— Argentinarrak zarete, baina Euskal Herriarekin lotura duzue, ezta
Josetxu Astolfi: Gu Viedmakoak (Argentinako Río Negro probintziako hiriburua) gara eta Aberri Etxea euskal etxean ibiltzen gara. Ni dantza taldeko zuzendaria naiz.
Analia Zuntini: Ni ere zuzendaritza batzordeko kidea naiz, dantza taldearen ordezkari gisa. Haurrekin ere aritzen gara, eta komunikazioan ere bai. Lagunak bisitatzera eta gure euskal sustraiekin berriz elkartzera etorri gara hona.
JA: Gainera, iazko Tandilgo Euskal Astean harreman ona egin genuen han Zalakain ikuskizunarekin laguntzen ibili ziren Argia dantzari taldekoekin eta horrek ere animatu gintuen hona etortzera.
— Argentinako punta bateko eta besteko dantzariak elkartu eta denok elkarrekin Zalakain ikuskizuna plazaratzea nolakoa izan zen?
Ikuskizuna ezagutzen genuen, Urbeltzen lana izan da, era batera edo bestera, Argiaren ibilbidea eta bere lan egiteko modua jarraitzen baitugu. Horregatik segituan entusiasmatu gintuen Tandilekoek Euskal Asterako proposatu zuten iniziatibak. Bagenekien hasieratik lan erraza ez zela izango, baina denboraz garaiz hasi ginen eta bagenekien Argiatik beharko genuen laguntza ere hor egongo zela. Gero, dantza bakoitzak gestio ezberdina eskatzen zuen, zailtasun mailagatik, beharrezko dantzarien kopuruagatik, edota dantza taldeen bateratzeagatik. Kasu batzuetan distantziara, horrek dakarren guztiarekin. Ezberdina eta garrantzitsua izan zen, aldi berean. Eta gainera, beste urteetako formatuarekin alderatuta guztiz berria zen. Azkenean, dena konkretatu zenean balantzea oso positiboa izan zen orokorrean. Hazten laguntzen duten momentuak izan ziren, kalitateko saltoa ematekoak. Gure taldearentzat, aurrera begira pentsatuta, oso esperientzia ona izan zen, eta zentzu horretan urte honetan ere antzera pentsatu dugu eta beste bi talderekin koordinatuko gara Villa Marian egingo den Euskal Asterako.
— Baina ez da lehen aldia Euskal Herrian zaudetena, hala?
JA: Ez, biok etorri izan gara lehenago, Gaztemundu programarekin. Ni 2002an etorri nintzen. Orduan ezagutu genuen Oier Araolaza eta orain ere berekin jarri gara harremanetan. Dantza-irakasle aritu zitzaigun orduan. Ni Bahia Blancako euskal etxearen ordezkari gisa etorri nintzen; han bizi nintzen oraindik eta dantzaria ere banintzen. Oraingoan, lagunak bisitatzera etorri gara. Aspalditik etorri gabe geundenez eta Tandilgo Betirako taldekoak etortzekoak zirela jakin genuenez, haiekin bat egitea erabaki genuen. Sara Urbieta taldeko zuzendariarekin hitz egin genuen haiekin dantzatzeko aukera ote zegoen ikusteko, baita Oier Araolazarekin ere. Eta hemen gaude. Eskerrak Jainkoari hau guztia partekatzeko aukera dugulako.
— Eta ez zarete bakarrik etorri, ezta?
AZ: Gure seme-alabekin etorri gara: Francisco, 11 urtekoa, eta Leire, 8 urtekoa. Ni ere bere garaian amarekin etorri nintzen, 1994an. Ama Berakoa da, eta orduan bere familia guztia ezagutu genuen. Gero Gaztemundu programarekin etorri nintzen, 2007an, Gasteizera. Eta orain hirugarren aldia da.
— Sara Urbietak ere Gaztemundurekin etorri zela lehen aldiz kontatu zigun eta zuek ere biok hartu duzue parte programan. Eta hirurok dantzarekin oso lotuta, gainera.
AZ: Bai. Gure kasuan, egitasmoak emaitza eman du, ideia euskal etxearekin konprometituta dauden gazteek jarraipena ematea baita. Ia 20 urte urte dira parte hartu nuela, eta gaur egun euskal etxean jarraitzen dut, baita nire familiak ere.
JA: Gure kasuan, egia esan, fruituak eman ditu. Bahia Blancan dantzari nintzela etorri nintzen Euskal Herrira. Gaztemundu programari esker, tresna eta baliabide asko eraman nituen bueltan. Han, Bahia Blancako Union Vasca taldeko monitore izatera pasa nintzen. Gero, Viedmara bizitzera joan nintzenean, ez nuen dantzarekin jarraitzeko asmorik. Han esaten dugun bezala, ia alpargatak zintzilikatu genituen. Baina Viedman ere bazegoen euskal etxea, eta gauzak pixkanaka etorri ziren. Gaztemundun ikasitakoari esker, han eskolak ematen jarraitu nuen. Horrez gain, FEVAren —Federación de Entidades Vasco-Argentinas— bidez ere dantzarientzako eta monitoreentzako tailerrak ematen ditugu. Dantzari lotuta jarraitu dugu, bakoitzak bere euskal etxean aritu zenaz harago.
— Euskal etxeetan dantzak presentzia handia duela ikusten dugu.
AZ: Bai. Dantza da gure hiriko euskal komunitatearen jarduerei ikusgarritasun handiena ematen dien motorra edo elementua.
JA: Ikusgarriena da eta indar eragileak beti dira dantzariak eta dantza taldea. Gainerako jarduerekin lotuta daude beti, dela euskara, dela abesbatza, dela gastronomia... Eta hortik abiatuta, beti laguntzen dute. Esan bezala, taldea osatzea eta errepertorio jakin bat izatea lortzen denean, horrek aukera ematen du sortzen diren kultur eta jarduera sozial guztietan erakusteko.
— Noiz hasi zineten dantzan?
AZ: Ni gerora hasi nintzen. Gure euskal etxea, Viedmakoa, 1996an sortu zen. Euskal etxea inauguratu zenean, 1997an, dantza taldea sortu zen. Nire amak, Bahia Blancan dantzatzen zuen eta Viedmara joan zen bizitzera, eta gu hazi ondoren dantzari berriro ekin zion. Ni, beraz, 1997an hasi nintzen. Gero, Viedman unibertsitaterik ez zegoenez, Bahia Blancara joan nintzen ikastera, eta han berriro sartu nintzen Bahia Blancako Beti Aurrera dantza taldean. Han ezagutu nuen Josetxu.
— Beraz, dantzan ezagutu zineten?
AZ: Bai, bai. Eta Josetxuren aita nire amaren zuzendaria izan zen. Bahia Blancan ere elkarrekin dantzatu zuten. Historia lotuta bezala dago. Patuaren kontuak dira, tarteka agertzen diren horietakoak.
— Eta Josetxu, zu txikitatik hasi zinen dantzan, ezta?
JA: Bai, bai. Ia jaio nintzenetik dantzatzen dut. Lehen argazkian kalean eserita agertzen naiz, baserritar jantziarekin, eta hortxe eman nituen lehen pausoak txikiekin. Bahia Blancako Beti Aurreran ibili izan naiz gaztetxotatik, 75 urteko edo gehiagoko dantza taldea da. Nire aita ere zuzendaria izan zen urte askoan, 25 urtez. Nik ere zuzendari gisa jardun nuen taldeko ertainen mailan, 10 eta 15 urte arteko nerabeekin. Han oinarri bat egin nuen eta gero talde nagusira pasa nintzen. Han 10 edo 11 urte inguru egin nituen, Viedmara bizitzera joatea erabaki nuen arte.
— Eta gaur egun, zer presentzia du dantzak zuen bizitzan?
AZ: Egun osoa ematen dugu horretan. Oso lotuta gaude dantzarekin.
JA: Viedma leku txikia da, eta dantza garrantzitsua da. Dantzaren bidez bizi dugu asko. Gainera, euskal etxean arlo guztiekin lotzen da. Gure motorretako bat da, eta egun osoa ematen dugu entseatzen. Haurrekin ere badugu tailer bat, eta, beraz, ia denbora guztia dantzan, jantziekin... gabiltza.
AZ: Hainbat etapa izan ditugu. 2019 inguruan oso talde gaztea genuen, baina, esan bezala, Viedma hiri txikia da. Gaur egun unibertsitatea badago ere, gazteek alde egiten jarraitzen dute.
JA: 2019an, pandemiaren aurretik, talde polita genuen, egonkortzen ari zena eta etorkizunerako aukera asko zituena. Atzetik beste dantzari batzuk ere bazetozen, baina pandemiak dena eten zuen. Ordutik dantzari heltzeko modua ere aldatu zaigu. Talde hura zatitu eta galdu egin zen. Urte horietan gazteek adin jakin batera iritsi eta hiria utzi zuten ikasketengatik. Beraz, taldea berrasmatu eta ia hutsetik sortu behar izan genuen. Horretarako, metodologia desberdinak erabili genituen eta eskaintza ere zabaldu genuen: ez bakarrik gazteengana, baizik eta dantzan parte hartu nahi zuen edonorengana. Dantza inklusiboagoa eta ikuspegi integratzaileagoa lantzen hasi ginen. Horrek beste dantza mota batzuk eta integratzeko beste modu batzuk ezagutzeko aukera eman zigun. Zentzu horretan, oso baliagarria izan zitzaigun, eta dantzak euskal etxean eta bizi garen eskualdean duen presentzia ere handitu egin zuen. Pandemiatik aurrera asko nabaritu zen ezegonkortasuna, egoera gora beheratsua izan zen, baina zerbait positiboa ekarri zuen.
— Zuen seme-alabekin etorri zarete. Haiek ere dantzatuko dute, hala?
JA: Bai, denok dantzatzen dugu, laurok dantzatzen dugu. Euskal kulturako tailer bat dugu euskal etxean, eta hainbat tradizio lantzen dituzte: inauteriak, gastronomia, ipuinak, euskara, dantza... Txikitatik aritzen dira. 9-10 urtetik aurrera, berriz, dantza modu sendoagoan eta formazio ikuspegitik lantzen hasten dira.
— Zuen gurasoengandik jaso zenutena orain ondorengoei erakusten ari zarete.
AZ: Bai. Transmisioa ere tradizioa da.
JA: Guk normaltzat bizi dugu, eta haiek ere normaltzat bizi dute. Ia euskal etxean hazi dira. Ikusten duzue, orain ere gurekin daude entseguan, han ere hala ibiltzen dira bai helduen taldean, bai haurrenean. Familian bizi dugu.
AZ: Bai. Lagunak ere egiten dituzte eta beren talde propioa sortu dute, pertenentzia-talde bat. Horrek dinamika naturala izatea ere eragiten du.
— Eta egun hauetan ze asmo duzue Euskal Herrian?
JA: Ba Beasaingo Ezpata-dantzarien Egunean dantzatu Eibarko Kezka taldekoekin eta Tandilgo Betirakorekin, Donostiara joan Kontxako estropadak ikustera eta Iparraldera ere joango gara, Maule aldera. Tandilgo lagunei esker, Jean Bordaxarren tailer batean parte hartu genuen 2022an, eta orduan ezagutu genuen. Geroztik, harremana dugu berarekin. Iaz berriz elkartu ginen 2025eko Tandilgo Euskal Astean. Etorriko ginela esan genion, eta egun batzuk egingo ditugu berarekin. Ea tailerren bat edo dantzatzeko aukerarik baden. Gero Frantziako mahastietara joateko asmoa ere badugu, eta ondoren Euskal Herrira itzuliko gara lagunekin egoteko. Irekita gaude egin daitekeen guztira, beti ere dantzatik abiatuta. Baina lagunekin egoteko, lekuak bisitatzeko eta Euskal Herria gehiago ezagutzeko ere baditugu planak. Irailaren 28ra arte gaude hemen.
— Josetxu, esan didate Beasaingo Ezpata-dantzarien Egunean bereziki hunkituta ikusi zaituztela.
JA: Eguna bera eta aurreko guztia hunkigarriak izan da. Lehenik, Oier Araolazak Beasainen Arrateko ezpata-dantza Kezka taldearekin dantzatzeko gonbidapena luzatu zigunean, esan nionean Euskal Herrian egongo ginela familiarekin. Baita aurreko entseguak ere, Tandileko Betirako taldearekin eta Eibarko Kezkarekin; horiek ere une ederrak izan dira guretzat, guztiz integratuta sentitu baikara une oro. Eta Beasaingo Ezpata-dantzarien Egunak dena borobildu du. Guztiz beteta sentitu gara beasaindarrentzat horren momentu berezia dena guk ere bizitzean; ezpata-dantzaren historia ezagutzea, lekua, testuingurua, lagunekin disfrutatzea... Manu Irastorza kidea ere han zen dantzan, argentinarra bera ere, dantza tailerretan elkarrekin ibili izan gara, eta bera Aurtzakan ibilitakoa da. Egun garrantzitsuak izan dira, eta ilusio eta zoriontasun handiarekin bizi ditugu.
— Seme-alabentzat lehen aldia da hemen, ezta?
AZ: Bai, bai, lehen aldia da.
JA: Bai, aurtengoa berezia da familiarentzat. Guk han egiten ditugun tradizioak ezagutzen ari dira hemen. Musikak edota paisaiak ere ezagunak egin zaizkie lehen momentutik; euskal etxean koadroak eta argazkiak daudelako, eta tailerrak ere hemen ikusten ari diren gauza askoren ingurukoak izan ohi direlako. Beraz, berehala gertuko eta ezagun sentitu dute ikusten ari diren guztia.
Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


