euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2015 Euskal Argentinar Asteko antolatzaile den Macachingo Euzko Alkartasunak ostatuen informazioa plazaratu du

2015/06/02

2015eko Macachingo Euskal Aste Nazionalaren logotipoa. Egilea Pablo Lucero Alvarez izan da
2015eko Macachingo Euskal Aste Nazionalaren logotipoa. Egilea Pablo Lucero Alvarez izan da

PUBLIZITATEA

Urriaren 26tik azaroaren 1aren bitartean izango da aurten Argentinako Euskal Aste Nazionala La Pampa probintzian eta irrika sumatzen da euskal gizataldean hogeita bat urteren ondotik Macachinera itzuliko delarik. EuskalKultura.com-ek Euzko Alkartasuna-ko arduradunekin hitz egin du eta informazioa pasatu digute zalantzak argitzeko. "Antolaketa ahalegin handi bat egiten ari gara, eta dudarik ez dugu etorriko den jende guztiari lekua egin, ostatua eman eta merezi duen tratu ona emango diogula", ziurtatu dute.

Macachin, Argentina. Hauteskunde arrazoiak medio lehenengo data aldatu eta behin betikoa finkatuta, urriaren 26tik azaroaren 1era garatuko da 2015eko Argentinako Euskal Aste Nazionala. Euzko Alkartasuna erakunde antolatzailea erabat murgilduta dabil prestaketetan eta nobedadeen artean jaiaren logotipoa erabaki eta plazaratzea, gizarte sareak ekitaldiaren inguruko kanpainako parte bihurtzea eta aloimenduari buruzko informazioa zabaltzea dira antolatzaileek, eurekin solasean, jakinarazi dizkiguten urratsa berriak. 

Ostatua

Ostatuaren eta lo egiteko lekuen gaia programatu bezala ari da bideratzen. Antolakuntza taldeko kide den Marigen Mugicak azaldu digunez, “dantzariak horretarako prestatu ditugun herriko eskoletan geratuko dira. Laguntzaileek eta oro har, helduek, familia-etxeetan izango dute ostatua. Badakigu hoteletan ez dela partaide guztientzako lekurik izango, baina herriko familiak prest daude euren etxeetan jendea jasotzeko. Hala ere, lortu ditugun lekuak agortuko balira, solastu gara inguruko herriekin eta partaide egin ditugu”.

Macachingo hotel hauetan topa daiteke oraindik ostatu, albiste hau idatzi dugunean:

-Paso del Sur Hotela: telefono zenbakia, +54 2953 452107
-Copahue Hotela: telefono zenbakia, +54 2954 15 684045
-Don Quijote Hotela: telefono zenbakia, +54 2953 452554
-Oasis Hotela: telefono zenbakia, +54 2953 452246 

Honekin lotuta, Euzko Alkartasuna-tik eskatzen diete euskal etxeei ahalik eta lasterren bidaltzea partaideen kopurua, antolatze lana errazte aldera. Beste alde batetik behar da esan Euzko Alkartasuna hotela ez dela hor agertzen eraikin osoa baitago erreserbatua dagoeneko.

Komunikatzeko aukerak

Teknologia berrien garaian esparru hori ere ari da lantzen Euzko Alkartasuna. Komunikazioa bideratzeko, Facebook-eko kontu bat sortu dute macachindarrek, Asociación Union Baska “Euzko Alkartasuna” izenpean. Bertan 2015eko Euskal Aste Nazionalaren berriak plazaratzeaz gain, euskal etxeari eta herriari buruzko informazio eta datuak ere eskainiko dira.

Twitter-en ere egongo da Macachingo Euskal Astea, eta aurkitu ahal izango da @SNVasca2015 kontuan (hau datorren astean jarriko da abian). Helbide elektronikoari dagokionez, galderak egiteko edota informazioa eskatzeko, hauxe da e-posta: centrovascoea@gmail.com.

Eusko Alkartasuna euskal etxeko lagunen mezua

Urteak pasatu dira Argentinako Aste Nazionala Macachinen egin zenetik –azkena, Macachin eta Santa Rosa herriek elkarrekin antolatua 1994. urtean izan zen, eta aurreagokoa, soilik Euzko Alkartasuna antolatzaile, hamar urte lehenago– eta oso argi daukate macachindarrek erronka handia izango dela.

“Beste hiri batzuetan ez bezala, Macachingo kasuan euskal etxea ezezik komunitate osoa izango da jaiko partaide eta hori ere azpimarratzekoa da. Herritarrak irrikan daude hitzordua noiz etorriko zain eta parez pare ari gara lanean”, adierazi du Mujicak. “Gure asmoa da euskal diaspora argentinarrak jakin dezan Macachin bizirik dagoela, izan genituen bolada txarrak iragana direla eta prest gaudela aurrera jarraitzeko. Berehalako asmoa Euskal Aste Nazional ederra prestatzea da, jendeak ondo baino hobeto pasatzeko eta horretarako lan handia ari gara egiten”.

Atzerako kontua hasia da jadanik eta begirada guztiak hor daude, Macachinen jarrita. “Euskal etxeak hasi behar dira honezkero euren bidaia prestatzen… guztiak etorri behar dira, danbor joleak, txistulariak, pilotariak, kirolariak… Euzko Alkartasuna-ko instalazioak prest egongo baitira guztiek goza dezaten”, proposatzen dute 2015eko Euskal Aste Nazionaleko antolatzaileek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia