euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zazpi sukaldari talde neurtu ziren La Platako Euzko Etxeak euskal etxeak antolatutako Paella Lehiaketan

2012/06/18

Zazpi talde aritu ziren ekainaren 8an La Platako Euzko Etxeko Paella Lehiaketan. Epaimahaikideek ez zuten erraz izan, eta horretarako irudiei erreparatzea besterik ez dago ulertzeko afera gustarria baina seriosa ere izan zela ohartzeko (argazkiaEE) Aurreko esperientzien arrakastak bultzaturik Paella Lehiaketaren edizio berri bat gauzatu zuten La Platako Euzko Etxea-ko lagunek joan den ekainaren 8an. Erakundeko berrehun bat kide bildu ziren etxeko Toki Alai aretora, Jorge Rifourcat eta Iñaki Aramayo Lazcano sukaldariek osatu epaimahaiaren erabakia itxarotera. Andreen Taldeak eskuratu zuen lehenengo saria. “Hala ere, esan beharra dago guztiak zeudela gustagarriak. Izan ere, guztiak bukatu ziren”, azaltzen dute antolatzaileek. Beste alde batetik, eta artikulu honen bidez, euskal etxeak ‘Aaron Sehter’ pilota txapelketaren emaitzen berri eman nahi du.

Gehiago irakurri...


Erakundea sortu zutenen amets bati ekingo diote Iparraldeko EEko kideek euskara ikastaro bat hasiz

2012/06/18

Iparraldeko Euskal Etxean euskara klaseak uztailaren 3an hasiko dira “Euskaldunen hizkuntza betidanik egon da Buenos Airesko Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxearen bihotzean. Erakundearen estatutuetara jotzen badugu, ikusiko dugu elkartea sortu zen urte berean euskaratu zituztela; garai hartan kide guztiak ziren euskaradunak eta izena emateko formularioak frantsesez zein euskaraz bete zitezkeen”, azaltzen du erakundeko idazkaria den Norma Rios-ek. Orain sustrai horietara bueltatzeko aukera bideratu dute Iparraldeko Euskal Etxeko kide eta lagunek. Uztailaren 3an euskara eta kulturari buruzko klaseak hasiko dira Moreno kaleko instituzioan, Euskaltzaleak-eko Teresa de Zavaleta irakaslearen ardurapean. Bi orduz astean behin izango dira eskolak, musu truke, eta “hizkuntzaren bidez, bizi bizirik dagoen herri baten kultura ezagutzea” dute helburu.

Gehiago irakurri...


"80 egunean" filme euskalduna Frantziako 25 zinematan da ikusgai, euskaraz eta frantses azpitituluekin

2012/06/15

"80 egunean" filmearen kartela frantsesez eta frantses komunikabideen kritika baikorrak Markak hausten ari da nazioartean "80 egunean" luzemetraia euskalduna eta aste honetan euskarazko filme batek sekula lortu ez duena atzeman du: Frantziako zinematan estreinatzea, jatorrizko bertsioan eta 25 aretotan. Epicentre banatzaile frantziarrak apustu sendoa egin du Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien filmearen alde eta Frantziako hiri nagusietan ikusgai da jada lana: Parisen, adibidez, sei zinematan ari dira ematen. Iparraldean Biarritzen, Donibanen eta Baionan ikusgai da. Frantzian zinema euskaraz ikusteko --eta harribitxi honetaz gozatzeko-- aukera aparta!

Gehiago irakurri...


Hirugarren erromeria igande honetan, Urkiolan, 'Oinak kantuz' disko berria aurkezten duen Aiko taldearen eskutik

2012/06/15

Aiko taldea bere heziketa lana egiten Euskal ohiko erromeriarako deia egin da igande honetarako Urkiolako santutegiaren ingurura, hain zuzen ere datorren asteko larunbatean, ekainaren 23an, San Juan bezperan, Durangon egingo den Dantzari Egunerako bidea prestatuz. Aurkeztu eta hezurmamitu eta praktikoki bideratuko dena ohiko moldeko dantzazaletasuna izango da, kasu honetan fruitu zahar/berri bat medio, ekitaldia antolatu duen Aiko Taldeak bere azken diskoa, 'Oinak kantuz' izenekoa, aireratu eta dantzagai ipiniko baitu. Helburua, jendeari dantzatzeko aukera ematea, 'betiko' aire eta moldeak lagun.

Gehiago irakurri...


Aro berria hasteko asmoz, Argentinan eta munduan hainbat euskal etxetan piztuko dituzte San Juan suak

2012/06/15

Necocheako dantzariek jantzi koloredunak jantzi zituzten iazko San Juan Gauean (argazkia Ecos Diario egunkaria) Euskal Herriko antzinako ohiturei jarraiki, Argentinako eta munduko hainbat euskal etxetan San Juan (edo Jondonane edo Donibane) Gaua ospatuko da datozen asteburuetan, suarekin lotutako ekitaldiak eginez. Ospakizuna suaren ondoan egoteko aitzaki ederra bihurtuko da –gogora dezagun hego hemisferioan San Juan gauarekin batera negua hasten dela- , eta bide batez, komunitate osoari Euskal Herriko kulturaren alderik koloredun eta magikoena erakusteko aukera paregabea ere izango da. Argentinan, hitzorduak asteburu honetan bertan hasiko dira, Necochean, eta datorren asteburuan jarraituko dute Buenos Aires hiriburuan eta Cañuelas-en. Azken ospakizuna, ekainaren 30ean izango da, Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat euskal etxe gaztearen eskutik. San Juan festak izango du baita ere ohiartzunik Mexiko Hiriko, Caracasko edo Madrilgo euskal etxeetan.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko hirietako kale eta txokoak ezagutzeko mugikorretarako aplikazioa egin du Euskomediak

2012/06/14

Donostia ezagutzen KulturMapp-en laguntzarekin: Igeldo gaur egun eta irudi zahar batean (argazkia EuskoMedia) KulturMapp izena du aplikazioak, doakoa da, eta momentuz Android sistemarako bertsioa bakarrik badago ere, aurki aurkeztuko da iPhone mugikorretarako bertsioa. Aplikazio honen bitartez telefono erabiltzaileek Euskal Herriko hiri eta kaleen mapa izateaz gain, bertan agertzen diren txokoetako historia eta kultur ondareari buruzko informazioa izango dute. KulturMapp-ek Euskal Herri osoko 175 interes gune baino gehiago biltzen ditu, eta 400 irudi inguru eskaintzen ditu.

Gehiago irakurri...


Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxea: atzeranzko kontua Mendeurreneko ospakizunekin hasteko

2012/06/14

2007ko Rosarioko Euskal Astea (argazkia EuskalKultura.com) Joan den urte hasieran ekin zioten Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeko kideek erakundearen Mendeurrenaren ospakizuna antolatzeari. Lan eta ahaleginak fruituak ematen hasiak dira eta jai erraldoiaren egitaraua aski findua eta zehaztua dago. Ekitaldien garrantziak, ordea, gizatalde euskaldunaren mugak gainditu ditu eta bai Santa Fe probintziak bai Rosario hiriak Mendeurrena probintziaren eta udalaren interesekoa izendatu dute. Datozen hilabetetan hamaika ekintza burutuko dira Zazpirak Bat-eko lagunen eskutik, tartean Euskal Aste Nazionala; hona Mendeurrenaren egitaraua.

Gehiago irakurri...


BasqueResearch.com-ek hamarkada bat bete du Euskal Herrian egiten den ikerketa mundura zabaltzen

2012/06/14

BasqueResearch.com webgunearen azala. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ditu. BasqueResearch.com webguneak bere lehenengo hamarkada bete du Euskal Herrian egiten diren ikerketen berri mundura zabalera hedatzen. Elhuyar Fundazioak sortutako ekimenak hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren erakusleiho izaten. Denbora honetan 8.000 albiste eta ekitaldi bildu eta zabaldu ditu. Basque Research-ek argitaratutako albisteak Eurekalert! webgunean ere zabaltzen dira, 2004an sinatutako hitzarmen bati esker. Science aldizkari ospetsua editatzen duen American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearen webgunea da Eurekalert!. Zabalkunde lan honi esker Euskal Herrian egiten den ikerketari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: The Times, New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN... Zorionak, eta hasteko beste hainbeste bete ditzazuela!

Gehiago irakurri...


Leonat Egiazabal: "Desezagutza handia dago Euskal Herrian Diasporari buruz, salbuespenak salbuespen"

2012/06/13

Leonat Egiazabal euskaldun uruguaitarra (argazkia El Pueblo de Salto egunkaria) Pertsona ezaguna da Leonat Egiazabal uruguaitarra Rio de la Platako herrialdeetan. Baita Euskal Herrian ere; Iparraldean bereziki, Diasporan sortua izanik gutxi baitira munduan euskara ikasteaz gain bere amatxiren amatxi jaio zen herria bisitatu eta izpirituz bertakotuta, euskara batuarekin batera, bertako baxenabarrera ikasi eta itsasoz bestalde mintzatzen dutenak. Graziana arra-arra-amatxi ortzaiztarra, bistan da, ez zuen ezagutu, baina Uruguaira pasatu ziren aitaren aldeko aitatxi-amatxik bai eman zioten ume zela euskal erreferentzia bat, Leonat-ek bere kontura landu, aberastu, edukiz eta ezagutzaz hornitu eta egun bere inguruan sustatu, zabaldu eta barreiatzen saiatzen dena. Duela gutxi Saltoko El Pueblo egunkariak elkarrizketa egin zion, eta EuskalKultura.com-ek, aitzaki edo estakuru hori baliatuta, orrialdeotara ekarri eta partekatu nahi izan du Diasporako lagun honen berri.

Gehiago irakurri...


Ipar Amerikako euskara irakasleak barnetegian ikastaro trinkoa ari dira egiten Boisen, larunbata arte

2012/06/13

Boiseko barnetegian parte hartzen ari diren irakasleak eta arduradunak, Boise State University-ko kanpusean (argazkia HABE) Iragan ekainaren 9an hasi zen Boisen Ipar Amerikako euskal etxeetako euskara irakasleen barnetegi berri bat. Bertan ari dira trebatzen Coloradotik, Chicagotik, San Frantziskotik, Renotik eta beste zenbait lekutik etorritako irakasleak. Urtean zehar internet bidezko ikastaroa jasotzen dute lagun hauek, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren barruan, eta urtean behin barnetegia egiten dute ikasitakoa praktikatzeko eta finkatzeko. Larunbatean bukatuko da aurtengoa. Bestalde, Izaskun Kortazar pertsona baten bila dabil uztailean Arantzazun (Gipuzkoan) antolatu duen barnetegirako taldea osatzeko. Uztailaren 2tik 14ra izango da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia