euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguneko mezuak: Udalbiltzako lehendakariak bideoa zuzendu dio Diasporari; ilusiorako deia egin du FEVAk

2015/04/03

Aberri Eguneko mezu berezia zuzendu die munduko euskaldunei Mertxe Aizpurua buru duen Udalbiltzak
Aberri Eguneko mezu berezia zuzendu die munduko euskaldunei Mertxe Aizpurua buru duen Udalbiltzak

PUBLIZITATEA

Aberri Eguneko mezuak iritsi zaizkio EuskalKultura.com-i Diaspora haintzakotzat harturik. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hautetsiak biltzen dituen Udalbiltza erakunde nazionalak adierazi digunez, elkarteko buru den Mertxe Aizpurua Diasporako euskaldunei zuzendu zaie bideoz Aberri Eguna dela-eta, ospakizun honekin bat egitea deituz "nonahi daudela ere". Bestalde, FEVAk eta munduko beste hainbat euskal elkartek mezu edo deiak plazaratu dituzte, ilusioz eta gogoz parte hartzera deituz.

Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko eta Diasporako mezuek bat egin dute Aberri Egunari alaitasunez, gogoz eta ilusioz ekiteko deiturik. Teknologia berriak baliatuz, Mertxe Aizpurua buru duen Udabiltza udal erakundeak munduko euskal etxe eta elkarteetara igorri duen bideoa helarazi digu. Bertan "emozioak eta sentimenduak pizten duen hitzordu honetan" partaidetzarako deia egiten du, "bakoitzak nahi duen erara", erakutsiz "herri bat, nazio bat garela eta euskal herritar bezala bizitzeko eskubidea dugula".


Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruaren mezua 2015eko Aberri Eguna kari

Bideoan [egin klik lerro hauen gaineko irudian], Usurbilgo alkate den Aizpuruak gogora ekartzen du bera buru den erakundeak Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ia 1.500 hautetsi biltzen dituela, horien artean 183 alkate, baietsiz hiru administrazioren mepe egonik, "batzuk desitxuratuta nahi duten herria dela gurea" eta herritarrei dagokiela "Aturritik Ebroraino barne-muinetan daramagun Zazpiak Bat leloa errealitate bihurtzea".  Iaz La Platako Euskal Aste argentinarrean partaide izan zen Aizpuruak, Diasporak, "zortzigarren herrialde eta zabal" horrek, Euskal Herriari eginiko ekarria aipatuz bukatzen du mezua, aldarrikatuz "lau haizeetara barreiatutako euskal komunitatea ere behar dugula gure herria eraikitzeko", "guztion elkarlana" eta "elkarren arteko harremanak eta ekarpenak behar ditugu(la) gure herrriaren etorkizuna marrazteko", "urratsez urrats Euskal Herria eraiki" eta "aurrera egin dezagun".

Asko izan dira Aberri Eguna kari mundu osoko euskal etxe eta elkarteetatik jaso ditugun hitzordu eta deiak, ia zerrendaezinak (esanguratsuenak baino ez ditugu bildu ahal izan agendara, gure ahalak murritzak baitira). Asko izan dira baita ere, publizitate handirik gabe maila lokalean antolatu diren elkarretaratzeak Diasporaren geografia zabalaren baitan. Eta ospakizun seinalatu honi dagokionez, behar da esan Diasporaren kasuan, soilik euskal etxeen multzo batek ospatzen duela Aberri Eguna Euskal Herriko datan, Berpizkunde igandearekin batera, eta ugari direla Aberriaren Eguna astebete edo bi geroago ospatzen dutenak, herri edo herrialde bakoitzean finkatutako ohitura berezien arabera.

FEVAren Aberri Eguneko mezua

Huts egiten ez duena urtero Aberri Eguneko mezua plazaratzen FEVA Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna da. Aurtengoan ere tenorean igorri du euskal nazioaren festa kari idatzi ohi duen mezua, federazioko Hugo Andizabal lehendakaria eta Javier Ederra idazkaria sinatzaile; azpimarratuz Sabino Aranak egin ekarpena "Euskotarren aberria Euskadi da" baitetsi zuenean eta axioma hori kale aldarrikapen bilakatu zenean 1932an antolatutako lehenengo Aberri Egunean, arazo eta zailtasun guztien gainetik gerlari, jazarkundeei eta erbesteari aurre eginez, Diasporan sua elikatuta, gaurko egunera arte "euskaldun guztien ospagai bihurtuta", "ilusioz, Euskal Herrian, Argentinan eta mundu osoan".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia