euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sanfermin giroa berotzen doaz Diasporan: kantu bat sortu dute Argentinan, parte hartzera gonbidatuz

2015/06/12

Sebastian Borrok eta Matias Fernadezek egindako bideoaren irudia
Sebastian Borrok eta Matias Fernadezek egindako bideoaren irudia

PUBLIZITATEA

Kanta Youtuben dago dagoeneko eta lau egun eskasetan hiru milatik gora bisita jaso ditu. Mezu eta kritikak ere jaso dituzte Argentinako nafar kolektibitateko Sebastian Borro eta Matias Fernandez egileek, batzuk onak, beste batzuk, ordea, gogorragoak. “Gure asmoa festarako kanta bat proposatzea izan da, besterik gabe”, aitortu digute gazte argentinarrek. Hala ere, bideoak mugak gainditu ditu eta Diario de Noticias de Navarra egunkariak hedatu du bere bertsio digitalean.

Mar del Plata, Argentina. Kantak oso melodia ezaguna dauka, Creedence Clearwater Revival taldearen Bad moon rissing abestiarena, baina baita iazko Nazioarteko Futbol Txapelketan Argentinan izugarrizko arrakasta izan zuen Brasil decime qué se siente (Brasil, esadazu zer sentitzen den) izenarekin ezagutu zenarena. Izan ere, 2014ko Futbol Txapelketaren baitan, abestia pil-pilean zegoenean bururatu zitzaien kanta asmatzea hurrenez hurren Mar del Platako eta Buenos Aires hiriburuko nafar etxeetako kide diren Sebastian Borro eta Matias Fernandez-i.

Borrok azaldu digunez, “iazko Bolivarreko San Fermin jairako bidean, autobusean gindoazela, buruan geneukan Matiasek eta biok Futbol Txapelketako abestia eta pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela letra aldatzea. Jolas moduan egin genuen, denbora pasatzeko. Aurten, Sanferminetarako hilabete baino gutxiago falta dela, beste pauso bat eman dugu eta karaoke moduko bideo bat egin dugu Internetera igotzeko. Abestia hor dago, beraz, nahi duenak abes dezan”.

Emandako urratsak, espero baino oihartzun handiagoa izan du eta Youtuben 3200 bisita baino gehiago lortu ditu bideoak. Horretaz aparte, posta elektroniko berezi bat jaso zuen bikoteak Nafarroatik; Noticias de Navarra egunkaritik kontaktuan jarri ziren gazte argentinarrekin bideoaren berri argitaratuko zutela jakinarazteko. “Zabalpenarekin batera, zorion agurrak baina kritikak ere iritsi dira”, aitortu du Borrok. “Batzuek kritika gogorrak egin dizkigute; baina guk argi dugu dibertitzeko dela, nahi izanez gero San Fermin jaietan abesteko", azaldu du (bideoa hemen)”.

Iritziak gorabehera, kanta gizarte sareetan dago entzungai eta dudarik gabe batek baino gehiagok aurkituko du bere burua melodia hau berriro ere marmarrean. Nolanahi ere, era original batean sartu gaituzte nafar argentinar kolektibitateko ordezkariek San Fermin giroan. Urtero bezala, Argentinako euskal eta nafar etxeetan ospatuko da Iruñeko jai nagusia, uztailean zehar eta programa anitz garatuz. Euskalkultura.com-eko hurrengo artikulu batean, ospakizunen programa osoa jakinaraziko dugu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia