euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ane Egia: Ikastola klandestinotik Los Toldos-ko euskal etxera, Argentinan, bizitza osoa euskararen inguruan

2013/04/03

Ane Egia pasaitarra
Ane Egia pasaitarra

PUBLIZITATEA

Ane Egia Goienetxea Gipuzkoan jaio zen, Pasaiako Trintxerpe auzoan. Gaztetxotan sartu zen andereño ikastolen mugimenduan eta 43 urtez euskaraz jarraitu du irakasle Euskal Herrian. Klandestinitatea, parrokiapeko lana eta gau eskolak; danborradak, Santa Ageda koruak eta Txabolsotoak herriko jaietan; Korrika, Herri Urrats eta Nafarroa Oinez... momentu ugari izan dira eta marka sakona utzi diote gaur egun Argentinan bizi den andereño honi. Egun erronka bestelakoa du, euskara irakasle jarraitzen baitu Ane Egiak, oraingoan Euskal Herritik 12.000 kilometrora. Desafio berriak ez du batere kikiltzen euskarari begira baikor baino baikorragoa den Los Toldoseko Oroimenez Euskal Etxeko irakasle berria.

Los Toldos, Argentina. Los Toldos-eko Oroimenez Euskal Etxean euskara eskolak emateko asmoa erakundearen sorrerarekin batera sortu zen. Izan ere, orain hilabete batzuk, elkarte berriko lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatu bezain laster, klaseak martxoan hasiko zirela iragarri zen, eta esan eta egin: martxoaren 20an izan zuten ikasleek lehenengo bilera. Buenos Aires probintziako herri honetako euskal etxean euskarak hartu duen lekua, ordea, ez da kasualitate hutsa.

“Pasaitarra naiz, Trintxerpe auzoan jaioa. 17 urterekin hasi nintzen eskolak ematen Herri Ametsa Ikastolan, batxilergoa bukatu bezain laster” azaldu dio EuskalKultura.com-i Oroimenez Euskal Etxeko batzordekide eta euskara irakasle den Ane Egia Goienetxeak. “Momentu haietan, nire aita zenak -Andoni Egiak- beste aukerarik gabe, ikastolako andereño postua eskaini zidan bera baitzen garai hartan ikastolako sortzaile eta lehendakaria. Gerora ere, beste zenbait ikastola gehiago ere sortu zituen aitak”, ekartzen du gogora Egia Goienetxeak.

Euskara i(ra)kastea Francoren garaian

“Ez dugu ahaztu behar Francoren garaian geundela oraindik eta hau guztia klandestinitatearen barruan egin beharra zegoela. Ikasle-irakasleok etxez etxe eta izkutuan ibiltzen ginen eskolak ematen. Gero elizaren eta batez ere, apaizen laguntza heldu zen eta 'parroki eskola' bihurtu ginen. Hura garaia! Sei urte eman genituen klandestino eta egia esan, oso ondo etorri zaizkit gero urte horiek, Eusko Jaurlaritzak erretirorako kontutan hartu baitizkigu!”, diosku Anek.

"Geroago, burua ateratzen hasi ginenean, Magisteritza ikasi nuen gauez, egunez eskolak eman behar bainituen. Hirugarren kurtsoa aurrez aurre izan zen eta bukatu ondoren, Herri Ametsa Ikastolara bueltatu nintzen, duela bi urte jubilatu naizen arte”.

Euskal giroa, etxean, lanean, kalean

“Berrogeita hiru urte ikastolan eginda, denetarik egitea suertatu zait, ikastolan eta ikastola inguruan: andereño egunez, gauez gau eskola helduentzat, udan udalekuak umeekin, testu liburuak Ikastoletako Federakuntzapean, Txabolsotoak herriko jaietan, Olentzero, Santa Agedako koruak, Donostiako Danborrada -25 urtetan izan nintzen gure ikastolako ikasleen danborrada arduraduna-, Kaldereroak, Inauteriak, Kilometroak, Korrika txikia, Korrika handia --'behin baino gehiagotan eraman izan dugu lekukoa goizeko 4 edo 5etan gure ikastolak erositako kilometroetan... orduan, jakina, gazteagoak ginen!'-, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Araba euskaraz. Denetarik eta denetan lanean! Izan ere, aurtengo Korrika izan da han galdu dudan lehenengoa”.

Pasaiatik Los Toldosera

“Argentinar batekin ezkondu nintzen duela hiru urte zortzi urte Donostian berarekin bizi ondoren, eta bera Los Toldosekoa izanik, oso erraza da ulertzea nola iritsi nintzen hona... baina neronek ere Argentina ezagutu eta hemen bizitzeko gogo handia neukan, horrek ere bultzatu ninduen. Baina honako proiektuak gauzatzen hasi garen orduko, eta Los Toldoseko euskal etxe sortu berriko batzordekide izanda, barruan daramadan irakasle grina atera zait, eta berriro ari naiz bueltatzen nire hasierara: euskara irakaslea izatera”.

“Bestalde, nire senarra, Enrike Iparragirre Cepeda, Mendozako Euskal Etxeko idazkaria izan zen hiru urtez eta, beraz, zerbait banekien euskal diasporari buruz. Duela sei urte, lehenengo aldiz Argentinara etorri nintzenean kontaktu zuzena izan nuen eta orain ere hor ari naiz, hemengo euskal gizataldearekin”. 

“Guretzat ikastola eta euskara mundua militantzia izan dira”, adierazi digu Ane Egiak Los Toldos-etik bere jardunbideari atzera begira. Orain, militantzia horrekin jarraitzekotan da baina Atlantikoaren bestaldetik. “Euskara eskolak martxoaren 20an hasi dira euskal etxean eta jendea oso animatua ikusten dut. Nahiz eta mantso ibili, kontuan izan behar da esaerak adierazten duena: ‘hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik’. Eta hemen ere lekua egingo dio euskarari. Ni oso baikorra naiz euskararekin eta uste dut laster ikasleekin hitz egiteko aukera izango dudala”, esaten du, itxaropenez beteta, Los Toldoseko euskara irakasleak.



Komentarioak

  • Aurrera!

    Gustura irakurtu dut artikulua. Ane: lan baliosa egiten ahal duzu, gauza handia da zu bezalako jendea, zuzenean Euskal Herritik etorria, atxikia eta atxikimendu hori obratu eta lanean ezar-arazi nahi duena ukaitea euskal etxe batean Argentina barnealdean. Atxik indarra eta bana euskara eta euskaldungoa Oroimenean-eko jendearekin. Emigrazio gehiago ez den (edo eskas den) garai honetan, harribitxia zara euskal etxe batendako. Agiantza hoberenak zuretako. Biba zu!

    Martin, 2013/04/03 23:07

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia