euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zutarriak talde euskal argentinarrak ikus-entzunezko "Bagare" proiektua aurkeztuko du abuztuan Buenos Airesen

2017/07/07

'Zutarriak' taldea "Bagare" ikus-entzunezko irudi batean
'Zutarriak' taldea "Bagare" ikus-entzunezko irudi batean

PUBLIZITATEA

Errepertorioa handitzeko abesti berriak ari dira entseatzen egun hauetan ‘Zutarriak’ taldeko kideak; baina bitartean, esku artean dituzten proiektuak laster hasiko dira gauzatzen: esaterako, ‘Bagare’ ikus-entzunezko proiektua (bideoklipa) abuztuan aurkeztuko du Ignacio Esquiroz buru duen laukoteak, Majo Staffolani de Amorizak zuzendari eta Laurak Bat-en instalazioetan filmatuta. Taldearen lehenengo diskoa, berriz, 2018 erdialdean atera nahiko lukete.

Buenos Aires, Argentina. Urtebete eskas da taldea sortu zutela Ignacio Esquiroz (alboka eta ahotsa), Nicolas Iribarren (gitarra, pianoa eta koruak), Anabel Jaureguiberry (pandero eta perkusioa), eta Francisco Gandara (‘bombo legüero’, perkusioa eta koruak) musikariek. Une honetan, ‘Zutarriak’ taldea bi motatako jardueratan dago murgilduta. Batzuk barne lana dira eta taldearen errepertorioaren handitzeari daude lotuta; besteak, berriz, publikoari begira komunikazioa indartzea dute helburu.

Azken hauen artean, datorren abuztu erdialdean “Bagare” izeneko ikus-entzunezko lana aurkeztuko du taldeak Buenos Airesen. Ignacio Esquirozen esanetan, “nahiago dugu ‘ikus-entzunezko proiektua’ esatea eta ez ‘bideoklipa’; irabazteko asmorik gabeko lana da eta helburu bakarra euskal kultura zabaltzea du. Gontzal Mendibilen Bagare kantu ezagunaren interpretazioa da, Laurak Bat Euskal Etxeko egoitzan filmatua, Majo Staffolani de Amorizaren zuzendari”.

Lan aurkezteko egingo diren ekitaldietan bideoa estreinatuko da –gizarte sareetara igo aurretik– eta zuzendariak azalduko du nolako esperientzia izan den berarentzat proiektu honetan parte hartzea; eta bukatzeko, brindisarekin, kontzertu bat eskainiko die laukoteak proiektuaren babesle izan diren lagunei.

Euren lehenengo diskoa kaleratzeko lanetan ere ari dira musikari euskal argentinarrak. CDa datorren urtean nahiko lukete prest eta errepertorioari dagokionez, euskal abesti tradizionalak izango dira nagusi, beti nazioarteko eta Argentinako folklorearen marka eta izaera galdu gabe.

“Egun hauetan kantu berri batzuk entseatzen ari gara, ez aurrekoak baztertzeko baizik eta gure eskaintza handitzeko. Izugarri gustatzen zaigu musika tresna berriak probatzea eta interpretatzeko gure ahalmenak ikertzea”, adierazi dio EuskalKultura.com-i musika irakasleak.

Urtebetean asko hazi da ‘Zutarriak’ oholtza gainean eta baita sare sozialetan ere. “ Nahi duenak erraz topa ditzake taldeari buruzko informazioa, agenda, abestiak, bideoak eta argazkiak Facebook zein Instagram kontuetan eta baita gure weborrian ere (www.zutarriak.com). Gure kontaktua ere bertan dago, norbaitek deitu nahi baligu ekitaldiren batean parte hartzeko”, esatendigu Esquirozek.

Sareetan ikusten dena 2017an gertatutakoaren isla ere bada. Izan ere, oso balantze ona egiten dute musikariek orain artekoaz: "'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdiko kontzertua bikaina izan zen", irizten dio, "eta esker beroak eman nahi dizkiegu bai Laurak Bat-i, 140. Urteurren jaian parte hartzera gonbidatu gintuztelako, bai Euskaltzaleak-i, euskaltegiak antolatzen dituen Triki Poteoak oso era ederra direlako ondo pasatzeko euskal kultura zabaltzen. Beti da plazer handia gainera Mauro Telletxea, Joaquin Baña Barquin eta Ignacio Baña Barquin bezalako musikariekin jotzea”, baitesten du.

Hilean behin La Platako euskal irratsaioan

Ignacio Esquirozek gogora ekartzen du hilean behin euskal musika tresnei buruzko zutabe bat daukala La Platakpo Euskal Sustraiak irratsaion. Saioa Euzko Etxea-ko Lelio Sanchezek eta Andoni Echeverryk zuzentzen du Radio Alta Voz irratian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia