euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utah-ko Euskal Etxea 'Living Traditions' jaialdian partaide larunbatean eta igandean bere Urteroko Piknika egingo du

2021/06/24

PUBLIZITATEA

Salt Lake City, AEB. Asteburu lanpetua izango dute datorrena Salt Lake Cityn egoitza duen Utah-ko Euskal Etxeko kideek eta bertako Utah-ko Triskalariak dantza taldeko lagunek. Izan ere, gure agendan bildu dugun bezala, larunbatean, urtero partaide diren Taste of Living Traditions jaialdian arituko dira partaide, ohiko janari salmenta saltokia muntatuz eta dantza emanaldia eskainiz; eta igandean, berriz, euskal elkartearen Urteroko Piknika egingo dute, parkean bazkalduz, euskal-amerikar janariaz gozatuz eta haur eta helduek  lagunarte eta familia gioroko joko eta jolasak partekatuz.

Larunbateko hitzordua hiriko Washington Square-n izango da Living Traditions Festival jaialdiko programako parte, eta Utahko beste hainbat kultura eta naziotako elkarte eta erakundek bezala bertan zabalduko dute saltokia euskal etxeko kideek. Euskal dantza emanaldia, berriz, Triskalarien eskutik, bertako agertokietako batean gauzatuko da, hegoaldeko South Stage-n, 18:45etatik 19:15etara.

Igandean, bestelako leku, giro eta partaidetza, askoz bilduagoa eta elkarte mailakoa, Euskal Etxearen Urteroko Piknikaren eguna izango baita, kasu honetan hiriko Union Park Pabilioian. Eguerdian (12:00) meza, eta ondoren bazkari herrikoia, txuleta eta txorizoa aukeran, aurretik babarrunak, entsalada, ogia eta gazta, edaria norberak behar du eraman. Triskalariak-eko dantzariek emanaldi bat eskainiko dute, ferra norgehiagokak egingo dira, euskal oroigarriak salgai eta haurrentzako jokoak antolatuko dira belar gainean.

On egin Utah-ko EEko lagunak, eta igandean atseden apur bat hartu, merezi duzue-eta!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia