euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Agenda rss

ETBko 'Vascos por el Mundo' saioa Boisen, Itxaso Uriarte, Jesus Alcelay, Asier Beldarrain, Henar Chico eta Oinkariekin

2022/05/15

Non: Boise, AEB

Hauxe da ETBk igande honetako Vascos por el Mundo saioaz zabaldu duen oharra:

"Vascos por el Mundo" saioak lehendakariaren mezu bat eramango du Boisera, 2025eko Jaialdi iragarriz

Bost urterik behin, 50.000-75.000 bat lagun biltzen ditu Jaialdiak bertan, Euskal Herritik kanpoko egin ohi den euskal kulturaren jaialdirik handienean. Aste honetako programak Boise erakutsiko digu, bertan bizi diren hainbat euskaldunen eskutik.

Maiatzaren 15eko "Vascos por el Mundo" saioak Boisera egingo du bisita, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren mezu bat eramango du bertara, 2025eko Jaialdia iragarriz. Igandean eskainiko da programa, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Euskal Herritik 8000 kilometrotara, euskal kultura bizi daiteke Idahon, euskal jatorria duten 7.000 bat pertsona bizi baitira Boisen. Euskal Etxea (Basque Center), euskal museoa, ikurrinekin jantzitako kaleak, euskal gastronomia oinarri duten jatetxeak, Ikastola… aurki daitezke Boisen, eta Korrikan parte hartzeko aukera ere badago. 1987tik Jaialdia ospatzen dute, Euskal Herritik kanpo egin ohi den euskal kulturaren jaialdirik handiena. Hala, Basque block auzoan milaka lagun biltzen dira dantza egiteko, abesteko, herri kiroletan aritzeko eta lagun zahar eta berriekin aurkitzeko. "Vascos por el Mundo" saioko Joana Etxabe kazetariak bertara egingo u bidaia, han bizi diren lau euskaldunen eskutik tokia ezagutzeko.

Itxaso Lorea Mungiako da, baina 14 urte daramatza Boisen. Berez, han jaio zen, baina hilabeteak zituela etorri zen Euskal Herrira eta 18 urterekin berriz itzuli. "VxM" saioko lantaldeari Boiseko Kapitolioa erakutsiko dio, eta bertan Idahoko estatuko gobernadorea ezagutuko dute. Programak Gernikako arbolaren hosto bat emango dio, Iñigo Urkullu lehendakariak bi herrien arteko adiskidetasun ikur gisa bidalitakoa. Azkenik, Oinkari dantza taldearen entseguak ikusiko dituzte bertan. Horrez gain, Euskal Museoan izango dira, Edurnerekin. Hark azalduko die Boiseko euskal arrastoaren eta oihartzunaren arrazoia. Gainera, "Gernikako arbola" doinuaren eta Gernikako arbolaren kimuaren irudia grabatuta dituen harria ere ikusiko dute. 

Jesús Alcelay, berriz, Oñatikoa da eta orain 47 urte iritsi zen Boisera, amodioak bultzatuta. Cottonwood Grille jatetxean egiten du lan, Executive Chef gisa, eta bertan ganbak kozinatuko ditu pil-pil erara. Ondoren, basque block-era joko dute, euskal izaeradun kalera. 800 bazkide baino gehiago dituen Basque Center ere bisitatuko dute, eta han proiektatuko dute Iñigo Urkullu lehendakariak igorritako mezua, 2025eko Jaialdia iragarriz.

Zornotzako Asier Beldarrainek zortzi hilabete daramatza Boisen, eta euskara irakasle lanetan dabil Ikastolan. Asierren eskutik, 1998an sortutako ikastetxea bisitatuko dute, eta baita 1914an Anduiza familiak eraikitako frontoia ere.

Azkenik, Ortuellako Henar Chicorekin izango da "Vascos por el Mundo". Henar ere maitasunak bultzatuta iritsi zen Boisera, duela 26 urte. Itzultzaile lanetan ari da enpresa batean, eta "VxM"ko lantaldea Table Rockera eramango du, Boisetik gertu dagoen mendira. Ur termal beroetan bainatuko dira.

"Vascos por el Mundo: Boise" igandean izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.

informazio gehiago



PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia