euskal diaspora eta kultura

2008/11/13
2008/11/13
Eder Montero bilbotarra eta bere emazte Alexandra Raij-ek New Yorkeko Tia Pol jatetxe ezaguna utzi eta abentura gastronomiko berri batean sartu dira buru belarri, Txikito tabernarekin. Lokal berria Manhattanen bertan dago eta Euskal Herriko pintxo eta txikito taberna tipiko bat bezala aurkezten dut bere arduradunek, baina New Yorkeko ukituarekin. 'Tia Poleko kartan espainiar gastronomia eskaintzen zen gehienbat eta guk Txikitorekin euskal gastronomia Mahanttanen ezagutzera eman nahi dugu’, azaldu dio EuskalKultura.com-i Monterok.
2008/11/12
2008/11/12
Badaramatza iada lau bat urte sarean. Zientzia, euskal literatura, historia eta arteei buruzko gurutzegramak, flash jokoak, beste erabiltzaileekin 'on-line' jokatzeko aukera ematen duten galdera jokoak --tartean munduko geografiari buruzko eta Euskal Herriko zuhaitzei buruzko galderen jokoak eta abilidade jokoak-- aurki daitezke bertan. Plazagunea enpresak sortutako webgune hau interneteko euskal erabiltzaileak entretenitzeko asmoarekin jaio zen eta azken urte honetan eguneko 300 bat bisita izaten ari da. Mundu osoko erabiltzaileak biltzen ditu, joku berean lagun bat baino gehiagok jokatzeko aukera eskaintzen baitu.
2008/11/12
Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleak Alemania aldera abiatuko dira ostiralean, asteburuan zehar bi eleberri aurkezteko Nürnberg eta Wiesbaden hirietan. Bira Bost Kultura taldeak eta Pahl-Rugenstein argitaletxeak antolatu dute. Argitaletxe honek euskal literatur lanak argitaratzen ditu alemanieraz, Zubiak izeneko bildumaren barruan. Iaz Urretabizkaiaren 'Kuaderno gorria' ('Das rote Heft', alemanieraz) eta Jimenezen 'Kilkerren hotsak' ('Der Lahm der Grillen', itzulita) argitaratu zituen. Iaz ere izan ziren bi egileak Alemanian euren lana aurkezten, eta alemaniar irakurleen harrera onak lagunduta, aurten ere zuzenean aurkezteko aukera izango dute.
2008/11/11
Zuzendaritza Batzordea berritu du Argentinan, La Pampa probintziako General Acha herriko 'Euzko Txokoa' Euskal Etxeak bere Urteko Ohiko Biltzarra egin ondotik. Bozken ondoren hautatua izan den Batzordeak Luis Alberto Obietak dauka buru, lehendakari legez, berarekin batera batzordekide daudela, besteak beste, Carlos José Ruiz, lehendakariorde; Daniel O. Fernandez, idazkari; eta Carlos Daniel Pastor, diruzain.
2008/11/11
Euren jarduna mundura zabaldu nahi duten euskal enpresek aholkulari bikainak izango dituzte bihar eta etzi Bilbon SPRIk (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua) egingo duen topaketan. Intergune du izena bilkura honek eta hirugarren edizio honetan SPRIk munduan zehar 51 herrialdeetan dituen aholkularitza eta sustatze bulegoetako arduradunak bertan izango dira, herrialde horietara zabaldu nahi duten enpresei aholkuak eta laguntza emateko asmoz.
2008/11/11
Joan den urriaren 30ean Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Saileko eta Argentinako Barne Saileko ordezkariek Lankidetza eta Asistentzia protokolo bat sinatu zuten Buenos Airesen, marko instituzional bat finkatuz ahalbidetzeko elkarrekiko asistentzia eta aholkularitza egitarauak euren jatorrizko herrialdeetan egin daitezkeen herritar prozesuetan beste herrialdean bizi diren euskal eta argentinar herritarrentzat. Buenos Airesetik, FEVA Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak deitu egin du sinatutakoari zabalkunde handiena emateko. Hona osorik protokoloaren testua.
2008/11/11
2008/11/10
Euskal Astean dantzak nagusi diren arren, beste proposamen kultural batzuk ere euren lekua eskuratzen ari dira azken urteetan. Argazki eta pintura erakusketak, pilota partidak, zinea, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak aipa ditzakegu horien artean. Aurten berri bat gehitu zaie: La Platako Euzko Etxeak antolatu zuen Abesbatzen Bilkura. Bost euskal etxeetako koruek hartu zuten partelehen bilkura honetan: Villa Mercedes, Tandil, Villa María, Rosario eta, jakina, La Platako anfitrioiak. Taldeek erakustaldi bikaina eskaini zuten eta bukatzeko denek elkarrekin kantatu zuten “Kinkirri kunkurru” abestia. “Zoritxarrez ez da horrelako topaketarik egiten euskal aste guztietan; gu, ordea, harro gaude abesbatzei lekua eman izanaz. Talde hauek lan gogorra egiten dute eta merezi dute euskal asteetan parte hartzea", azaldu zion EuskalKultura.com-i Maria Evangelina Bertolak, Euzko Etxeako abestabatzaren zuzendariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus