2012/05/31

Bihar ostirala hasiko da La Plata hirian larruzko pala modalitateko ‘Aaron Sehter’ pilota txapelketa. Buenos Aires probintziako Pilota Federazioak –FPPBA- eta Argentinako Pilota Federazioak -CAP- antolaturik, lehiaketak nazio osoko pilotari onenak bilduko ditu eta entrenatzeko aukera bikaina izango da Munduko Txapelketan aurkeztuko diren Argentinako selekzioko pilotarientzat. Arratsaldeko 4etan, La Platako Euzko Etxean hasiko den lehia hiru datatan burutuko da, horietako hurrena uztailaren 28a Venado Tuerton eta hondarrekoa abuztuaren 18a, berriro La Platan bertan.
Gehiago irakurri...
2012/05/30

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Gaztemundu trebakuntza programaren 2012ko edizioaren deialdia. Egitasmo honen baitan euskal etxeetako 20 gaztek Euskal Herrian trebatzeko aukera izango dute. Aurtengoan programa irailaren 3tik 14a bitartean egingo da eta gaia euskara eta euskal etxeetan euskera irakaskuntza izango da. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30ean bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2012/05/30

Argentinan jaio eta hazitako euskalduna da Veronica Domingo gaztea, eltze askotako burruntzalia. Euskarari dion maitasun sendoak bultzatuta, Euskal Herrian bizi denez geroztik Mintzalaguna izeneko egitasmoan hizkuntza praktikatzen lagundu dio makina bat bertako euskara ikasleri. Hori dela eta, aurtengo Mintza Egunean saria jaso du Veronicak. Atzera begira, harriduraz gogoratzen du Argentinan euskara ikasteko egin zuen ahalegina eta militantzia; horregatik ezin du ulertu Euskal Herrian hizkuntza eskura izan eta ikasten ez saiatzea. Izan ere, Veronicarentzat euskara "familia da". Berarekin mintzatu da EuskalKultura.com.
Gehiago irakurri...
2012/05/30

Iragan astean aipatzen genuenez, Uruguaiko Posta Zuzendaritza Nazionalak bat egin du Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxea ospatzen ari den Mendeurrenarekin eta izan ere zigilu berezi bat plazaratuz egin du, efemeridea bildurik. Daniel Pereyrari zor zaion diseinuaren 15.000 ale atera dira, horierariko bakoitza 37 pesoko balioduna. Zigiluak pilota jokoa (hain zuzen ere jai-alai edo zesta-punta) erakusten du ezkerreko irudian, eta horren ondoan Gernikako Arbola eta Juntetxea. Horiekin honako hitzak: "Institución de Confraternidad Vasca Euskal Erria 1912-2012" eta ikurrin bat, barnean zigiluaren prezioa duela, 37 peso uruguaitar.
Gehiago irakurri...
2012/05/30

Maiatzaren 19tik 22ra Argentinako Cuyo eskualdea bisitatu zuten Ricardo Basterra FEVAko lehendakariak eta erakundeko idazkari Marta Abarrategui-k. Andeen magaleko probintzietara egindako bidaian hiru euskal etxetako kideekin elkartu ziren FEVAko ordezkariak, esan nahi baita San Juango Eusko Etxea, Mendozako Denak Bat eta General Alvear-eko Atuelko Euskotarrak euskal etxekoekin. San Juan hirian, gainera, buruzagientzako urteko lehenengo prestakuntza tailerra eman zuen Ricardo Basterrak. Bestalde, datorren larunbatean, ekainaren 2an, euskal etxeen bilkura gauzatuko du FEVAk Chascomusen. Bihar da azkeneko eguna bazkari/afarietako lekuak baieztatu eta parte hartu nahi dutenek informazio hori adieraz dezaten.
Gehiago irakurri...
2012/05/29

Etxepare Euskal Institutuak eta Paueko Unibertsitateak Euskara eta Euskal Kulturako irakurletza sortuko dute datorren urtean. Unibertsitate frantziarraren antolaketa dela eta lehenbailehen hautatu behar da ikastaroa zuzenduko duen irakurlea eta Etxeparek presazko deialdia argitaratu zuen atzo. 2012-2013 ikasturterako hautatuko du Euskal Institutuak irakurlea, 2013-2014 ikasturtera luzatzeko aukerarekin. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 4an, datorren astelehenean, amaituko da.
Gehiago irakurri...
2012/05/29

Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia sarean eta doain kontsultagai ipini ditu Eusko Jaurlaritzak bere webgunean. Kultura saileko Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak euskaldunen eta munduan euskara ikasten ari direnen eskuragarri ipini du paperean lehenengo aldiz hurrenez hurren 1991ean eta 1999an atera ziren bi produktuok, ondoren eguneraketa egin eta 2001ean liburuki berriak atera baziren ere. Gogora ekarri behar da aurten bertan Jaurlaritzak Lur Hiztegiko eta Entziklopediako 11.000 artikulu egokitu zituela, Wikipedia medio sareratzeko.
Gehiago irakurri...
2012/05/29

Pariseko Different! zinemaldiaren barruan bi euskal luzemetraia erakutsiko dituzte aste honetan Parisen. Bata, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien "80 egunean" filma izango da eta larunbatean aurkeztuko dute Nouveau Latina aretoan. Goenaga eta Itziar Aizpuru aktorea izango dira bertan. Aurre-estreinaldia izango da emanaldia, izan ere, ekainaren 13an Frantziako zinemetan izango da ikusgai. Igandean, berriz, Telmo Esnal zuzendariaren "Urte berri on, amona!" komedia beltzaren txanda izango da. Zuzendaria bera eta Joseba Bengoetxea aktorea bertaratuko dira, filmari buruzko solasaldian parte hartzera.
Gehiago irakurri...
2012/05/28

Ekimen ugari ari da burutzen azken asteotan Mallorcako Artea Euskal Etxea: dantza ikastaroa, Athletic-en partidak ikusteko afariak, hiriko azokan standa jartzea.. Bereziki aipagarria da apiril hondarrean elkarteak gauzatu zuen barnetegia, lehen aldia zelako eta emaitza bikaina lortu zuelako. Euskal etxeko bi euskara taldeek elkarrekin ikasi eta elkar ezagutu ahal izan zuten ikastaro trinko honi esker eta, horrez gain, ordutegi arazoeangatik klaseetan parte hartzeko aukera ez daukaten bazkideek ere parte hartu ahal izan zuten. Datorren urtean esperientzia errepikatzeko asmoa du elkarteak.
Gehiago irakurri...
2012/05/28

Patagonia argentinarreko handienetako bat da Comodoro Rivadaviako euskal etxea. Are gehiago, laurogeita bederatzi urterekin, eskualdeko zaharrenetako bat ere bada Atlantikoari begira dagoen hiri honetako euskal erakundea. Zaharra bezain aktiboa da eta urtebetetze berria ospatzeko, instituzioa osatzen duten lagunei elkarretaratzeko deia egin zien egoitzako trinketean, eta hala egin zuten zuzendaritza batzordekideek, abesbatzako kantariek, dantzariek eta euren ahaideek. Aurreko hilabetean, buruzagitza berritzeko biltzarra gauzatua zuen euskal etxeak, lehendakari gisa Antonio Baztanek segitzen duelarik.
Gehiago irakurri...