euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa 2009 Nafarroa sariduna, Ekuadorreko indigenen alde egin lanagatik

2009/01/21

Epaimahaiburua, Migel Indurain; Maria Isabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako kontseilari nafarra, eta Alfonso Garcia Liberal, Caja Laboraleko Nafarroako zuzendaria
Epaimahaiburua, Migel Indurain; Maria Isabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako kontseilari nafarra, eta Alfonso Garcia Liberal, Caja Laboraleko Nafarroako zuzendaria

PUBLIZITATEA

Aguaricoko (Ekuador) Bikariotza Apostolikoak (Kaputxinoen misioa) irabazi du Elkartasunaren Nazioarteko VIII. "Nafarroa" Saria, zortzigarren urtez Nafarroako Gobernuak eta Euskadiko Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak sustatutakoa. Ekuadorreko indigenen alde egindako lanarengatik eman diote saria, hain zuzen ere 1953az geroztik herrialde horretako ekialdean egiten ari den lanarengatik. Berrogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Aguaricoko Bikariotza oihanean ezarri zenetik, eta harrezkero mugako lana egin izan du; egoera desegokian, muga-mugan, bazterretik, ahulenak babestuz, ahotsik ez dutenen ahotsa izaten saiatuz, azpimarratu du Nafarroako Gobernuak ohar batean. Sariak 31.000 euro, Jorge Oteizaren 'Arri Ernai Zaintzailea' izeneko eskulturaren kopia bat eta diploma dakartza.

Iruñea-Pamplona, Nafarroa. Migel Indurain kirolaria buru zuen epaimahaiak nabarmendu nahi izan du Bikariotzak Ekuadorreko herri indigenen alde garatutako ahalegina, tartean baso-soiltze arazoei ekin, eta ingurumenaren kutsadura eta giza eskubideen urraketaren arloetan gogor jardun izana, bereziki aipatuz oro har, ahaztuta dauden eskualdeetako ekuadortarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimenei sostengua ematen egindako lana.

Bikariotzak hartutako konpromiso horren atalak dira baita ere hezkuntza; osasuna; turismo ekimenak; herri indigenetako kultura, historia eta hizkuntza berreskuratzeko jarduerak; argitalpenak; Ekuadorko egoerari buruzko eztabaida guneak; edo Cocako kultur etxea.

Ahulenen aldeko lana gailentzea

Lehenengoz 2002ean eman zen sari honen xedea, pertsonek, elkarteek zein gobernuz kanpoko erakunde eta entitateek egoera txarrean dauden gizarte sektoreen eta herrialdeen alde borondatez egindako lana aintzat hartzea da, lan horren berri emanez eta gizartea lan horren garrantziaren gainean sentsibilizatuz.

Epaimahaikide eta Nafarroako Gobernuko Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilaria den Maria Isabel Garcia Malok, Foru Komunitateak elkartasunaren alorrean egiten duen ahalegian azpimarratu ondoren, Sari honek bere orain arteko edizioetan izan dituen saridunak aipatu nahi izan zituen, lehenengo edizioko Muhammad Yunusi edo “txiroen banku gizona” abiapuntu. Bigarrena, berriz, Karitateko Ahizpa Misiolariek jaso zuten, Kalkutako Teresak sortu zuen kongregazioak.

Hautagaiak aurkeztea, erraza

Hirugarren urteko irabazlea Errefuxiatuen aldeko Zerbitzu Jesuita izan zen; laugarrena, UNASO, Ugandan Hiesaren aurka borrokatzeko erakundeen sarea; bosgarrenean, “Fe y Alegría” (Fedea eta Poza) Nazioarteko Federazioa; seigarrenean, San Joan Jainkoarenaren Anaiak, mundu osoko gaixoak eta behartsuak jaso eta artatzen dituen ordena; eta iaz, Mama Samateh Saidy eta Wassu Gambia Kafo GKEa, emakumezkoen ernaltze organoen ebaketaren aurkako borrokarengatik.

Bederatzigarren edizioa deitu gabe badago ere, esan daiteke edozein herrialdetan legez dabilen edozein elkartek aurkez dezakeela hautagairik orain arte urtero banatu izan den sari honetara (ikus, dena den, aurtengo oinarriak). Kontuan hartuko dira hautagaiak (entitatea edo pertsona) gizarteko edozein geruzaren aldeko (haur, gazte, heldu eta adinekoak) programetan lanean eman duen denbora, hautagaiak egindako lanaren garrantzia; eta entitateak dituen boluntarioak. Lankidetza programetako helburuen lorpenerako egindako ekarpena ere kontuan hartzen dute, eta baita etorkizunean proiektuari jarraipena emateko aukera ere.

Lotura interesgarriak

Sariari buruzko xehetasunak (gaztelania hutsean)
www.premionavarra.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia