenak ahalbidetuz. Txilen etengabe dauzkagu lurrikarak eta lantzean behin handi eta suntsitzaileak direnak heltzen zaizkigu. Gauza bat bakarrik daukate ona: alkartasuna eragiten dutela fenomeno natural hauek, lurrikarek, uholdeek... Orain dela gutxi, esaterako, neska euskaldun batek, Amaia Goitiak, ekimen bat abiatu zuen, Euskadiren hemengo Ordezkaritzaren sostenguz eta euskal komunitatea ere lagun, Txile iparraldean suertatutako uholdeetako kaltetuei laguntzeko.

Valparaisoko lehenengo euskal etxearen Mendeurrena ari zarete ospatzen  aurten.

-Elkartea 1915eko irailaren 4ean sortu zen, baina jende-ospakizun nagusia abuztuaren 15ean egin genuen, egunpasa eta bazkari jendetsu bat antolatuta. Egiari zor, ospakizun-egitaraua urte osora zabaldu dugu, uste baitugu garantzitsua dela jakinaraztea eta bertako prentsan oharraraztea euskaldunek hiri honi eman dioten eta ematen ari zaizkion ekarpen baliotsuez. Hiriaren hasieratik gaude hemen, Valparaison, eta Bostgarren Erregio osoan. Euskaldunetako asko merkatariak izan dira hiriko historian, hainbat arlotan, profesionalak, baita apaizak ere, gogora ekartzeagatik oso ezaguna izan zen bat, aita Hilario Olazaran, kaputxinoa, organojole eta musikari ona, irrati-gizona eta txistularia; nire aitaren lagun handia. Gure historian aipatu beharrekoa da Agirre Lehendakariak hirira 1941ean egin zuen bisita, aurrekoa eta ondokoa bereizi baitzituen. Alkateak eta bertako agintari zibil eta militarrek errezibitu zuten eta bere karismari esker euskaldunen presentzia antolatuak bide bateratua sendotu zuen, bat eginik Eusko Etxean hirian aspaldiagotik bizi ziren euskaldunak eta Espainiako gerra zibilaren ondoren heldutakoek, Pablo Neruda Txileko kontsul Parisen zegoela antolatutako Winnipeg ontzian iritsitakoak tarteak. Oso pozgarria da gure euskal etxeak Mendeurrena ospatzen ahal izatea "Elkar Laguntzeko Euskal Txiletar Etxe" gisa sortu zenetik.

Berehala Gasteizera zoaz, Euskal Gizataldeen 6. Mundu-Batzarrean parte hartzera.

-Uste dut garrantzitsua dela oso elkar hobeto ezagutu, elkarren berri hobea izan eta komunkazio hobea izatea, ez soilik Eusko Jaurlaritzarekin, munduko gainerako euskal etxeekin ere baizik. Iaz, lehenengo aldiz, Argentinako Euskal Aste Nazionalean hartu nuen parte eta oso esperientzia aberasgarri bezala bizi izan nuen. Izan ere, aurten ere joatekotan naiz, urriko azkeneko astean. Mundu-Batzarrean, Valparaisorik buruz, Euskadirekin harremanak zabaltzen ari den hiri eta eskualde gisa aurkeztuko dut. Duela hilabete batzuk, gure erregioko ordezkaritza bat bisitan izan zen Gipuzkoan bidaia ofizialean , hainbat arlotako partaideekin, hango unibertsitateak, enpresak eta erakundeak bertatik bertara ezagutzen. Valparaisoko metroko bagoiak, esaterako, Beasaingo CAFen eginak dira. Valparaisoko portuak eta Bilbokoak senidetzea gauzatu dute, unibertsitate arteko hitzarmenak medio euskal gazteak hiriko unibertsitateetara datoz ikasi eta trebatzera; eta euskal etxera hurbiltzera gonbidatzen ditugu, eta bat edo beste euskara eskoletan laguntzaile izan dugu. Bestalde, urteak dira Unibertsitate Katolikoan eta Valparaisokoan Euskara eta Euskal Kultura eskolak ematen direla hautazkoak, Etxepare Institutuari esker. Eta primizia bat: utzidazu esaten harrotasunez Mendeurrena dela-eta, gure alkate Jorge Castrorekin bildu ginela eta hitzarmen bat sinatu dugula, honen bidez leku bat ematen digute Hiriaren bihotzean, Argentina Hiribidean, Nazioko Kongresuaren ondoan, euskal plaza bat, Eusko Enparantza, eraikitzeko, hiri honi hain ekarri handia egin dioten euskal emigranteei esker onez, euren gorazarre eta ohoragarri.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia