euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aholku Batzordearen bilera atzo Gasteizen eta Omenaldia gaur Covid-19ak Diasporan eragindako biktimak gogoan

2022/01/19

Aholku Batzordearen atzoko bilerak zuzeneko partaideak izan zituen gehienbat baina baita telematikoki bertaratu zirenak ere
Aholku Batzordearen atzoko bilerak zuzeneko partaideak izan zituen gehienbat baina baita telematikoki bertaratu zirenak ere

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Legealdi honetako bigarren bilkura egin zuen atzo Gasteizen Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak. Urkullu lehendakaria buru, eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez koordinatzaile, Jaurlaritzako hainbat sailetako eta euskal erakunde eta elkarteetako ordezkariek hartu zuten parte, tartean Euskal Etxeetako ordezkari diren Arantza Anitua (Argentina), Unai Lauzirika (Alemania) eta Jean Flesher (AEB).

Bileraren hasieran egindako hitzetan Urkullu Lehendakariak pandemia ekarri zuen gogora eta denbora honetan hildako pertsonak eta euren senitartekoak. Pandemiak mundu osoan arlo askotan sortutako testuinguru konplikatua aipatu zuen, Euskadi eta kanpoko euskal komunitateak hortik at geratzen ez direla. Hori guztia hala izanik, Jaurlaritzaren lankidetzarako delibero irmoa azpimarratu zuen, oharturik kanpoko euskal komunitatea zinez ari dela lanean ekimen eta lotura horiei gogor eustearren.

"Elkar hartuta gaude eta etorkizuneko bidea elkarrekin egiteko gogoa eta borondatea mantentzen ditugu", adierazi zuen, adibidetzat ipiniz azken urtean abian jarritako ekimenak edo euren oinarriak, tartean “Euskadi Basque Country 2025“ Nazioarteko Esparru Estrategia, “2025 Kanpo Harremanetarako Plana”, Euskal Diasporaren Graduondokoa, “Han-Hemen” ekinbidea, Lege berri bat adosteko lehen hausnarketa, edo Diasporan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko ekimenak, azaldu zuen.

Omenaldia gaur Covid-19aren Diasporako biktimei

Covid-19ak Diasporan eragindako biktimak "beti izango ditugu gogoan" gehitu zuen Urkulluk. Izan ere, gaur asteazkena ekitaldia antolatu du 13:00etan Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Sempervirens parkean lore eskaintza bat eginez pandemiak Kanpoko Euskal Komunitatean eragindako biktimak gogoratzeko. Marian Elorza eta Gorka Alvarez-ekin batera partaide izango dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Euskal Etxeetako ordezkariak, txistulari banda baten musikapean.


Jaurlaritzak banatutako bideoa Lehendakariaren hitzekin 00' 47'' minututik aurrera



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia